(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Catalán kontseilaria Madrilen bildu da Nazioarteko Erakusketen Estatuko Sozietateko presidentearekin ostirala, 2009.eko urtarrilak 30

Topaketa Foru Komunitateak Shangaiko 2010eko Erakusketa Unibertsalean izango duen agerpenaren ingurukoa izan da


Alberto Catalán Higueras Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko Harremanen kontseilaria eta Gobernuaren eleduna gaur goizean bildu da Javier Conde Nazioarteko Erakusketen Estatu Sozietateko presidentearekin, Nafarroak Shangaiko (Txina) 2010eko Erakusketa Unibertsalean izango duen agerpenari buruz hitz egiteko.


Topaketa Madrilen egin da, Estatu Sozietatearen egoitzan, organismo hori Espainiako pabilioiak eta nazioarteko erakusketetan horien inguruan egindako jarduerak sortzearen eta garatzearen arduraduna baita. Kontseilari-eledunari laguntzen Lola Eguren Foru Gobernuko Erakundeekiko Harremanen zuzendari nagusia egon da.


Elkarrizketa Estatu Sozietatearen ekimenez egin da, Nafarroako Gobernuaren eta organismo horren artean lehen harremanak ezartzeko, autonomia-erkidegoek Shangaiko 2010eko Espainiako pabilioiaren instalazioak erabiltzearekin lotuta izango dituzten aukerak definitzen hasteko. Autonomia-erkidegoek funtsezko eginkizuna izan dute azken erakusketa unibertsaletan (Hannover 2000 eta Aichi 2005), Espainiako pabilioian jardueren programa garatuta, aste bakoitza horietako bati eskainiz.


Catalán kontseilariak onartu egin du Estatu Sozietateak Nafarroari hitzordu horretan parte hartzeko egindako gonbidapena. Aurreikuspenen arabera, erakusketa horretan 70 milioi bisitari baino gehiago egongo dira. "Aukera ona izan daiteke Nafarroa proiektatzeko, eta lankidetza-ildoak eta aurrerapen-ikusmugak irekitzeko gaur egungo inguruabar zailetan", adierazi du.


Era berean, Catalánek azpimarratu du Nafarroaren eta Txinaren artean loturak daudela, hala nola Martín de Rada iruindarraren bidez ezarritakoa. Martín de Rada Mendebaldeko lehen sinologotzat hartzen da, eta joan den urtean bere jaiotzaren 475. urteurrena ospatu zen; ekitaldi hori ospatzeko, Nafarroan lehenengo nazioarteko kongresua antolatu zen Espainiaren eta Txinaren arteko loturei buruz.


Estatu Sozietatearen presidenteak Nafarroako Gobernuari eskertu egin dio Zaragozako 2008ko Nazioarteko Erakusketan eta Aichiko 2005eko Erakusketan Foru Komunitateak izandako inplikazio handia.


Patxi Mangado Espainiako pabilioia hautatu duten adituen artean


2002ko abenduaren 3an, Erakusketen Nazioarteko Bulegoak Shangai Txinako hiria izendatu zuen 2010eko Erakusketa Unibertsala antolatzeko. Erakusketa maiatzaren 1etik urriaren 31ra egingo da, gutxi gorabehera 310 hektarea dituen esparruan, hau da, Zaragozako Erakusketaren esparrua baino 12 aldiz handiagoan. "Hiri hobea, bizimodu hobea" lemapean, metropoli handiek planteatutako erronkei eta hirien hazkunde geldiezinari soluzioak ematen ahaleginduko da.


Estatu Sozietateak lehiaketa publikoa antolatu zuen Espainiako pabilioia sortzeko. Aurkeztutako proposamenak aztertu zituzten pertsonen artean Patxi Mangado nafar arkitektoa zegoen, Zaragozako 2008ko Erakusketan Espainiako pabilioiaren sortzailea.


Espainiak Shangaiko Erakusketan 8.500 metro koadroko pabilioia eraikiko du, eta Espainiako kulturan zein Txinakoan oso sustraituta dagoen ikonoa irudikatuko du: zumezko saskia. Erakusketaren ardatz tematikoarekin bat etorriz, eraikina plaza baten inguruan eraikiko da, arnasa eta atsedena hartzeko, festarako eta, aldi berean, guztia egituratzeko leku moduan. Patio handiak izango ditu saskien itxuran, eta horrela, kutxa edukitzailearen kontzeptu tradizionala alde batera utzi eta gela hibridoak sortuko dira, joan-etorriak errazak eta arinak izan daitezen.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa