(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Terrorismoaren Biktimen Fundazioak egindako dokumental bat erabiliko dute ikastetxeetan, indarkeriarik ezaren pedagogia egiteko asteartea, 2009.eko urtarrilak 27

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak "Las voces de Antígona" ikus-entzunezkoa aurkeztu du gaur goizean, prentsaurrekoan. Terrorismoaren Biktimen Fundazioak egindako dokumentala da, 15 bat minutukoa, eta gazteei indarkeria mota horren ondorioen berri ematea du helburu.


Aurkezpen ekitaldira Maite Pagazaurtundua fundazioko presidentea ere bildu da, eta 1969tik 1975era bitarte Etxarri Aranazko (Nafarroa) alkate izan zen Jesús Ulayar ETAk hil zuenetik 30 urte bete diren egunean egin dute.


"Las voces de Antígona" Pedro Arjonak egin du eta Jorge Martínez Revertek ekoiztu du, Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren laguntzarekin. Gidoia Felipe Hernández Cavarena da. Dokumentalean hamar emakumeren hitzak bildu dituzte, hainbat garaitako eta jatorriko terrorismoaren biktimen alaba, ama edo emazteen hitzak. Horiek guztiek hiltzaileen zigorgabetasuna amaitu dadin eskatu dute, euren dolua gauzatu ahal izateko; izan ere, ETAk irauten duen bitartean dolua atzeratzen ari dira.


Dokumentala "Antígona" greziar tragediako testuetan dago oinarrituta, eta aipaturiko emakumeen hitzen erritmoari jarraiki gauzatu dute. Emakumeok bizi izan zuten drama deskribatu dute bertan, hain zuzen.


Hezkuntza Departamentuak material pedagogikoaren berri ematen lagundu nahi izan du aurkezpen ekitaldiaren bidez. Dokumentala indarkeriarik ezaren pedagogia egiteko diseinatu dute, unibertsitatekoak ez diren ikasketetako azken ikasturteetako ikasleei terrorismoaren biktimak ezagutzera emateko. Mendekurik hartzen ez duten biktimak, gorrotorik eta indarkeriarik erabiltzen ez duten biktimak. Egoera aldatu dadin eskatzeko duintasuna eta hitza erabiltzen duten biktimak.


Ikastetxeetan material didaktikoa zabaldu dezaten sustatzeko asmoz, Hezkuntza Departamentuak Nafarroako ikastetxeetako zuzendaritza taldeei dei egin die, eta "Las voces de Antígona" dokumentalaren kopiak banatu dizkie, DVD formatuan, ikastetxeetan material pedagogiko gisa erabili ahal izateko, bakearen aldeko eta indarkeriaren aurkako hezkuntzarako sostengu gisa erabiltzeko.


Zentzu horretan, urtarrilaren 31 (Gandhiren erailketaren urtemuga) indarkeriarik ezaren eta bakearen eguna izaten da mundu osoko eskoletan. Aurten larunbata izanen da, eta ikastetxeetako ospakizunak urtarrilaren 30ean eginen dituzte, ostiralean.


Maite Pagazaurtundua


 Hernanin jaio zen, 1965ean. Lizentziaduna da, Euskal Filologian eta Filologia Hispanikoan (Deustuko Unibertsitatea). 1993tik 1998ra bitarte Eusko Legebiltzarreko kide izan zen (PSE-EE). Bestalde, Fernando Buesaren aholkulari izan zen, Hizkuntza Politikaren arloan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean, eta baita PSE-EEko Hezkuntza eta Kultura idazkaria ere, 1993tik 1997ra bitarte. 1999an "¡Basta Ya!" plataformaren eraketan parte hartu zuen. 1999tik 2007ra bitarte PSE-EEko zinegotzi eta eledun izan zen Urnietako Udalean.


2003an ETA erakunde terroristak Maiteren anaia erail zuen, Joseba Pagazaurtundua, PSEko militante eta "¡Basta Ya!" plataformaren sortzaileetako bat.


Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea da, eta Fernando Buesa Fundazioarekin elkarlanean aritzen da. Bi liburu idatzi ditu: "Los Pagaza" biografia (Temas de Hoy, 2004) eta "El viudo sensible y otros secretos" (Seix Barral, 2005). Lehenengoak familiaren historia, anaiaren erailketa, eta euskal gizartearen egoera ditu hizpide. Bigarrena, berriz, hainbat kontakizun biltzen dituen liburua da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa