(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz presidentea Pennsylvaniako gobernadorearekin bildu zen atzo, energia berriztagarriei buruz hitz egiteko osteguna, 2009.eko urtarrilak 22

Nafarroako ardoaren festan ere parte hartu zuen Miguel Sanzek, New Yorken


Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidentea Edward G. Rendell Pennsylvaniako Estatuko gobernadorearekin bildu zen atzo, energia berriztagarriei buruz hitz egiteko. Izan ere, gobernadorearen bigarren agintaldiko helburu nagusietako bat energia berriztagarrien garapena izanen da. Estatu Batuetako Nafarroaren V. Astean parte hartzen ari den ordezkaritza instituzionala egiten ari den ekitaldien esparruan kokatutako topaketa izan zen atzokoa, hain zuzen.


Rendell gobernadoreak hainbat galdera egin zizkion Sanz presidenteari, Nafarroa energia berriztagarrien arloan nazioarteko buru izan dadin ahalbidetu duten politiken gainean, eta bereziki interesgarritzat jo zuen energia berriztagarriekin lotutako lanpostuen sorkuntza.

Bileran José María Roig Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak eta Yolanda Barcina Angulo Iruñeko alkateak ere parte hartu zuten, eta Foru Komunitatean sustatzen diren etxebizitza bioklimatikoetako energia aurrezpenari buruzko datuak eman zituzten. Gainera, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalaren eta Pennsylvaniako Unibertsitatearen artean lankidetza hitzarmenak negoziatzeko proposatu zuten.

Pennsylvania Estatu Batuetako giltzarritzat hartzen dute, independentzia deklarazioan eta Ipar Ameriketako Konstituzioaren lanketan egiteko erabakigarria izan zuelako. Ia 12,5 milioi biztanle ditu eta 120.000 kilometro koadroko azalera du.


Rendell gobernadorearekin bildu aurretik, Sanz presidentea, Roig kontseilaria, Barcina alkatea eta Jose María Aracama SODENAko (Nafarroako Garapen Sozietatea) zuzendari nagusia Guillermo Ulacia Gamesako presidentearekin eta Luis Miguel Fernández eta Emmanuel García (nafarra) enpresako zuzendariekin bildu ziren, Filadelfian. Gamesa munduko buru da energia berriztagarriekin zerikusia duten teknologietan, eta topaketan Nafarroaren eta Gamesaren arteko lotura estua ekarri zuten gogora. Gamesak lau ekoizpen zentro (Pennsylvanian), merkataritza ordezkaritzak (Texasen eta Missourin), 1.100 langile eta 900 megawatteko potentzia ditu gaur egun Estatu Batuetan.


Energia berriztagarrien sektoreko nafar enpresak nazioartekotzeko sostengu formulak aztertzeko ere balio izan zuen bilerak. Hala, Barak Obama presidente berriarekin Estatu Batuetan abiatu den etapa berria aprobetxatu ahal izanen dute enpresa horiek; izan ere, Obamak energia berriztagarrien aldeko apustua egin du. Horrexegatik, eskariak gora egin dezakeela aurreikusita, Ipar Ameriketan bertan haize-sorgailuen osagai gehiago ekoizteko asmoa du Gamesak.


Nafarroako ardoaren festa


 New Yorkera bueltan, Sanz presidenteak eta Barcina alkateak Nafarroako ardoaren festan parte hartzen ari ziren ehunka lagun agurtu zituzten. Zapi gorria lepoan zutela eta musika banda batek alaituta, ehunka lagunek 40. kaleko "Bryant Park Grill" jatetxea leporaino bete zuten, "zezenekin korrika" (corriendo con los toros) lelopean egin zuten festan.


Nafarroako hogei upategi ari dira parte hartzen aurten Merkataritza Ganberak, SODENAk eta "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileak antolatu duten merkataritza misioan. Hala, gonbidatuek upategiotako ardoa dastatu ahal izan zuten, eta baita "Maher" jatetxeko Enrique Martínezek eta haren sukaldari taldeak egindako pintxoak ere.


Festara bertaratu zirenek, ospe handiko sukaldari-buruek eta sukaldaritzaren eta gastronomiaren arloetako espezialistek bat egin zuten Ardoaren eta Elikagaien Amerikar Institutuaren eta New Yorkeko Elikagai Bankuaren deiarekin (ekitaldiaren antolatzaileak). Iaz "sagar handian" beharrean bizi diren pertsonentzat hirurogei milioi dolar eman zituzten enpresetako jabeak eta zuzendariak bildu zituen ongintzako entitateak.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa