(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

2009-2012ko Tokiko Inbertsioen Planak 233,3 milioi euroko aurrekontua du, eta 2009ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean asteazkena, 2008.eko abenduak 17

Plana Salanueva kontseilariak aurkeztu du gaur, Tuteran, Erriberako berrogei ordezkari baino gehiagoren aurrean


Amelia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak 2009-2012ko Tokiko Inbertsioen Plana azaldu du gaur, Nafarroako Erriberako berrogei ordezkari baino gehiagoren aurrean, eta adierazi duenez, planak 233,3 milioi euroko aurrekontua du. Kontseilariaz gain, Pedro Pegenaute Garde Toki Administrazioko Departamentuko zuzendari nagusia eta Toki Administrazioko zerbitzu zuzendariak ere bildu dira ekitaldira, eta Salanuevak Inbertsio Planeko berritasunak eta aurrerapausoak azaldu ditu (orain arteko Azpiegitura Planekin alderatuz gero). Bilera Tuterako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UHUN) egin dute.


2009-2012ko Tokiko Inbertsioen Plana 2009ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, eta 233,3 milioi euroko aurrekontua izanen du, honela banatuta: 56,2 milioi €, 2009an; 57,6 milioi €, 2010ean; 59 milioi €, 2011n; eta 60,5 milioi €, 2012an.


Zenbateko horiei esker, Nafarroako toki entitateek hobekuntzak egiten jarraitu ahal izanen dute datozen urteetan; hots, inbertsio publikoak egin ahal izanen dituzte krisia arintzeko.


Tokiko Inbertsioen Planak Toki Araubidearen Foru Batzordearen aldeko txostena jaso zuen (Nafarroako Gobernuaz gain, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa ere aipaturiko batzordeko kide da). Tokiko Inbertsioen Planak zenbait berritasun ditu orain arteko Azpiegitura Planekin alderatuz gero; izan ere, azkeneko urteetan Nafarroako egoera nabarmen hobetu da oinarrizko azpiegitura eta zerbitzuei dagokienez, eta hobekuntza horri esker, testuetan kontu-sail berriak, laguntza gehiago eta aldagai berriak sartu ahal izan dituzte.


Hala, egindako aldaketen onuradun nagusiak herri txikiak izanen dira, Foru Komunitatean lurralde oreka erdieste aldera (Nafarroako Gobernuaren helburua azkeneko urteetan). Gainera, toki entitateek askatasuna izanen dute dagozkien kontu-sailetako batzuk non inbertitu nahi dituzten erabakitzeko; izan ere, hobekuntzak finantzaketaren zein autonomiaren arloan egin daitezkeela uste du Nafarroako Gobernuak.


Horrela bada, Inbertsioen Planak eutsi eginen die, batetik, plan zuzentzaileei (presio handiko ur hornidura, ibai eta erreken arazketa eta hondakinen bilketa eta tratamendua), eta bestetik, toki programazioko inbertsioei (presio txikiko ur hornidura, sareak, argiztapena, zolaberritze lanak, udal eraikinak, bideak eta hilerriak), gisa horretako esku-hartzeak egin ahal izateko, Nafarroa osoan.


Berritasun nagusia honako hau da: udal eta kontzejuek kontu-sail bat izanen dute erabakitzen dituzten inbertsioak egiteko. Toki erakundeek babes handia eman diote kontu-sail horri, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioaren bidez. 2009-2012 aldian, hain zuzen, 40 milioi euroko zuzkidura izanen du aipaturiko kontu-sailak, eta udal eta kontzeju guztiek nahi dituzten inbertsioak egin ahal izanen dituzte, datozen 4 urteetan, jasotzen duten zenbatekoarekin. Zentzu horretan, gutxieneko zenbatekoak ezarri dituzte: kontzejuek gutxienez 1.000 euro jasoko dituzte, eta udalek, berriz, gutxienez 3.000 €.


Udal eta kontzeju bakoitzak jasoko duen zenbatekoa eta azpiegituren egoera indizeak (hornidura, argiztapena eta zolaberritzea) jendaurrean jarri zituzten, Inbertsio Planaren Legea onartu zutenean.


Azkenik, berritasun gisa, zeharbideetarako kontu-saila sortu dute, hobekuntzak koordinatuta egin ahal izateko (Toki Administrazioko Departamentua eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua).


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa