(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun eta Hezkuntza Departamentuek haur diabetikoak garaiz diagnostikatzea xede duen nazioarteko kanpainan parte hartu dute ostirala, 2009.eko otsailak 6

Foru Komunitateko osasun etxeetan, ikastetxeetan eta farmazietan informazio materiala banatu dute, gaixotasuna garaiz detektatzeko eta lehenbailehen tratatzeko


María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak, Carlos Pérez-Nievas Hezkuntza Departamentuko kontseilariak, Mirentxu Oiartzabal Irigoien Haur Endokrinologiako espezialistak (Bideko Ama Birjina Ospitalea) eta Pilar García Ruiz Farmazialarien Elkargoko presidenteak informazio kanpaina bat aurkeztu dute gaur goizean. Kanpaina osasun etxeetan eta ikastetxeetan egin dute, eta haur eta nerabe diabetikoak garaiz diagnostikatzea du xede. Helburu zehatza honako hau izan da: ondorio larriak izaten dituen zetoazidosi diabetikoari (CAD) aurrea hartzea.


ISPAD (Haur eta Nerabe Diabetikoen Nazioarteko Elkartea) eta IDF (Nazioarteko Diabetes Federazioa) elkarteek bultzatu duten eta mundu osoan oihartzuna izaten ari den ekimena da, hain zuzen. Hala, Nafarroako Gobernuko Osasun eta Hezkuntza Departamentuek ere bat egin dute ekimenarekin, Espainiako Endokrinologia Pediatrikoaren Elkartean (SEEP) diabetesaren gainean lan egiten duen taldearen bidez eta Nafarroako Diabetikoen Elkartearen laguntzarekin. Aipatzekoa da bi Departamentuak Osasuna Sustatzeko Eskolen Europar Sareko (REEPS) kolaboratzaile direla. Nafarroa da Estatuan ekimenaren berri eman duen lehen autonomia erkidegoa.


Kanpainaren baitan, Foru Komunitateko kontsultategietan, osasun etxeetan, ikastetxeetan eta farmazietan informazio materiala banatu dute (kartel bat eta azalpen gutun bat). Zehazki, 2.000 bat kartel egin dituzte. Helburua honako hau da: diabetesa lehenbailehen diagnostikatzea, zetoazidosi diabetikoa saihesteko (lehen "koma diabetikoa" esaten zioten); izan ere, zetoazidosiak ondorio larriak izan ditzake, eta heriotza ere eragin dezake. Kutz kontseilariak adierazi duenez, gaixotasuna garaiz detektatzeak "garrantzi handia du", gorabehera larriagoak saihesteko.


Kanpainako kartelean zenbait esaldi daude idatzita, gurasoei, irakasleei eta adingabeen arduradun diren gainerako helduei diabetesaren sintomak ezagutzera emateko. Hain zuzen ere, kartelean idatzita dagoen mezua honako hau da: "Zure seme-alaba ohea bustitzen hasi al da berriro? Ohi baino gehiago edaten al du? Ohi baino pixa gehiago egiten al du? Baiezta ezazu odolean glukosa maila alturik ez duela. Dei iezaiozu pediatrari, gaur bertan. Haurrek ere diabetesa izan dezakete".

Diabetesaren diagnosia Lehen Mailako Artapenean ere egin daiteke, proba sinple baten bidez. Odol edo pixa tanta bat, zerrenda erreaktibo bat, eta 15 segundo nahikoak dira emaitza ezagutu eta dagozkion neurriak hartzeko.


Kanpainaren bidez 1 motako diabetesa garaiz detektatu nahi dute. Horixe bera da haur diabetiko gehienek (%98k) izaten duten diabetes mota, eta ezin zaio aurrea hartu. Bestalde, 2 motako diabetesa ohikoagoa da helduengan, eta besteak beste gizentasunarekin dago lotuta. Nolanahi ere, 2 motako diabetesa gero eta haur gehiagok dute, elikadura ohitura txarrak direla-eta.

Zetoazidosia eta haur diabetikoak


Urtero 1.100-3.000 haur eta nerabe diabetiko berri agertzen dira Espainian, eta hirutik batek zetoazidosia izaten du. Kasu gehienetan, diabetesaren eragilea odoleko glukosa mailaren gorakada izaten da, eta hori intsulina faltagatik gertatzen da. Glukosa zeluletan sar dadin eta zelulek energia gisa erabil dezaten ahalbidetzen duen hormona da intsulina, hain zuzen, eta hori ezinezkoa bada, gorputzak gantza erabiltzen du energia iturri gisa. Ondorioz, gorputz zetonikoak sortzen dira, eta horien metaketak zetoazidosia eragiten du.


Zetoazidosi diabetikoa (CAD) diabetes mellitusaren ondorio metaboliko larrienetako bat da, eta ohiko sintomak garaiz detektatzen ez badira (asko edatea, pixa asko egitea, edo asko janagatik pisua galtzea), ondorio oso larriak izan ditzake eta heriotza ere eragin dezake.


Zetoazidosi diabetikoaren sintomak honako hauek dira: ahultasuna, goragalea, gorakoa, deshidratazioa, arnasketa gorabeheratsua, eta gorabehera txikiak kontzientzia mailan. Garapen maila txikiko herrialdeetan %100eko hilkortasun tasa du; hots, zetoazidosi diabetikoa duten haur guztiak hil egiten dira. Mundu aurreratuan, berriz, 100 haurretik 2k edo 3k garuneko edema izaten dute (hilkortasun tasa handiko konplikazio larria).


Zientzialariek, ekimena abian jartzeko, Parma hiriko Maurizio Vanelli irakasleak 90eko hamarkadan Italian egin zuen saiakuntza hartu dute oinarri. Vanellik heziketa eta informazio kanpaina bat egin zuen, eskoletan, osasun etxeetan eta pediatria zentroetan, diabetesaren sintomak garaiz detektatzeko (asko edatea edo pixa asko egitea, batez ere gauez). Emaitzak oso onak izan ziren, eta zetoazidosi kasuak ia desagertu egin ziren. Gainera, kanpaina bukatu zenean zetoazidosi kasuek gora egin zuten, eta ondorioz, beste herrialde batzuk kanpainaren eraginkortasuna probatzen eta kanpaina aplikatzen hasi ziren.

Dokumentazioa:
Carta informativa.
Vídeo de esta rueda de prensa
Audio de esta rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa