(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Sanferminetako Zentroak interesa eragin zuen Barcina alkateak New Yorken emandako hitzaldian

asteartea, 2009.eko urtarrilak 27

Ekitaldira ia 200 pertsona bildu ziren, eta Sanz presidentea ere bertan izan zen



Atzo Nueva Yorkeko University Klubean Iruñeari eta Ernest Hemingway idazleari buruzko mahai ingurua egin zuten, eta bertan, Sanferminetako Zentroari buruz mintzatu zen Yolanda Barcina alkatea. Zentroa Nafarroako hiriburuan eraikiko dute, aurki.


Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidentea buru duen ordezkaritza instituzionala Estatu Batuetako Nafarroaren V. Astearen esparruan Nueva Yorken eta Bostonen gauzatzen ari den programako ekitaldietako bat izan zen atzokoa, hain zuzen, eta ia 200 pertsona bildu ziren bertara.


Ekitaldian, sanferminak nolakoak diren azaldu zien Barcina alkateak bertaratu ziren amerikarrei, eta Iruñea eta Nafarroa ere deskribatu zituen. Hemingwayk hainbeste gozatu zituen festak eta idazlea liluratu zuten natura, paisaiak eta gastronomia.


Alkateak ikus-entzunezko bat erabili zuen bere mintzaldian, bertaratu zirenei sanferminetako berezitasunen eta Iruñeko eta Nafarroako edertasun natural, ondare artistiko eta bizi-kalitatearen berri emateko.


Ondoren egin zuten mahai inguruan, berriz, Sanferminetako Museoaren berri jakin nahi izan zuten parte-hartzaileek; izan ere, sanferminak oso ezagunak dira amerikarren artean, Hemingwayren lanak direla-eta. Hala, Iruñeko alkateak adierazi zuenez, festa horietako espiritua eta berezitasunak urte osoan zehar islatuko dituen zentroa izanen da sanferminei buruzkoa. Mahai inguruan mintzatu zirenei dagokienez, Lore Moning Nueva Yorkeko Zezenketa Klubeko presidentea azpimarra dezakegu. Lore Moning urtero etortzen da sanferminetara, festak ongi ezagutzen ditu, eta oso pozik agertu zen Sanferminetako Museoaren proiektua dela-eta. Adierazi zuenez, proiektuak nabarmen erakarriko ditu amerikarrak, batik bat entzierroen eta sanferminen zaleak.


Mahai inguruan Allen Josephs hispanistak ere parte hartu zuen. Amerikar idazlearen lanari buruzko aditu nagusitzat jotzen dute Allen Josephs, eta honako hau adierazi zuen: "Sanferminak, Iruñea eta Nafarroa funtsezko elementuak dira, ez soilik teorian, Hemingwayren lanaren baitan". Gaineratu zuenez, "Hemingwayren estiloa sanferminek harengan izan zuten eraginari zor zaio neurri batean". Josephsen ustez, idazleak Iruñean aurkitu zuen bere estiloa, eta horregatik, zenbat eta idazteko gogo handiagoa izan, orduan eta gogo handiagoz joaten zen Iruñeko zezen plazara.


Mahai inguruaren ondoren, "Maher" jatetxeko sukaldariek Nafarroako produktuak erabiliz prestatutako jakiak dastatzeko aukera izan zuten ekitaldira bildutako guztiek. "Maher" jatetxekoak, Enrique Martínez buru dutela, New Yorken dabiltza aste honetan.


Aipatzekoa da, bestalde, Yolanda Barcinak hitzaldi bera eman zuela, joan den larunbatean, Bostonen, hiriko liburutegi publikoak antolatu zuen idazketa lantegian.


Ekitaldiotako parte-hartzaile guztiei Iruñeari eta Nafarroari buruzko liburuxkak oparitzen ari dira (ingelesez argitaratutako liburuxkak), Foru Komunitatea jomuga turistiko gisa sustatzeko asmoz.

Dokumentazioa:
Albiste osoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa