(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"Zurekin barre egin, ez zure bizkar", Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako bizikidetza hobetzeko kanpaina berria osteguna, 2009.eko urtarrilak 22

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko kontseilariak Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako bizikidetza hobetzeko hirugarren kanpaina aurkeztu du, "Zurekin barre egin, ez zure bizkar"/"Reírme contigo, nunca de ti" lelopeko kanpaina. Kanpainaren bidez legealdi honetan ere ahaleginak egin nahi dituzte prebentzioaren arloan, jakina delako haur eta gazteekin egindako prebentzio jarduerak eraginkorrak izaten direla.


Kanpainaren helburuak honako hauek dira: ikasleei gatazkak konpontzen erakustea, begirunean oinarrituta eta irudimenezko erantzunen eta hitzen bidez; ikasleei jasankorrak izaten eta indarkeria saihesten erakustea, bizikidetzako gatazka guztietan; ikasleei gatazkak konpontzeko gaitasun handiagoa izaten erakustea. Horretarako, oinarrizko gaitasunak (gaitasun soziala eta herritartasun gaitasuna), autonomia eta ekimen pertsonala, kausazko eta ondoriozko pentsaera, ikuspegia, helburuak erdiesteko bideen erabilera, eta ordezko pentsaera landuko dituzte.


Kanpainarako bederatzi ipuin eta beste hainbeste gidaliburu didaktiko diseinatu dituzte. Bukaera txarra edo ez oso ona duten kontakizunak dira, bukaera bidegabea, tristea, bortitza edo osatugabea duten kontakizunak. Hala, ikasleek istorioak amaitzeko modu hobeak proposatu ditzakete, bizikidetzan, begirunean eta laguntzeko nahian oinarrituta.


Kanpaina ikasgeletako lanaren bidez ere landuko dute, 57.200 ikaslerekin (19.700 ikasle, Haur Hezkuntzakoak (3-5), eta 37.500 ikasle, Lehen Hezkuntzakoak).


Kanpainako material guztiak honako hauek dira: hamaika ipuineko liburu bat, gidaliburu didaktiko bat unitate bakoitzeko, eta horma-irudi bana ipuin bakoitzerako (ipuinaren gaiaren araberakoa).


Ikasturte bakoitzean gai hauek landuko dituzte: berdinen arteko lankidetza, adeitasun arauak, ados jartzeko beharra, gatazken konponketa bakean oinarrituta, sentimenduak, laguntza, interesik gabeko laguntza, arazoak konpontzeko aukerak, eskubide berdintasuna, lankidetza, enpatia, eta elkarbizitza.


Honako gai hauek ere aztertuko dituzte: lehia auzoan, hirian eta komunitatean; laneko giro onaren eta adiskidetasunaren beharra; pertsona guztien arteko integrazioa; balio-urritasuna; artapena; berdinen arteko artapen egiturak; parte-hartzea; ideien eta sentimenduen komunikazioa; begirunea eta duintasuna; eskola jazarpena; elkartasuna; bazterketa; elkarrizketaren garrantzia; pertsona guztien arteko integrazioa, jatorria gorabehera; eta bestelako pertsona eta ohiturekiko begirunea.


Materialak gaztelaniaz argitaratuko dituzte, eta honako webgune hauetan euskaraz ere egonen dira, irakasleek eta ahaideek erabiltzeko: http://educacion.pnte.cfnavarra.es/portal/Informacion+de+Interes/Asesoria+para+la+Convivencia/Profesorado eta http://educacion.pnte.cfnavarra.es/portal/Informazio+interesgarria/Bizikidetzarako+aholkularitza/Irakasleak?languageId=6


Bizikidetzari buruzko datuak


2007ko uztailetik 2008ko urtarrilera bitarteko datuak eta 2008ko uztailetik 2009ko urtarrilera bitartekoak alderatuz gero:


2007ko uztailetik 2008ko urtarrilera bitarte, Hezkuntza Departamentuko Bizikidetza Aholkularitzak 67 eskaera jaso zituen, eta 2008ko uztailetik 2009ko urtarrilaren 16ra bitarte, berriz, 79 eskaera. Beraz, eskaera kopurua %17,9 handitu da.


Jazarpenarekin zerikusia duten eskaera kopuruari dagokienez, %17,24 handitu da (2007ko uztailetik 2008ko urtarrilera, 29 eskaera; eta 2008ko uztailetik 2009ko urtarrilera, 34 eskaera).


Aldiz, esku-hartzerik behar izan duten kasuen kopurua %32,35 txikitu da (2007ko uztailetik 2008ko urtarrilera, 34 kasu; eta 2008ko uztailetik 2009ko urtarrilera, 23 kasu).


Beraz, kontsulta gehiago egiten dituztela baina kontsulta larrien kopurua nabarmen txikitu dela ondoriozta dezakegu (Bizikidetza Aholkularitzako arduradunek saio batetik gora egin behar izaten dutenean, kontsulta larria dela esaten da). Horrela bada, prebentzio kontsultak dira gora egin dutenak.


Bestalde, kasu gehienak ikastetxeetan bertan konpontzen dituzte, eta Bizikidetza Aholkularitzak aditzera eman duenez, ikastetxeak Bizikidetza Planak edo urteko zehazpenak lantzen ari diren hilabeteetan (irailetik azarora) kontsulta kopurua handitu egiten da, %42 (36tik 61era). Beraz, gaiak prebentzioaren ikuspuntutik aztertzen direnean kontsulta gehiago egiten dituzte, eta horixe bera da kanpainaren oinarrizko helburua: prebentzioa.


Bizikidetza Aholkularitzaren arabera, adierazleok honako hau islatzen dute: ikastetxeak ahalegin gehiago egiten hasi direla prebentzioaren arloan (esku hartu aurretik), konponketaren arloan baino.


Kontsultak egiteko telefono zenbakia (doakoa) 900 848 551 (Acoso/Jazarpena) da, eta posta elektronikoko helbidea, berriz, convive@navarra.es.

Dokumentazioa:
Ver esta rueda de prensa
Escuchar esta nota de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa