(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foru Komunitatea aitzindaria da gaixotasun zeliakoaren diagnosi goiztiarrean asteartea, 2008.eko abenduak 9

Halaxe adierazi dute Bideko Ama Birjina Ospitaleko Gastroenterologia eta Nutrizio Pediatrikoko unitateko profesionalek Gaixotasun Zeliakoari buruzko Lehenengo Biltzar Nazionalean


Bideko Ama Birjina Ospitaleko Gastroenterologia eta Nutrizio Pediatrikoko unitateko gaixotasun zeliakoaren gaineko ikerketa taldeak –erreferentziazko unitatea Nafarroan, gai honen gainean- bi txosten eman ditu Valladoliden egin berri den Gaixotasun Zeliakoari buruzko Lehen Biltzar Nazionalean. Komunikazio horietan gaixotasun horren diagnosi goiztiarrean Foru Komunitatea gaur egun aitzindaria dela eta Espainiako gainerako lekuetan baino kasu gehiago detektatzen direla ondorioztatzen da.


Aipatutako unitateko Sánchez-Valverde doktoreak azaldutakoaren arabera, antzemate goiztiar horren azalpena zera da, 1999an Nafarroako Lehen Mailako Arretak serologia izeneko proba sartu zuela zerbitzuen zorroan. Horren bitartez, gaixotasun zeliakoa diagnostika daiteke. Hala, arazo horren susmorik egonez gero, lehen mailako arretako medikuak proba hori eska dezake, gaixoa espezialista batengana zuzendu beharrik izan gabe. Hori ez da beste erkidego batzuetan gertatzen, eta halaxe adierazi da egin berri den biltzarrean. Aipatutako guztiagatik, 1980az geroztik 8 aldiz biderkatu da Foru Komunitatean zeliakia tasa.


Gainera, 1999 eta 2007 arteko denboraldia aztertuta, Lehen Mailako Arretatik proba horren eskaera nabarmen hazi dela ikusi da. Pediatria adinekoak eta helduak kontuan hartuta, hasieran 181 eskatu ziren, eta iaz, berriz, 2.651.


Sánchez-Valverde doktorearen arabera, susmoari begira –gaixotasun zeliakoa gaixotasun pediatriko eta digestio gaixotasun bat dela pentsatzeari utzi zaio- osasun zentroetako profesionalei analisi hori eskatzeko sentsibilizazio kanpaina egiteaz gain, gaur egun, gaixotasunaren ezohiko formak diagnostikatzen dira (lehen egiten ez zena). Gaur egun, "bilatu" egiten da, arrisku taldeak aztertuta (pertsona diabetikoak, Down sindromea dutenak…), eta horri esker, geroz eta gaixotasun zeliako kasu gehiago diagnostikatzen dira.


Horrela, Sánchez Valverde doktoreak zera adierazi du, Foru Komunitatean proba eskatzeko kontzientziazio egokia, kudeaketarako tresna egokiak eta profesional onak daudela.


Gaixotasun zeliakoa antzemateko protokoloa honako hau da: susmorik egonez gero (haurrengan edo helduengan), serologia eskatzen da. Positiboa izanez gero (antigorputz jakin baten presentzia agertzen da), hesteetako biopsia bat eskatzen da diagnosia egiteko. Gaixoari gaixotasunaren ezaugarrien gaineko informazioa ematen zaio eta Nafarroako Zeliakoen Elkartera zuzentzen zaio (gaur egun 800 kide inguru ditu), aholkularitza zabalagoa jaso dezan. Funtsean, har ditzakeen elikagaien zerrenda eta jarraitu beharreko dieta ematen zaizkio.

Gaixotasun zeliakoa


Gaixotasun zeliakoa pediatria adinean (15 urtera arte, gutxi gorabehera) gehien ematen den gaixotasun kronikoa da, eta Nafarroan 80 bat kasu berri diagnostikatzen dira urtero, aipatutako populazioaren sektorean. Hain zuzen, 120 haurretatik 1 zeliakoa izan ohi da.


Gaixotasun zeliakoa autoimmunea da (sistema immunologikoak gorputzari eragindakoa). Hainbat zerealek duten (batik bat, gariak, garagarrak, oloak eta zekaleak) gluten izeneko proteinaren jasanezintasunagatik hestearen parte bat handitu egiten da, eta tratamendu bakarra bizitza osoan glutenik gabeko dieta eraginkor bati jarraitzea da. Zuzenean zereal horiek ez jateaz gain, gogoratu behar da, elikagai askoren industria lanketan glutena erabiltzen dela lodigarri edo gelifikagarri gisa. Hori dela eta, beharrezkoa da gaixoak elikagaien murrizketa ondo ezagutzea.


Gaixotasun zeliakoa genetikoki aurretiko joera duen adin guztietako pertsonetan ematen den gaitza da. Gehienbat emakumezkoei eragiten die, haurtzarotik aurrera. Sintomen artean, beherako kronikoa, hazkuntzaren edo/eta haur garapenaren atzerapena eta nekea nabarmentzen dira. Dena dela, gerta daiteke sintoma horiek ez edukitzea (zeliakia "isila") edo beste modu batean agertzea (ezohiko zeliakia); kasu horietan, zailagoa izan ohi da gaixotasuna antzematea.


Diagnostikatu gabeko emakumezkoetan, gerta daiteke behin eta berriro abortuak edukitzea. Gaixotasunak indoeuropar populazioaren %1i eragiten die, nahiz eta nabarmenki azpi-diagnostikatutako gaixotasuna dela pentsatzen den.


Gaixotasunaren kausak nagusiki genetika eta ingurumen faktoreak dira. Hala, populazioaren %20-30ek gaixotasun zeliakoa izateko aurretiko joera duten arren, 100etik 1ek bakarrik garatzen du.


Azkenik, Sánchez Valverde doktoreak adierazitakoaren arabera, haurrak hobeto egokitzen dira gaixotasun zeliakoaren tratamendura (dieta), oraindik elikadura ohiturarik ez dutelako. Helduei, ordea, zailagoa egiten zaie ohitzea, oro har. Espezialistaren iritziz, beharrezkoa da medikuaren esanak betetzea, gaixotasunak sor ditzakeen arazoak saihesteko.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa