(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Jatetxe bat eta energia berriztagarriak erabiltzen dituen kale argi bat 2008ko Berrikuntzako Detektibeen Lehiaketako irabazleak ostirala, 2008.eko abenduak 19

Nafarroako Gobernuak Berrikuntzako Detektibeen V. Lehiaketako sariak banatu ditu. Aurtengo lehiaketan Nafarroako Unibertsitate Publikoko 17 ikaslek parte hartu dute, eta guztira 10 lan aurkeztu dituzte.


Berrikuntzako Detektibeen Lehiaketa

Berrikuntzako Detektibeen Lehiaketa. ( irudia handitu )

Sariak banatzeko ekitaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin dute, eta honako hauek bildu dira bertara: José Domingo Idígoras Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroko (CEIN) Ekintzaileen Arloko zuzendaria, Cristina Arcaya Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enpleguaren eta Trebakuntzaren Behatokiko zuzendaria, David Benito Teknologia Elektronikoaren Arloko irakaslea eta Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategiko (LUCE) kolaboratzailea, eta Ainhoa Ruiz unibertsitateko ekintzailea eta "En positivo" enpresaren sustatzailea.


"Berrikuntzako Detektibeak" lehiaketa Nafarroako Gobernuak antolatzen du, CEIN sozietate publikoaren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren laguntzarekin. Unibertsitate munduari begira antolatzen duten lehiaketa da (ikasleak, lizentziatu berriak -azkeneko hiru urteetakoak-, irakasleak), Nafarroan ideia berritzaile bat abiatu nahi dutenei begira antolatutako lehiaketa, eta unibertsitateko kideen artean ekintzailetza espiritua eta berrikuntza sustatzea eta negozio ideia berriak lortzea du xede.


"Berrikuntzako Detektibeak 2008" lehiaketako parte-hartzaileek, banaka edo taldeka (hiru kide gehienez), berritzailea den enpresa bat aurkitu behar izan dute, honako bi baldintza hauek betetzen dituen enpresa bat: batetik, Nafarroatik kanpo jardutea; eta bestetik, zuzendari gisa unibertsitateko tituluren bat duen lagun bat izatea (gutxienez ere). Enpresa aukeratu ondoren, parte-hartzaileek honako hauek aztertu behar izan dituzte: enpresa Nafarroako merkatura nola egokituko litzatekeen, eta enpresak izanen lituzkeen bezeroak eta lehiakideak. Gainera, aurkitutako enpresekin berritzaile izateko erabilitako ekimena eta sormena modu berezian hartu dituzte aintzat (enpresak Nafarroako merkatura egokitzeko zein enpresei beste elementu bereizgarriren bat emateko ekimena eta sormena).


Lanik onenaren saria (Wii bat) Myriam Ayerra Eusarentzat izan da, "Fast Good" enpresarengatik. Janari lasterreko jatetxeen frankizia da, eta Gabriela Burgiok eta Ferrán Adriák jarri dute abian. Epaimahaiak enpresarekin berritzaile izateko ikerketa eta analisi prozesua hartu du kontuan (dekorazioa eta giroa, jakien prestaketa, osagaiak, edo zerbitzua). Myriam Ayerrak, gainera, enpresak Nafarroan izanen lituzkeen bezeroak eta lehiakideak aztertu ditu, eta Foru Komunitatean "berrikuntza berritzeko" proposamenak egin ditu (Nafarroako jaki tipikoak erabiltzea edo jakiak etxez etxe banatzea).


Ideiarik sortzaileenaren saria (PDA bat), berriz, Leyre Acosta Santamaríarentzat izan da, "Panasonic Canadá" enpresarengatik (multinazionalak Kanadan duen egoitza). Bertan, energia berriztagarriekin zerikusia duten produktuak lantzen dituzte, eta Leyre Acostak kale argi hibrido bat proposatu du, hain zuzen. Eguzki eta haize energia erabil ditzakeen kale argia da (eguzki panelak eta turbinak ditu horretarako), eta ez du sare elektrikoari lotzeko beharrik. Energia aurrezpenaren eta ingurumenaren arloko produktu berritzailea da, negozio ideien iturri izan daitekeen ekimena.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa