(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Ospitaleko Onkologia Larrialdien V. Ikastaroan, gaixoek behar dituzten zainketak aztertuko dituzte asteartea, 2009.eko urtarrilak 27

Osasun langileentzako ikastaroa gaur eta bihar eginen dute, Nafarroako Ospitaleko ekitaldi aretoan


María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak Nafarroako Ospitaleko Onkologia Larrialdien V. Ikastaroa inauguratuko du gaur, 16:15ean, ospitaleko ekitaldi aretoan. Onkologia gaixoak artatzen dituzten osasun langileentzako ikastaroa da, eta edukiak gaur goizean zehaztu dituzte, ikastaroa antolatu eta koordinatu duten sendagileek: Mari Carmen Hijós Larraz eta Ana Carmen Cabodevilla Górriz Nafarroako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko sendagileek eta Gabriel Enrique Martínez López Nafarroako Ospitaleko Erradioterapia-Onkologia Zerbitzuko sendagileak.


Ikastaroa bi urtean behin egiten dute, eta Nafarroako eta Nafarroaz kanpoko adituek ematen dute. Onkologia gaixoak artatzen dituzten osasun langileentzako ikastaroa da, eta aurten hainbat arlotako 160 langilek parte hartuko dute bertan (lehen mailako artapena, zainketa aringarriak, espezialistak, eta larrialdiak, besteak beste). Antolatzaileek azaldu dutenez, aurki berariazko ikastaroa eginen dute erizainentzat.


Larrialdi Zerbitzuak azterlanak egiten ditu, bi urtean behin, bertako artapen jardueran oinarrituta, eta ikastaroaren edukiak azterlan horien arabera programatzen dituzte.


Zehazki, eta gorago aipatu ditugun sendagileek azaldu dutenez, bosgarren ikastaroan Nafarroako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko azken hamarkadako epidemiologia datuak aztertuko dituzte eta honako gai hauek izanen dituzte hizpide, besteak beste: Osasun Etxeetako onkologia larrialdirik ohikoenak; onkologia gaixoek izaten dituzten arritmiarik ohikoenak; ginekologiako onkologia larrialdiak; gorakoaren tratamendua; larrialdi metabolikoak; meningeko kartzinomatosiaren balorazioa eta tratamendua tumore solidoetan (konplikazio mota bat); disnearen (arnasteko zailtasuna) maneiua minbizia duten gaixoengan; terapia antineoplasiko berriek eragindako arazoak (terapia horiek tumore zelula gaiztoak garatu daitezen saihesten dute); eta konbultsio krisiak tratatzeko botika berriak (sarrera).


Ikastaroa gaur arratsaldean hasiko da, eta hitzaldiak 16:15etik 20:45era bitarte eginen dituzte. Biharko hitzaldiak, berriz, 16:30etik 20:45era bitarte eginen dituzte.


Onkologia larrialdien ezaugarriak


Sendagileek prentsaurrekoan adierazi dutenez, zerbitzuan artatzen dituzten gaixoen %6 (gutxi gorabehera) onkologia gaixoak izaten dira, Nafarroako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko azken azterlanaren arabera (2007). Gaixo horietatik %49 ospitaleratu egin behar izaten dituzte, eta %31k, berriz, espezialista bat baino gehiagoren beharra izaten dute.


Gaixoen adinari dagokionez, 18 urtetik 95 urtera bitartekoak izaten dira (70eko hamarkadaz geroztik adin tartea zabaltzen ari da). Gaixoen %60 gizonezkoak izaten dira, eta %40, berriz, emakumezkoak. Minbizirik ohikoenak honako hauek dira: biriketakoa, kolon-ondestekoa, eta bularrekoa. Nolanahi ere, onkologia gaixoen %33k gaixotasunarekin zerikusirik ez duten patologiak direla-eta jotzen dute Larrialdi Zerbitzura. Azkenik, sintomei dagokienez, gaixo gehienek mina aipatzen dute, Larrialdi Zerbitzura jotzeko alarma seinale nagusi gisa.


Medikuntzako aurrerapauso nagusietako bat honako hau izan da: onkologia gaixoek bizirik irauteko itxaropena handitu egin dela. Eta horren eragileak, berriz, honako hauek izan dira: tratamenduen eraginkortasuna (handiagoa), diagnosi tekniken sofistikazioa, eta sostengu zainketen garapena (azkarragoak, zehatzagoak, eta hainbat diziplinatakoak). Elementu horiek guztiak kontuan hartuta, hilkortasun tasa txikitu egin da eta kalitatezko larrialdi artapenaren eskaria handitu egin da, etengabe. Gainera, Larrialdi Zerbitzuan konplexutasun handiko artapena eskaintzen diete onkologia gaixoei; izaten dituzten patologiengatik ez ezik, baita egoera psikologiko ahulean egoten direlako ere. Izan ere, profesionalek ahal bezainbesteko enpatiaz tratatzea komeni da.


Onkologia larrialdiek hainbat profesionalengan izaten dute eragina, eta horrexegatik eginen dute ikastaroa bosgarren aldiz. Parte-hartzaile ugari izaten dituen ikastaroa da, eta urtero edukiak aldatzen dituzte, aurrerapen berriak agertu ahala.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa