(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Hezkuntza Departamentuak 16.500 €-ko gastua onetsi du hezkuntza sistemara berandu sartu diren eta/edo egoera ahulean dauden ikasleei laguntzeko Indartze eta Laguntza Programarako

astelehena, 2009.eko otsailak 9

2008/09 ikasturtean 154 ikaslek, 104 atzerritarrek eta 50 espainiarrek, programa honetatik laguntza lortu dute



Hezkuntza Departamentuak 16.500 €-ko gastua onetsi du ikasturte honetan gizarte-hezkuntzako integrazio-jarduerak finantzatzeko. Jarduera horiek eskola-indartzeko programak garatzen ditu Nafarroako eta Espainiako hezkuntza-zentroetan egoera soziokultural ahulean sartzen diren etorkinen seme-alabentzat.


ELOk gure hezkuntza-sisteman sartzen diren atzerritar ikasleak "berandu sartzen diren ikasle" izendatzen ditu. Horien hezkuntza-beharrizanik nabarmenenak, kasu askotan, hizkuntza ez ezagutzea eta/edo gure hezkuntza-sisteman sorlekuko hezkuntza-sistematik sartzean curriculumari dagokionez izan dezaketen desfasea dira.


Ikasle atzerritar horietako asko, eta atzerritarrak ez diren beste batzuk, egoera sozioekonomiko eta soziokultural ahulean daude, hainbat arrazoi direla bide: eskolatze irregularra, hezkuntza-zentroa behin eta berriro aldatzea, desmotibazioa, desoreka emozionala, familia-igurikimenik ez izatea, etab. Zailtasun horiei guztiei aurre egiteko, Hezkuntza Departamentuak neurrien multzo bat antolatu du gizarte-integrazioari eta hezkuntza-normalizazioari mesede egiteko.


Indartze eta Laguntza Programa Bigarren Hezkuntzan


Indartze eta Laguntza Programa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan sartu da. Institutu batzuek, kokapena dela-eta eta inguruko hezkuntza-ezaugarriengatik, egoera soziokultural ahula duten ikasle asko hartzen dituzte. Hori dela eta, Indartze eta Laguntza Programak, jardunen multzo baten bidez, ikasle horien eskolatzea eta errendimendua hobetu eta eskola-uztea murriztu nahi ditu.


Ikaskuntza-zailtasunak dituzten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, gehienbat, lanerako ohiturarik ez dutelako, ikasteko motibazio urria dutelako, eskola-atzerapena dutelako eta gizarte-integrazio txikia dutelako. Ikasgelan jarrera pasiboa duten ikasleei ere zuzenduta dago, familia-perspektiba txikiak eta asistentzia irregularra dituztenei. Hori dela eta, ikasle horiek absentismorako eta eskola-uzterako arriskua dute.


Tutoreek eta irakaskuntza-ekipoek programaren laguntza jasotzeko hautagaiak izan daitezkeen ikasleak proposatzen dituzte, zuzendaritza-taldearekin eta ikastetxeko orientatzailearekin lankidetzan.


Programaren garapena


Esku-hartzea hiru esparrutan egiten da: ikastetxean bertan, familietan (seme-alaben hezkuntza-eginkizunean laguntza eta inplikazioa sustatuz) eta zentroaren inguruan (auzoko edo herriko eskolaz kanpoko hezkuntza-eskaintza kontuan hartzen da, eta oinarriko gizarte-zerbitzuek eta beste entitate batzuek laguntza eskaintzen dute).


Indartze eta Laguntza Programa garatzen duten zentroek ikasturterako esku-hartze proiektua egiten dute eta, izaera orokorrarekin, ikasleak helburu zehatz batzuen inguruan (pedagogikoak eta gizarteratzekoak) taldekatzen dituzte. Inola ere ez da izango talde itxia edo banandua zentroaren barruan. Programa garatzen duten irakasleek taldearekin lan egingo dute. Taldea, gehienez ere, 12 ikaslek osatuko dute, eta astean 14 eta 16 saio bitartean izango dituzte.


Ikasleei, programan dauden bitartean, arlo instrumentaletako oinarrizko edukiak ikasten eta gaitasunak garatzen laguntzen zaie. Horrez gain, denbora antolatzeko, lana planifikatzeko, lana egitean eta aurkeztean kalitatea bultzatzeko eta lana garatzean irmotasuna eta ahalegina izateko jarrerak eta ohiturak bultzatzen dira.


Horrez gain, ikastetxeek familien konpromisoa eskatzen dute seme-alabak zentrora erregulartasunez eraman ditzaten eta programa modu egokian aprobetxatu dezaten, eta deitutako bilera eta elkarrizketa guztietara joan daitezen.


2008/09 ikasturtean programa honek 154 ikasleri eman die laguntza (104 atzerritar eta 50 espainiar), 15 hezkuntza-zentro publikotan, 11 herritan. Indartze eta Laguntza Programa garatzen duten hezkuntza-zentroek, beharrezko giza baliabideak izateaz gain, urtero diru-laguntza ekonomikoa jasotzen dute programan artatutako ikasleen funtzionamendu-gastuei aurre egiteko eta ikasgelarako material didaktikoak eskuratzeko. Diru-laguntza hori oraintsu onetsi da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa