(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Catalán kontseilariak eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko presidenteak adingabeak telebistaren aurrean babesteko araudia aurkeztu dute asteazkena, 2009.eko urtarrilak 21

Foru Dekretuan adingabeen eskubideak, programazio printzipioak, programen kalifikazioa eta seinaleak, babestutako ordutegia, eta telebista kateetarako debekuak bildu dituzte


Alberto Catalán Higueras Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilariak adingabeak telebistaren aurrean babesteko mekanismoen araudia aurkeztu du. Foru Dekretua urtarrilaren 19ko (astelehena) bilkuran onartu zuen Nafarroako Gobernuak, hain zuzen, eta informazio ekitaldira Ramón Bultó Llevat Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko presidentea ere bildu da (2006ko ekainean lehenengo proposamena egin zuen erakundeko presidentea).


Adingabeak telebistako programazioaren, publizitatearen eta beste zerbitzu batzuen aurrean babestea du xede arauak, bi lege hauei jarraiki: Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea; eta haurrak eta nerabeak sustatu, artatu eta babesteko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea .

Adingabeak telebistaren aurrean babesteko mekanismoak arautzen dituen testuak honako atal hauek ditu: zioen azalpena, sei kapitulu, hogei artikulu, xedapen gehigarri bat, eta azken xedapen bat. Zioen azalpenean Estatuko zein nazioarteko legedian adingabeei babes juridikoa emateko esparru egoki baten beharra azaldu dute (gizarteko esparru guztietara eta ikus-entzunezko komunikazio guztietara zabaldu daitekeen babesa).


Foru Dekretua Nafarroako mugak gainditzen ez dituzten telebista zerbitzuetan aplikatuko dute, esparru zabalagoko hedabideek Nafarroarako egindako zerbitzuak barne. Eskubideen babesari dagokionez, adingabeen eskubideak bildu dituzte araudian. Honako hauek, besteak beste: ohorerako eskubidea, pertsonen eta familien intimitaterako eskubidea, nork bere irudia izateko eskubidea, eta garapen mailaren araberako informazioa (egiazkoa, askotarikoa eta konstituzioko printzipioak errespetatzen dituena) bilatu, jaso eta erabiltzeko eskubidea.


Araudiak programazioari buruzko kapitulu bat du, eta bertan honako hauek bildu dituzte: programazio printzipioak haurrak eta nerabeak babesteko betebeharraren arabera; Nafarroako Herri Administrazioen betebeharrak adingabeak babesteko eta berdintasuna, elkartasuna eta gainerakoekiko begirunea sustatzeko; eta telebista kateetarako debekuak, adingabeen garapen fisiko, mental edo moralari kalterik ez egiteko, eta gorrotoa, mespretxua edo bereizkeria ez sustatzeko jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo gainerako baldintza pertsonal eta sozialak tarteko.


Kalifikazioa, seinaleak eta programazio ordutegiak


Programen kalifikazioa eta seinaleak ere arautu dituzte, eta hala, Foru Dekretuan xedatu dutenari jarraiki, programak adinaren arabera kalifikatu beharko dituzte: adin guztietarako, ez gomendatua 7 urtetik beherakoentzat, ez gomendatua 13 urtetik beherakoentzat, ez gomendatua 18 urtetik beherakoentzat, X programa, eta bereziki gomendatua haurrentzat (aukerako kalifikazioa). Gainera, ikusteko eta entzuteko moduko seinaleak jarri beharko dira, ikusleek jakin ahal izateko edukiak adingabeentzat egokiak ote diren (baita informazio programetan ere). Testuan informazio orokorrerako eskubidea azpimarratu dute, ikusleek programen edo filmen kalifikazioa aldez aurretik (nahikoa denborarekin) jakite aldera, eta baita informazio osagarrirako eskubidea ere, adingabeen gurasoek edo arduradunek eduki desegokiak saiheste aldera. Programak kalifikatzeko irizpideak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak emanen ditu ezagutzera.


Programazio ordutegiei dagokienez, araudiak ordutegi babestua (6:00etatik 22:00etara), babes sendotuko ordutegia (7:30etik 9:00etara, 13:30etik 14:30era, eta 17:00etatik 20:00etara lanegunetan; eta 8:00etatik 12:00etara larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan), eta gaueko ordutegia (22:00etatik biharamuneko 6:00etara) bereizten ditu. Ordutegi bakoitzak berezko mugak ditu programa, film eta sustapenetarako.


Publizitatearen aurreko babesa


Adingabeak publizitatearen aurrean babestea ere aurreikusten du Foru Dekretuak. Araudiaren arabera, telebistako publizitateak ez du izan beharko adingabeei kalte morala edo fisikoa eragin diezaiekeen irudirik edo mezurik. Gainera, telebistako publizitateak, salmentek eta babesak uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeko xedapenak bete beharko dituzte. Telebistako publizitateak eta salmentek errespetatu beharreko printzipioak ere bildu dituzte araudian. Honako hauek, besteak beste: adingabeen eskarmentu falta eta sineskortasuna ez aprobetxatzea; jostailuen kasuan ez engainatzea; eta berdintasuna, askotarikotasuna eta estereotiporik eza errespetatzea emakumeen eta gizonen artean.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Video de la Rueda de Prensa
Audio de la Rueda de Prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa