(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak PFEZaren moduluak %7 beheratuko ditu nekazari eta abeltzain guztiei begira, eta zergak %70 arte beheratuko ditu krisiaren ondorioak gehien nozitzen ari direnei begira ostirala, 2009.eko otsailak 6

Ekintzaileei begira ere hartu dituzte neurriak, eta hala, lehenengo urteko etekinen %40 eta bigarren urtekoen %70 bakarrik aitortu beharko dituzte


Nafarroako Gobernuak erabaki duenez, nekazari eta abeltzain guztien PFEZan zergen arloko sarrerak kalkulatzeko erabiltzen dituzten moduluak %7 beheratuko dituzte, eta gainera, zergak %70 arte beheratuko dituzte krisiaren ondorioak gehien nozitzen ari direnei begira. Bestalde, sektore jakin batzuek (hala nola haragitarako txerri haztegiek) ez dute etekinik aitortu beharko; hots, %100eko beherapena eginen diete.


Álvaro Miranda Simavilla bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariak eta Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak bilera egin dute, gaur goizean, José Joaquín Iriarte Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuneko (UAGN) presidentearekin, eta zergen arloko neurri berriak azaldu dizkiote. Ondoren, prentsaurrekoa egin dute, neurrien berri emateko.


Neurriak 2008ko eta 2009ko PFEZan (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) aplikatuko dituzte, eta beraz, aurtengo aitorpenean ere izanen dute eragina.


Nafarroako Gobernuak gaur egunera arte krisiaren aurka borrokatzeko abian jarri dituen neurriak osatzen dituzten neurriak dira, eta batik bat zergak moduluen arabera ordaintzen dituzten enpresa txikiei begira hartu dituzte (bereziki nekazariei eta abeltzainei begira). Azken datuen arabera, 33.680 pertsona dira zergak moduluen arabera ordaintzen dituztenak, eta 24.671 nekazaritza, abeltzaintza edo baso jardueretan aritzen dira.


Moduluak jardueren etekin garbia modu objektiboan kalkulatzeko sistema bat dira. Hala, jardueraren arabera, guztizko diru sarrerei indize bat aplikatzen diete, nekazariek edo abeltzainek PFEZaren aitorpenean aitortu beharreko errenta kalkulatzeko.


Zerga beherapenak


Neurriak Foru Agindu batean bildu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte. Lehen sektorearen egoera hobetzea eta ustiatze kostuen gorakadaren ondorioak arintzea izanen dute xede, hain justu.


Hala, moduluak oro har %7 beheratuko dituzte nekazariei eta abeltzainei begira, eta ondorioz, diru sarreren %93 bakarrik aitortu beharko dituzte (edo gutxiago, jarduera jakin batzuen kasuan).


Beherapen handienak izanen dituzten jarduerak honako hauek dira: haragitarako ardi eta ahuntz haztegiek, %70eko beherapena; aurrerako txerri eta behi haztegiek, %65eko beherapena; azukre-erremolatxa ekoizten duten nekazariek, %62ko beherapena; eta ardotarako mahatsa ekoizten duten nekazariek ("Errioxa" Jatorrizko Deiturarik ez duen ardoa egiteko mahatsa), %65eko beherapena. Gainera, haragitarako txerri haztegiak dituzten abeltzainek %100eko beherapena izanen dute; hau da, jardueren etekinak ez dituzten kontuan hartuko eta ez dute zergarik ordaindu beharko.


Lehen sektorekoak ez diren jarduerei aplikatzen dizkieten moduluak berdin mantenduko dituzte, eta garraiolariei aplikatzen dizkietenak, berriz, nabarmen beheratuko dituzte.


Ekintzaileentzako eta lana sustatzeko neurriak


Foru Agindu berriari jarraiki, bestalde, zergak moduluen arabera ordaintzen dituzten nafarren artean lana sustatzeko neurriak ere hartuko dituzte. Gainera, 2009an edo 2010ean lanean hasten diren ekintzaileei begira ere moduluak beheratuko dituzte; hala, lehenengo urtean %60ko beherapena eginen diete, bigarren urtean, berriz, %30eko beherapena. Horrela bada, orain arteko beherapenak bikoiztu eginen dituzte, eta ekintzaileek lehenengo urteko etekinen %40 eta bigarren urtekoen %70 bakarrik aitortu beharko dituzte.


Bestalde, negozio txikietan lanpostuak sustatze aldera (titular bat, lokal bat eta ibilgailu txiki bat duten eta aldi baterako kontratuak bakarrik egiten dituzten negozioak), Foru Ogasunak %90eko koefizientea sortu du; hala, pertsona bat edo bi kontratatzen badituzte, etekinen %90 bakarrik aitortu beharko dituzte.


Familiako negozioen kasuan, langilerik ez izanez gero, ezkontideei eta seme-alabei %50eko koefizientea aplikatzen diete moduluak kalkulatzeko. Aurrerantzean, pertsona bat kontratatzen badute ere, koefiziente bera mantenduko dute.


Hidrokarburoen zergako eta beste tasa batzuetako itzultzeak


Zergen arloko neurri horiei guztiei nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko gasolioa erostean ordaindutako hidrokarburoen zergako itzultzea erantsi behar zaie. Hartara, Nafarroako Zerga Ogasunak 2,5 milioi eurotik gora itzuli dizkie 4.152 nafar zergaduni.


Zehazki, 2006ko urritik 2007ko irailera arte nekazaritza eta abeltzaintza lanetan erabilitako 1.000 erregai litroko 78,71 euro itzuli ditu Ogasunak. Nafarroako Gobernuak sektoreko ekoizpen kostuen gorakadaren ondorioak arindu nahi izan ditu neurri horren bidez.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa