(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Zergadunek 2008ko PFEZ aitorpenaren simulagailua kontsulta dezakete Gobernuaren webgunean ostirala, 2008.eko abenduak 5

Hurrengo urteko errenta aitorpenean aplikatuko den nobedadeen artean, 440 euroen neurria nabarmentzen da.


Nafarroako Ogasunak 2008ko PFEZ aitorpenerako simulagailu ofiziala txertatu du Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es). Aitorpena hurrengo urteko udaberrian aurkeztu beharko da, eta tresna honen helburua 2008a amaitu aurretik zergadunek erabaki fiskalak hartu ahal izatea da.


Programa informatiko honen bidez, errentaren gaineko zerga aitorpena egin ahal da, era anonimoan, eta aitortzailea eta Ogasuna lotetsi gabe.


Gogoratu behar da datorren urtean egingo den errenta aitorpenak nobedade garrantzitsuak izanen dituela. Horien artean 440 euroen neurria aplikatzea nabarmentzen da. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) Berrikuntza horrek kenkariak gehituko dizkie Nafarroako langile eta pentsiodunei, 440 eurora arte. Neurri horren aplikazioa mailakatua izanen da, hau da, errenta baxuenetan handiagoa izanen da.


Neurri hori aplikatzeko, lau errenta tarte antolatu dira (egungo hiru tarteen ordez):


-Lehenengo tartean 9.100 euro arteko etekin garbiak dituzten zergadunak sartzen dira. Egun duten 850 euroko kenkariei 440 euro gehituko zaizkie; beraz, 1.290 euro kenduko zaizkie, guztira.


-Bigarren tartean 9.100,01 eta 10.600 euro arteko etekin garbiak dituzten zergadunak sartzen dira. Zergadun horiei egungo kenkaria (850 eta 700 euro artekoa) hobetuko zaie, 440 eurorekin. Hala, 1.290 eta 1.140 euro artean kendu ahal izango dituzte, beren errentaren arabera.


-Hirugarren tarteak 10.600,01 eta 45.800 euro arteko etekin garbiak dituzten langileak hartzen ditu. Egungo 700 euroko kenkariaz gain, 1 eta 440 euro artean kendu ahal izango dituzte, beren errentaren arabera; hau da, kenkari berria 1.140 eta 701 euro artekoa izango da.


-Laugarren tartean 45.800 euro garbi baino gehiagoko etekinak dituzten langileak sartzen dira. Horiei egungo kenkaria mantenduko zaie: 700 euro.


Era berean, Ogasunak minusbaliotasunak dituzten langileen lan kenkariak hobetzea aurreikusi du. Beren egungo kenkaria 250 eurorekin handituko da.


Gutxi gorabeherako kalkuluen arabera, 35.000 zergadunek 440 eurora arteko hobekuntza izanen dute kenkarian. 189.000 nafarrek 1 eta 400 euro arteko hobekuntza izanen dute kenkarian; errenta maila handitu ahala, modu mailakatuan eta beheranzkoan. 13.159 pertsonek ez dute hobekuntzarik izango kenkarian, 45.800 euro baino gehiagoko etekin garbiak edukitzeagatik.


Horrez gain, errenta aitorpena aurkezteko muga igo egingo dela nabarmendu behar da. Egungo muga 9.700 eurokoa da eta 11.200 eurora arte igoko da. Ogasunak eginiko kalkuluen arabera, eta kenkari berriei esker, 15.000 pertsonek PFEZ ordaintzeari utziko diote.


Oro har, zergaren tarifaren %2ko deflaktazioa aplikatuko da. Horrela, KPIren gehitzeak ez du zerga ordainketaren gehitzea ekarriko. Horrek 463.259 zergaduni egingo die mesede.

Hobekuntzak etxebizitza gaietan eta hobekuntzak pentsiodunentzat eta genero indarkeriaren biktimentzat


Etxebizitzaren alokairurako hobekuntzei dagokienez, jabeek higiezinen kapitalaren etekin garbi positiboa %55 murrizteko eskubidea izanen dute (gaur egun 9.150 pertsonek aterako liokete etekina neurri horri, eta 2,5 milioi euroko kostua du). Gobernuak maizterrei ere lagunduko die, eta 900 eurora arte (egungo 600 euroen ordez) murriztu ahal izango dute, alokairuagatik. Zerga abantaila horri 4.950 pertsonek aterako diote etekina; hala, urtean 30.000 euroko errenta baino txikiago dutenei, edo familia unitatearen kasuan, 60.000 euro baino gutxiagoko errentak dituztenei lagunduko zaie.


Etxebizitza erosteko hobekuntza fiskalei dagokienez, zera nabarmendu behar da, ohiko etxebizitzaren inbertsioagatiko kenkarietan, familia ugaria izanez gero, kenkarirako eskubidea edukitzeko familia unitate fiskalaren baldintza desagertu egiten dela. Portzentajeak eta mugak mantendu egingo dira: familia ugarien kasuan, inbertitutako zenbatekoaren %30; banakako erosketaren kasuan, %15; eta baterako inbertsioaren kasuan (adinez txikiko bi seme-alaba dituen familia unitatea), %18. Banakako inbertsioaren kasuan, muga 9.015 eurokoa da, eta baterako inbertsioan berriz, 21.035 eurokoa.


Gainera, hobekuntza fiskalak egongo dira SOVIko pentsiodunentzat, zergadun horien alarguntza pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin berdinduko delako, jada Araubide Orokorrean alarguntza pentsioetarako ezarritako baldintza eta prozedura berdinekin. Neurri horrek 700 pertsonei eragingo die.


Bestalde, Gizarte Aurreikuspeneko Sistemei (pentsio planak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen aseguratuko planak eta mendekotasun aseguruak) eginiko ekarpenetan hobekuntzak aurreikusi dira. Hala, muga, oro har, 8.000 eurokoa izango da, eta 12.500 eurokoa, 50 urtetik gorakoentzat. Mendekotasun aseguruen kasuan, muga 10.000 euro artekoa da.


Azkenik, Nafarroako Gobernuak genero indarkeriaren biktimei emandako diru laguntzak salbuetsi egingo dira.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa