(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroako Gobernuak gazte boluntarioentzako 145 plaza iragarri ditu, udako auzolandegietan

asteartea, 2009.eko otsailak 3

Auzolandegiak Lizarran, San Adrianen, Arangurenen eta Artaxoan eginen dituzte, beste erkidego eta herrialde batzuetako gazte boluntarioekin (15-30 urte)


Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteria Institutuaren bidez (NGI) eta Lizarra, San Adrian, Aranguren eta Artaxoako Udalekin elkarlanean, gazte boluntarioentzako 145 plaza iragarri ditu udako auzolandegietan.


Hain zuzen ere, beste erkidego eta herrialde batzuetako gazteentzako auzolandegiak dira, 15-30 urteko boluntarioentzako auzolandegiak, eta honako helburu hauek dituzte: batetik, bizikidetza eta kultur trukea bultzatzea, gazteei mugitzeko erraztasuna ematea, eta gazteek ingurunea ezagutu dezaten eta bertako parte sentitu daitezen bultzatzea; eta bestetik, ondare arkitektonikoa mantentzen, arrasto arkeologikoak berreskuratzen eta ingurumen baliabideak mantentzen laguntzea.


NGIk 81.964 euro erabiliko ditu jarduera hauek burutzeko, eta zenbateko horren bidez baliabide teknikoak kontratatuko dituzte eta gazteen mantenu gastuen %50 ordainduko dituzte. Udalek, berriz, ostatu gastuak, mantenu gastuen %50, material espezifikoak, eta herri bakoitzean antolatutako kultur eta aisialdi jarduerak ordainduko dituzte.


Auzolandegiak sei txandatan eginen dituzte, honela banatuta. Lehenengo bi txandak Lizarrako Zalatanbor gazteluko aurrietan eginen dituzte, uztailaren 17tik 31ra bitarte eta abuztuaren 7tik 21era bitarte, nazioarteko modalitatean; guztira 50 plaza izanen dira (25 plaza txanda bakoitzean). Hirugarren txanda, berriz, Irulegiko gazteluko aurrietan eginen dituzte (Aranguren ibarra), abuztuaren 10etik 24ra bitarte, gazte/nazioarteko modalitatean; guztira 20 plaza izanen dira.


Bestalde, San Adrianen, Ega ibaiko presan, bi auzolandegi eginen dituzte, uztailaren 1etik 15era bitarte eta abuztuaren 2tik 16ra bitarte, gazte eta nazioarteko modalitateetan hurrenez hurren; guztira 25 plaza izanen dira.


Azkenik, Artaxoako harresian, uztailaren 15etik 29ra bitarte, gazte modalitateko auzolandegi bat eginen dute. Bertan 25 gaztek parte hartu ahal izanen dute.


1986az geroztik, NGIk udako auzolandegiak antolatzen ditu Foru Komunitateko eta beste erkidego batzuetako udalekin elkarlanean. Urteotan 23 lekutan egin dituzte auzolandegiak, eta 3.000 parte-hartzailetik gora izan dituzte.


NGIk Nafarroako gazte boluntarioentzako auzolandegiak ere egiten ditu udan, eta kasu horretan, 15-17 urteko gazteentzako eta 18 urtetik gorako gazteentzako auzolandegiak izaten dira. Zehazki, 15-17 urteko gazteentzako auzolandegiak beste erkidego batzuetan egiten dituzte, eta 18 urtetik gorako gazteentzako auzolandegiak, berriz, beste erkidego batzuetan eta atzerrian. Apirilean jakinaraziko dute auzolandegiok Estatuko eta atzerriko zein lekutan eginen dituzten.





Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa