(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz presidentea 2009ko Nafarroako eskaintza turistikoaren aurkezpenera bildu da, FITUR azokan osteguna, 2009.eko urtarrilak 29

Ernest Hemingway eta entzierroaren simulagailua, Foru Komunitateko erakustokiko elementu nagusiak


Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidentea FITUR Nazioarteko Turismo Azokako Nafarroako erakustokian izan da gaur eguerdian. Bertan, 2009ko Nafarroako eskaintza turistikoa eta "Maneras de vivir" (Bizitzeko erak) publizitate kanpaina aurkeztu dituzte.


Gaur Foru Komunitatearen Eguna izan da azokan, eta Sanz presidenteaz gain, honako hauek ere bildu dira bertara: Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilaria, Laura Alba Cuadrado Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo Iruñeko alkatea, Elena Torres Miranda Nafarroako Parlamentuko presidentea, Foru Ganberako Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak, eta Nafarroak Madrilen dituen ordezkariak.


Sanz presidentea Foru Komunitateko elementu erakargarriei buruz mintzatu da: paisai aberastasuna, ondare kulturala, gastronomia, Senda Viva, Larra-Belagua, Sanferminetako Zentroa, lasterketa zirkuitua, edo Arellanoko etxaldea, besteak beste. "Nafarroak Espainiako tren-makina izan nahi du, baina ez du kanpoan egon nahi"- adierazi du Miguel Sanzek; izan ere, gaineratu duenez, "Estatu Batuetan zerbait bagara, Espainiako parte garelako da". Azkenik, FITUR azokako bisitariei gonbit egin die Nafarroako erakustokira bertaratzeko.


Corpas kontseilariak, berriz, turismoaren sektoreak azkeneko urteetan egindako ahalegina azpimarratu du, eta gainera, "Bizitzeko erak" kanpaina aurkeztu du. Beste administrazio batzuekiko lankidetza ere azpimarratu du, eta zenbait proiektu aipatu ditu (Andelos edo Artaxoako Zentroa, besteak beste). Azkenik, ondareari buruzko plana (PSNrekin hitzartu dutena) eta Iruñeak turismoari begira duen garrantzia ekarri ditu gogora.

Yolanda Barcina alkateak, berriz, Iruñea 2016ko europar kulturaren hiriburu izatearen aldeko apustua azpimarratu du, eta sektoreak hiriburuaren balioak (batik bat sanferminak) aprobetxatu behar dituela adierazi du.


Azkenik, Elena Torres Parlamentuko presidenteak arrakasta opatu dio turismoaren sektoreari.


Nafarroako eskaintza turistikoa eta "Bizitzeko erak" kanpaina aurkeztu ondoren, nafar produktuen dasta egin dute.


Arratsaldean, hainbat aurkezpen eginen dituzte Nafarroako erakustokian: Dinamic Eventos turismo enpresa, Donejakue Bideko Ardoaren Ibilbidea, krisiaren aurkako berritasunak (Incoming Navarra), sanferminetako programa berezia Errusiako merkaturako, Iratiko Oihana, edo Erdialdeko Ardoaren Ibilbidea. Gainera, aurtengo FITUR azokan modu berezian sustatzen ari dira Iruñea 2016ko europar kulturaren hiriburu izateko hautagaitza.


Bestalde, Estatuko Administrazioko arduradunek eta Nafarroa, Aragoi, Errioxa, Euskadi, Gaztela eta Leon, Galizia, Asturias eta Kantabriako arduradunek urteko esku-hartze plana izenpetu dute, 2009an Donejakue Bidea turismoaren ikuspuntutik sustatzeko eta merkaturatzeko. Hitzarmenari jarraiki nazioarteko publizitate kanpaina eginen dute, elkarrekin. Guztizko kostua milioi bat eurokoa izanen da, eta erdia Turespañak ordainduko du. Kanpaina Japonia, Kanada, Mexiko, Eskandinavia eta Estoniako on-line hedabideei eta Eskandinavia eta Kanadako ohiko hedabideei begira antolatuko dute, batik bat. Gainera, Turespañak Donejakue Bideari buruzko berariazko azterlana eginen du 2009an, datorren Urte Santuari begira. Gehienezko kostua 120.000 eurokoa izanen da. Honako hauek ere aurreikusten dituzte: Kanada eta Poloniako kazetariak trebatzeko bidaiak; prentsa espezializaturako aurkezpenak Kopenhagen eta Helsinkin; edo marketin ekintza zuzenak. Bestalde, Donejakue Bideari buruzko kultur egitaratua landuko dute, eta produktua nazioarteko azoketan aurkeztuko dute.


Gainera, 2009an Espainiako Pirinioak turismoaren ikuspuntutik sustatzeko urteko plana ere izenpetu dute aurtengo FITUR azokan, Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako Autonomia Erkidegoek eta Estatuko Administrazioak (Merkataritza eta Turismoko Estatu Idazkaritzaren bidez). Hitzarmenari jarraiki sustapen ekintzak eginen dituzte, Espainiako Pirinioek "Pirineos" markaren baitan leku handiagoa izan dezaten sustatzeko, natur eta kirol turismoan espezializatutako handizkako saltzaileen eta bidaia agentzien programazioetako jomuga turistiko gisa. Gainera, Italiako profesionalei marka aurkeztuko diete, hiru erkidegoak nazioarteko azoketara joanen dira, trebakuntza bidaiak sustatuko dituzte, marketin ekintza zuzenak eginen dituzte, eta hainbat material prestatuko dituzte (inprimatuta eta ikus-entzunezkoak). Nazioarteko publizitate kanpaina egiteko aukera ere badago.


Ernest Hemingway eta entzierroaren simulagailua, Nafarroako erakustokiko elementu nagusiak


Nafarroako erakustokiak 500 metro koadro ditu, eta diseinatzeko, 2009an Foru Komunitateko turismorako garrantzitsuak izanen diren hiru gai hartu dituzte kontuan: "Navarra. Maneras de Vivir" (Nafarroa. Bizitzeko erak) turismo kanpainaren aurkezpena, Hemingway Urtea, eta 2016ko Europako hiriburutzarako Iruñea-Torun hautagaitzaren sustapena.


2009ko berritasunetako bat Ernest Hemingway idazlearen tamaina errealeko eskultura da (idazleak Nafarroara eginiko azken bisitaren 50. urtemuga beteko da aurten, hain zuzen). Eskulturak 185 zentimetroko altuera du, 240 kilo pisatzen ditu (gutxi gorabehera), eta Funesko José Javier Doncel-ek egin zuen. Eskultura Gaztelu Plazako Cafe Iruñari esker dago Nafarroako erakustokian. Hain zuzen ere, 2007az geroztik eskultura Gaztelu Plazan dago, Hemingwayren Txokoa esaten dioten lekuan.


Bestalde, Nafarroako erakustokian sanferminetako entzierroaren ibilbidea egin daiteke modu birtualean, Proevent enpresak garatutako sistemaren bitartez. Simulagailu birtuala prototipo bat da, eta laster egiteko zinta bat eta kasko bat ditu. Hala, erabiltzaileek entzierroa bizi dezakete, modu birtualean betiere.


Musikari dagokionez, aurtengo azokan Azkoiengo txaranga ari da emanaldiak eskaintzen, ostegunetik igandera. Nafarroako musika eta folklore tipikoa, hain zuzen.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa