(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Droga Mendekotasunaren Aurkako Foru Planak "Idatzi udako zure kanta!" lehiaketako sariak banatu ditu osteguna, 2008.eko azaroak 27

Lehiaketa aurtengo udan egin zuten, eta gazteek jaietan alkohola modu arduratsuan kontsumitu dezaten sustatzea izan zuen helburu


“Idatzi udako zure kanta!” kanpainaren irudia

“Idatzi udako zure kanta!” kanpainaren irudia.

Droga Mendekotasunaren Aurkako Foru Planeko arduradunek "Idatzi udako zure kanta!" lehiaketako sariak banatu dituzte, gaur eguerdian, Iruñeko "Fuerte el Príncipe" gazteentzako egoitzan. Lehiaketa aurtengo udan egin zuten, eta gazteek jaietan alkohola modu arduratsuan kontsumitu dezaten sustatzea izan zuen helburu. Horretarako, parte-hartzaileek abesti edo ahapaldi bateko hitzak idatzi behar izan zituzten, euskaraz edo gaztelaniaz, "udan alkoholarekin barregarri ez gelditzeko egin daitekeenari buruz".


Lehenengo saria, 16 GBko mp4 bat, Ainhoa Zabaleta Iribarrenek irabazi du, "Alkoholarekin kanta txarra lehiaketa" lanarengatik. Bigarren saria, 8 GBko mp4 bat, Iker Mariñelarena Cabezak irabazi du, "Seminario" lanarengatik. Eta azkenik, hirugarren saria, 4 GBko mp4 bat, Laura Sánchez Pérezek irabazi du, "Voy caminando por la vida" lanarengatik. Gainera, parte-hartzaile guztien artean 4 GBko bi mp4 zozketatu dituzte.


Sariak Fermín Castiella Lafuente Droga Mendekotasunaren Aurkako Foru Planaren zuzendari teknikoak banatu ditu, eta lehiaketako epaimahaikideak honako hauek izan dira: Sonia Méndez Garatea (Nafarroako Gazteria Kontseilua), Maite Ciganda San Martín (Hegoak elkartea), eta droga mendekotasunaren arloko hiru teknikari (Teresa Martínez Peñalba -Leitzako Eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea-, Jesús Enrique Recalde Yoldi - Noaingo Eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea- eta Abel Astrain Azcona -Droga Mendekotasunaren Aurkako Foru Plana-).


Lehiaketa udan egin zuten kanpaina baten osagarri izan da. Zehazki, kanpainaren leloa "¡Escribe tu canción del verano!/ Idatzi udako zure kanta!" izan zen, eta haren baitan 80.000 liburuxka (20.000, euskaraz, eta 60.000, gaztelaniaz) eta 3.000 kartel (1.500, euskaraz eta gaztelaniaz, eta 1.500, gaztelaniaz) argitaratu zituzten. Material horietan nerabe eta gazteen artean modan dauden abestien izenburuak eta jaietan alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko mezuak jarri zituzten.


Heziketa materialak 14-20 urteko gazteei begira egin zituzten, eta batik bat adingabeei begira; izan ere, adingabeek alkohola kontsumitzea debekatuta badago ere, %52,5ek tabernetan, %19,9k diskoteketan eta %22,5ek kalean edo gune publikoetan edan ohi dutela esaten dute.

Nafarroako gazteak eta alkohola


Nafarroako Gazteriaren eta Osasunaren 2007ko Inkestako datuen arabera, 14-29 urteko gazte gehienak (%83,0) 18 urte bete baino lehen hasi ziren alkohola edaten, batez beste 14,85 urterekin (gizonezkoak, 14,66 urterekin, eta emakumezkoak, 15,04 urterekin).


Azterketen arabera, gazteek asteburuetan edan ohi dute eta alkohol toxikazioak ohikoak izaten dira. 2007ko inkestaren arabera, gazteen %75,1 noiz edo noiz mozkortu dira (mutilen kasuan, %78,5, eta nesken kasuan, %71,8), eta %31,4 azkeneko hilabetean mozkortu dira (mutilen kasuan, %35,9, eta nesken kasuan, %27,1). Aditu batzuen arabera, gazteen artean alkohol kontsumoa areagotu izanaren arrazoiak honako hauek izan daitezke: alkohola eskuragarri egotea, alkohola merkaturatzeko eta sustatzeko kanpaina gogorrak, eta adinari lotutako autoritate harremanak eta tabuak ahuldu izana.


Beste substantzia psikoaktibo batzuen kasuan ez bezala, alkohola kontsumitzen hastearen eragile nagusiak ez dira pertsonalak (nortasun mota edo gizarte gaitasunak). Alkohola egunerokotasunaren parte den elementua da, komunitatean zein etxean, eta gainera, gizarteak gehien onartzen duen droga da; horixe bera da alkohol kontsumoaren eragile nagusia.


Nerabezaroa etapa arriskutsua da. Adin horretan garapen neurologikoa amaitu gabe dago, eta alkohola edateak ondorio kaltegarriak izan ditzake, garapen neurologiakoan ez ezik, baita harreman pertsonaletan, eskolako emaitzetan, eta jokabidean ere (indarkeria eta osasunerako arriskutsuak diren jokabideak, hala nola sexu harreman arriskutsuak edo alkoholaren eraginpean gidatzea). Nerabezaroan alkohola kontsumituz gero, gainera, heldutasunean alkohola neurriz kanpo edateko edo alkoholarekiko mendekotasuna izateko aukera handitu egiten da.


Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da nerabeek eta gazteek alkohola edan dezaten eragiten duten baldintzak ulertzea (baldintza sozialak zein adinari dagozkionak). Izan ere, adin horretan, pertsonen arteko harremanen testuingurua alkohol kontsumoaren aurrekari edo eragile nagusietako bat da. Indar gutxiago duten eragileak ere badaude, hala nola eskolako eta familiako gizarteratze bideekiko atseginik eza, baina adin horretan alkohol kontsumoaren bultzatzaile nagusia honako hau da: edatea taldeko ekintza dela, eta taldean integratzeko eta taldekideek onartzeko beharrak bultzatzen duela. Laburbilduz, gazteek alkohol kontsumoa justifikatzeko aipatzen dituzten arrazoi nagusiak bi dira: batetik, alkoholaren ustezko efektu atsegingarriak; eta bestetik, dibertsioa.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa