(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Corpas kontseilariak Espainiako Ardoaren Ibilbidea osatuko duen Nafarroako Ardoaren Ibilbidea aurkeztu du asteartea, 2008.eko abenduak 2

Erdialdeko Garapenerako Partzuergoak sustatutako produktu turistiko honek, gaur egun, bost begiratoki eta ardoaren paisaien adierazgarri diren hiru bide ditu


Begiratokia

Begiratokia ( irudia handitu )

Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilariak Nafarroako Ardoaren Ibilbidea aurkeztu du gaur. Erdialdeko Garapenerako Partzuergoak sustatutako proiektua da eta Nafarroako Gobernuaren babesa du. Informazio ekitaldian Carlos Erce Turismo zuzendari nagusia, María Carmen Ochoa Erdialdeko Garapenerako Partzuergoko presidente eta Erriberriko alkatea eta Cristina Bayona Partzuergoko teknikaria izan dira.


2004. urteaz geroztik, Kultura eta Turismo Departamentuak 508.989 euroko diru laguntza eman du proiektua martxan jartzeko, nola ohiko transferentzietarako, hala inbertsio gastuetarako. Diru laguntza hori bost begiratoki, hiru bide eta ibilbidearen seinaleztapena egiteko erabili da.

Nafarroako Ardoaren Ibilbideak, gaur egun, bost begiratoki eta ardoaren paisaien adierazgarri diren hiru bide ditu. Begiratokiak Uxuen, Miranda-Argan, Adiosen eta Larragan daude kokatuta; azkeneko horretan, bi daude. Bide adierazgarriak, berriz, Añorben, Erriberrin eta San Martin Unxen daude.


Seinaleztapenari dagokionez, ibilbidean zehar ongietorri seinaleak ikus daitezke hasierako gunean, eta horrez gain, ibilbideari dagozkion lekuetan, hainbat seinaleztapen agertzen dira. Era berean, ibilbideak barne hartzen dituen herriguneetan informazio seinaleak daude, baita norabide seinaleak ere errepideetan eta herriguneetan.


Nafarroako Ardoaren Ibilbidea Kultura eta Turismo Departamentuaren bi ekintza eremutan sartzen da: alde batetik, Produktu Turistikoak Garatzeko Planaren barruan, eta bestetik, Kalitate Planetan; kasu honetan, produktuaren kalitatean. Horrez gain, departamentuaren arabera, komenigarria da Ibilbide hori Komunitateko beste leku batzuetara hedatzea.


Ardoa baliabide turistiko gisa


Ardoak, baliabide turistiko gisa, garrantzi handiko inplikazioak ditu, berau sortzen den eskualdeen kulturan eta tradizio historikoan murgildutako elementu bat delako. Oso ezaugarri eta eskakizun espezifikoak dituen turismo merkatuko segmentua da.


Nafarroa Erdialdean 36 toki erakundek lan egiten dute 2004az geroztik, Ardoaren Ibilbidea produktu turistikoa sustatzeko eta finkatzeko. Programa honen erakunde kudeatzaile gisa, Eskualdeko Turismo Partzuergoak koordinatu du produktua, Nafarroako Gobernuaren lankidetzarekin. Horiekin batera, turismo sektoreko eta mahastizaintza eta ardogintza sektoreetako hainbat erakunde pribatuk eta enpresek hartu dute parte. Gaur egun, 51 erakunde dira tartean.


Proiektuaren helburua eskualdeko ardo tradizioa aprobetxatzea da, mahastizaintza, ardogintza, ostalaritza, gastronomia eta kultura jardueretan oinarritutako produktu turistiko osotu bat sortzeko, eta aldi berean, eskualdeko baliabide guztiak sustatzeko.


2006ko uztailaren 28an Turismoko Idazkaritza Nagusiaren ziurtagiria jaso zuen Nafarroa Erdialdeko Ardoaren Ibilbideak, Espainiako Ardoaren Ibilbidearen parte izateko. Hala, Espainiako Ardoaren Ibilbideen nazioarteko sustapen Klubean sartu zen. Besteak beste, mahastizaintza eta ardogintzako Rias Baixas, Somontano, Penedés, Mancha-Valdepeñas, Jumilla, Arabako Errioxa eta Montilla-Moriles eskualde garrantzitsuek osatzen dute kluba.


Gaur arte garatutako ekintzen artean, egoeraren diagnosia eta ondorengo ekintza planak landu dira; besteak beste, produktu turistikoaren artikulazioa eta sustapena. Informazio euskarri guztiak, markaren irudia, sustapen argitalpenak, trebatzeko bidaien antolaketa eta Nafarroako Ardoaren Ibilbidea Seinaleztatzeko Planaren diseinua hartzen ditu barne.


Erdialdeko Partzuergoa


Partzuergo aktibo eta dinamikoa da, eta bere helburu nagusia Nafarroako Ardoaren Ibilbidea da. Denbora asko darama proiektu honetan lanean. Horrez gain, turismoa sustatzeko eta dinamizatzeko plan bat garatzen ari da, turismo eta kultura jardueren Sare baten bitartez. 2005az geroztik, 569.150 euroko diru laguntza jaso du Nafarroako Gobernuaren aldetik, gerentziarako, funtzionamendu gastuetarako eta jardueren sarerako. 2003az geroztik, 922.000 euro jaso ditu, guztira.


Partzuergoak "Nafarroako Erresuma" Turismo Saria jaso du aurten, Toki Erakundeen, Partzuergoen eta Erakundeen modalitatean.

Dokumentazioa:
Video de la Rueda de Prensa
Audio de la Rueda de Prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa