(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak gripeari aurrea hartzeko eta zaintzeko gomendioak eman ditu ostirala, 2008.eko abenduak 12

Ondoez gehien lehenengo hiru egunetan izaten da, gripea aktiboagoa izaten delako, eta sintomak, gutxienez, astebetez luzatzen dira


Gripea hotzikarekin, sukar handiarekin, muskuluetako minarekin, buruko minarekin eta ondoez orokorrarekin hasten da. Eztula, eztarriko mina, mukiak eta malko jarioa ere ager daitezke. Horrekin guztiarekin eta gripearekin lotutako beste hainbat gaien gainean aritu dira gaurko prentsaurrekoan Enrique Bernaola Iruñeko Bideko Ama Birjina Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko burua, Óscar Lecea Oinarrizko Osasuneko medikua eta Guillermina Marí erizaina. Besteak beste, gripeari aurrea hartzeaz eta gripea zaintzeaz jardun dute osasun adituek.


Ermitagañako Osasun Zentroan eginiko informazio ekitaldian azaldu dutenez, gripeak eragindako ondoeza lehenengo 2 edo 3 egunetan nabaritzen da gehien, gripea aktiboagoa delako. Osasun adituen arabera, ondoeza astebetez luzatzen da, gutxienez, eta gripea pairatzen duten gaixoak zaintzen ez badira gaixotasunak okerrera egin dezake. Okertze hori saihesteko, ordea, ez dago sendagairik. Gripe prozesuetan ahultasuna eta nekea oso ohikoak direla ere nabarmendu dute prentsaurrekoan. Horrek, ordea, ez omen du adituen beharra eskatzen.


Aurrea hartzea


Adituek adierazi dutenez, gripea eta hotzeria pertsona batek beste baten ondoan eztula egitean edo usin egitean transmititzen dira. Transmisioari aurrea hartzeko, erabili eta botatzeko musuzapi batean eztula egitea edo usin egitea, eta berehala botatzea gomendatzen da. Horrez gain, eskuak askotan garbitzea; beharrik izan gabe haurrak eta arazoak eduki ditzaketen pertsonak (zaharrak, gaixo kronikoak, pertsona immunodeprimituak) leku publikoetara eta aglomerazioetara ez eramatea; gripea duten gaixoengana ez hurbiltzea eta beren logela egunean hainbat aldiz aireztatzea; eta edalontzi edo mahai tresnak ez partekatzea gomendatzen da. Gaixotasuna zabal ez dadin, gripea duten haurrak eskolara ez joatea gomendatzen da.


Zainketa


Griperako ez dago sendabiderik eta antibiotikoek ez dute birusa tratatzeko balio. Osasun adituek nabarmendu dutenez, hobeto sentitzeko egin daitekeen gauzarik onena prozesuak iraun bitartean sintomak tratatzea da. Zentzu horretan, zera adierazi dute, oso garrantzitsua dela atseden hartzea, eroso egotea, likido asko edatea eta elikagai arinak jatea. Era berean, ez erretzea, kez beteriko lokaletan ez ibiltzea eta alkohola ez edatea gomendatzen da.


Tratamendu sintomatiko bezala, sukar kontrakoak (esaterako, parazetamola) har daitezke, betiere, erabilera orrian adierazitako jarraibideei jarraituta. Izan ere, mota horretako sendagaiek gripeari atxikitako ondoez guztiak arintzen dituzte. 16 urtetik beherako haurrengan aspirina ez erabiltzea gomendatzen da, Reye sindromea garatzeko arriskua dutelako. Edozein zalantza edukiz gero, osasun zentroko erizainari kontsultatzea gomendatzen da.


Osasun Zentrora noiz joan


 Espezialisten arabera, osasun zentrora haurdun dauden emakumeek eta bular emaileek, haurrek, zaharrek eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek joan behar dute, batik bat. Haurdun dauden emakumeek osasun zentrora joan beharko dute odolusteak edo likido galtzeak dituztenean, haurrak mugitzeari uzten dionean edo ohi baino uzkurdura gehiago edukitzean. Bular emaileen kasuan, ez diote esnea emateari utzi behar. Haurrei dagokienez, osasun zentrora joan beharko dute arnasa hartzeko zailtasunak dituztenean, elikagaiak ukatzen dituztenean, azalean erupzioak agertzen zaizkienean edo gripe prozesuak hasieran onera egin arren bat-batean okerrera egiten duenean. Helduei eta zaharrei dagokienez, 72 orduz sukar altua edukitzean, arnasa hartzeko zailtasuna edukitzean edo aire falta sentitzean, bularrean edo saihetsean mina edukitzean, nahasmendua izatean, buruko min bizia edukitzean, gonbitoak eta azaleko orbanak edukitzean edo ondoez orokorra sendagaiekin arintzen ez denean joan behar dute medikura. Deshidratazio sintomak dituzten pertsonek ere kontu izan behar dute, batik bat, zaharren kasuan.


Azkenik, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek arreta izan behar dute deskonpentsazioekin, esaterako, diabetea, bronkitisa, asma, giltzurrunetako gaixotasuna edo defentsak murrizten dizkien beste edozein gaixotasun dutenek.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa