(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Vianako "El Bordón" Hegazti Behatokiko edukiak berritu dituzte, Hezeguneen Mundu Eguna dela-eta ostirala, 2009.eko urtarrilak 30

Nafarroako Gobernuak 857.000 €-tik gorako inbertsioa egin du "Las Cañas" Urtegiko eta hegaztien behatokiko baldintzak hobetzeko. La Caixako Gizarte Ekintzak, berriz, 87.000 €-ko ekarpena egin du erakusketa berria antolatzeko eta NA-134 errepideak Longar ibaia zeharkatzen duen lekuan korridore bat eraikitzeko, europar bisoiarentzat


Andrés Eciolaza Carballo Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak Vianako "El Bordón" Hegazti Behatokiko erakusketa berria inauguratu du gaur, eta Alberto Sáenz Vianako Udaleko Nekazaritza zinegotzia eta Ricardo Alfós La Caixako erakundeekiko harremanen arduraduna (Nafarroan, Errioxan eta Aragoin) ere bildu dira ekitaldira. Nafarroako Gobernuak Hezeguneen Mundu Eguna dela-eta (otsailaren 2a) antolatu duen programazioaren baitan dagoen inaugurazioa izan da, hain zuzen.


Eciolazak "Las Cañas" Urtegiaren balio ekologiko "izugarria" azpimarratu du, eta adierazi duenez, hura mantentzeko funtsezkoa da "horrelako lekuak gizartearentzat mesedegarriak direla jakinaraztea". "Gune babestuak ("Las Cañas" Urtegia kasu) mantentzeko akordioak eginen badira, aldez aurretik herritarrek ingurumenaren eta bioaniztasunaren gaineko kontzientzia hartu behar dute"- gaineratu du zuzendari nagusiak.

Erakusketa berria eta urtegiko lanak


"El Bordón" Hegazti Behatokiko erakusketa berria antolatzeko eraikina egokitu dute, heziketa eta azterketa zentro gisa. Altzariak, informazio panelak, eta aintzirako fauna behar bezala ikusteko baliabide teknikoak berritu dituzte, eta lan horiek La Caixako Gizarte Ekintzak finantzatu ditu, 40.000 eurorekin (Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuarekin izenpetutako akordioari jarraiki).


Bestalde, 2009an lehorreko igarobide bat eraikiko dute Artilleros zubiaren azpian (NA-134 errepideak Longar ibaia zeharkatzen duen lekuan). Hala, "Las Cañas" Urtegiko eta Ebro ibaiko europar bisoiak eta igarabak (besteak beste) batetik bestera ibili ahal izanen dira. Konexio hori funtsezkoa da alde banatako populazioei eusteko, eta horretarako beharrezkoa da bisoiak eta igarabak batetik bestera ibiltzea.


Gaur egun NA-134 errepidea gune beltza da, ibilgailuek harrapatuta hiltzen diren animaliei dagokienez. Beraz, Artilleros zubian erlaitz bat edo bi egin nahi dituzte eta zubira sartzeko ertzak egokitu nahi dituzte, bi eremuen arteko konexioa hobetzeko. Esku-hartzea La Caixako Gizarte Ekintzak finantzatuko du, gorago aipatu dugun hitzarmenari jarraiki, eta lanek 47.000 euroko aurrekontua izanen dute.


Gaur egun desagertzeko arrisku handia duten ugaztunetan lehenengoa katamotza da, eta bigarrena, berriz, europar bisoia (Mustela lutreola). Hain zuzen ere 600 bisoi gelditzen dira bizirik, 400 bat Nafarroan (batik bat Ega, Arga, Aragoi eta Ebro ibaietan). Europar bisoia kalitate oneko uraren adierazle izaten da.


Bestalde, Nafarroako Gobernuak eta Vianako Udalak hitzarmena izenpetu zuten iazko udan, urtegiko dikeen segurtasuna hobetzeko lanak egiteko (770.818,49 euroko aurrekontua duten lanak, Nafarroako Gobernuak finantzatuko dituenak). "Las Cañas" urtegia txikia bada ere, "A" maila du balizko arriskuen sailkapenean, eta ondorioz, aipaturiko lanak beharrezkoak dira. "A" kategoriako presak dira, hain zuzen, hautsi edo gaizki funtzionatuz gero herriguneetan edo funtsezko zerbitzuetan kalte larriak eragin ditzaketenak edo gauzetan edo ingurumenean kalte larri-larriak eragin ditzaketenak. Kasu honetan, bi industrialde daude presan behera; bat, Nafarroan, eta bestea, Errioxan.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa