(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako hedabideek ahaleginak bateratu dituzte, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean asteazkena, 2009.eko otsailak 4

Foru Komunitateko irrati guztiek saio bat grabatu dute, batera, Nafarroako Gobernuko prentsa aretoan; saioa Osasun Departamentuak antolatu du


Gaur, otsailaren 4a, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta horrexegatik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jardunaldi bat antolatu du, "Unidos contra el cáncer" (Elkartuta, minbiziaren aurka) lelopean. Hala, Foru Komunitatean lan egiten duten hedabide guztiak bildu ditu.


Zehazki, Foru Komunitateko irrati guztiek saio bat grabatu dute, batera, Nafarroako Gobernuko prentsa aretoan. María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak eman dio hasiera saioari, eta ondoren, hainbat adituk eta protagonistak gaixotasunarekin zerikusia duten gaiak aztertu dituzte. Gainera, Nafarroan lan egiten duten telebistek eta prentsak saioaren berri eman dute.


Foru Komunitatean lan egiten duten irratiek hitzartutakoari jarraiki (RNE, Cadena COPE, Onda Cero, Cadena Ser eta Euskadi Irratia), Juan Yeregui kazetaria (Radio Nacional) izan da saioaren gidaria. Marisa Lacabek (Onda Cero), Cristina Ochoak (COPE), Elvira Obanosek (Cadena SER) eta Natalia Martínek (EiTB) ere parte hartu dute saioan.


Saioan minbiziarekin zerikusia duten gaiak aztertu dituzte, hiru taldetan banatuta: prebentzioa eta diagnosi goiztiarra, ospitaleko tratamendua eta tratamendu psikologikoa, eta etorkizuna eta ikerketa.


Hala, prebentzioari eta diagnosi goiztiarrari buruz hitz egin duen lehena Marisol Aranguren Balerdi Osasun Publikoaren Zerbitzuko zuzendaria izan da, eta gogorarazi duenez, bizi-ohitura osasungarriak (ez erretzea, elikagai osasuntsuak kontsumitzea eta kirola egitea) garrantzizko tresnak dira minbizi mota jakin batzuei aurrea hartzeko.


Nieves Ascunce Elizaga bularreko minbizia garaiz antzemateko programaren arduradunak adierazi duenez, berriz, bularreko minbiziarekin lotutako hilkortasun tasa erdira jaitsi da Nafarroan, neurri handi batean prebentzioa dela-eta (mamografiak). Javier Sada Goñi Artapen Espezializatuko zuzendaria ere prebentzioari buruz mintzatu da, eta adierazi duenez, orain minbizi kasu gehiago diagnostikatzen dituzte, gaixotasuna lehenago antzematen dutelako. Gainera, susmorik izanez gero zirkuitu bizkorrak garrantzi handiko tresnak direla adierazi du; izan ere, tratamendua lehenago hastea ahalbidetzen dute.


Tratamenduei dagokienez, mintzatu den lehena Ruth García Vera Nafarroako Ospitaleko Onkologia Zerbitzuko zuzendaria izan da, eta minbiziak diziplina anitzeko ahalegina eskatzen duela azpimarratu du; izan ere, minbiziaren aurkako terapiak konplexuak dira. Gaineratu duenez, sendagaiak gero eta zehatzagoak dira; hau da, gero eta neurri handiagoan tumore zelulak soilik suntsitzen dituzte. Hala, gaur egungo sendagaiek oldarkortasun txikiagoa dute eta albo ondorio gutxiago eragiten dituzte.


Alderdi psikologikoari dagokionez, Juan Pedro Arbizu psikologo eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteko kideak honako hau nabarmendu du: gaixoek uler ditzaten behar dutela eta ez litzaiekeela eskatu behar gaixotasunari "ausardiaz" aurre egiteko. "Kontua laguntzea da, ez animatzea"- azpimarratu du. Gainera, adierazi duenez, gaixoen animoa aldatu egiten da eta ona da mina eta beldurra sentitzea eta adieraztea. Bestalde, minbizia duten haurren tratamenduan espezializatuta dauden Luis Sierra eta Javier Molina sendagileek honako hau azpimarratu dute: oro har haurrek helduen antzera egiten diotela aurre gaixotasunari, baina betiere adina erabakigarria dela.

Ana Blasco dentista ere mintzatu da, eta bularreko minbizia diagnostikatu ziotela kontatu du. Azpimarratu duenez, minbiziaren aurkako tratamenduek gehien erasotzen duten ataletako bat ahoa da, eta zentzu horretan, gaitz larriak izaten ez badira ere, bizi-kalitatean eragiten dutela gaineratu du. Horregatik, kimioterapia tratamenduak hasi aurretik ahoan izan ditzaketen ondorioei aurrea hartu behar zaiela eta horretarako dentistarenera joan eta higiene neurri erraz batzuk bete behar direla gaineratu du. Anastasio Rubio Arróniz erradio-fisikari eta Nafarroako Ospitaleko Erradio-fisika eta Babes Erradiologikoaren Zerbitzuko zuzendaria ere tratamenduei buruz mintzatu da, eta adierazi duenez, erradio-fisikarien xedea honako hau da: erradioterapia behar duten gaixoei babes erradiologikoa ematea eta tratamenduetan erabiltzen dituzten tresnak kontrolatzea.

Minbiziaren aurkako borrokaren etorkizunari dagokionez, Katy Pérez Equiza Nafarroako Ikerketa Zentroko zuzendariak instalazioaren indar-guneak aipatu ditu: animaliekin egindako ikerketak, tumore bankua, eta saiakuntza klinikoetarako farmazia unitatea.


Minbiziaren aurkako jardunaldia Kutz kontseilariak eman du amaitutzat, eta horretarako, honako mezu hau igorri du: gaixotasunaren aurka borrokatzeko konfiantza eta batasuna behar direla, eta gaixoei eta familiei sostengua eman behar zaiela. "Eurengan pentsatzen dugu, eta Nafarroako osasun sistemaz fida daitezen eskatzen diegu"- adierazi du.

Dokumentazioa:
Vídeo del programa "Unidos contra el cáncer"
Audio del programa "Unidos contra el cáncer"

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa