(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Hezkuntza Departamentuak berdintasunaren aldeko apustua egin du

asteartea, 2009.eko otsailak 10

2009-2011ko Berdintasun Plana berriki landu dute, eta huraxe erabiliko dute erreferentzia esparru gisa



Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egite aldera baterako hezkuntzaren helburuak pixkanaka-pixkanaka integratu daitezen xede hartuta, Hezkuntza Departamentuak 2009-2011ko Berdintasun Plana sustatu du. 2009tik 2011ra bitarte berdintasunaren arloan jarduteko esparrua izanen da dokumentu hori, eta Nafarroako Hezkuntza Sistema osoan izanen du eragina.


Nazioarteko, Europako, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko herri botereek emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortze aldera bultzatzen dituzten politiken eta planen esparruan kokatuta dagoen plana da, hain zuzen, eta Nafarroari berdintasunaren arloan dagozkion lege aginduak ez ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planeko (2006-2010) gidalerroak ere garatzen ditu (Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Plana Nafarroako Parlamentuak onartu zuen 2006an).


2009-2011ko Berdintasun Plana diseinatzeko hasierako diagnosia egin dute, 1.926 pertsonaren parte-hartzearekin (1.342 emakume eta 584 gizon). Hezkuntza Departamentuko eta ikastetxeetako langileak izan dira, hain zuzen, eta horien parte-hartzeari esker, hezkuntza sistemaren hasierako egoera eta hobetzeko aukerak zehaztu ahal izan dituzte.


Bildu dituzten datuak beste entitate batzuetan bildutakoen antzekoak dira. Hartara, Hezkuntza Departamentuko langile gehienak emakumezkoak dira, baina zuzendaritza kargu gehienak gizonezkoei dagozkie. Zehazki, administrazioko eta zerbitzuetako langile gehienak eta irakasle gehienak emakumezkoak dira, baina bigarren mailako hezkuntzan eta zuzendaritza karguetan emakumezko gutxiago daude.


Hezkuntza jardunari dagokionez, ikastetxe guztiak ez datoz bat hezkuntza jardunean berdintasuna integratzearen garrantziari buruz. Hala, ikastetxe batzuk oso sartuta daude indarkeriaren prebentziorako, heziketa eraginkorrerako eta berdintasun harremanetarako proiektuen garapenean; beste batzuen ustez, berriz, berdintasuna lehendik ere lantzen dute ikastetxeetan eta ez da beharrezkoa modu berezian esku hartzea.


Datuok eta espezifikoagoak diren beste batzuk (hezkuntza materialak, hizkuntzaren erabilera, guneen antolaketa…) 2009-2011ko Berdintasun Plana diseinatzeko oinarri gisa erabili dituzte.


Planak bi helburu estrategiko hauek ditu:


1. Berdintasuna zeharka kontuan hartzea, hezkuntza sisteman baterako hezkuntzaren helburuak integratzeko aukera gisa
2. Generoaren ikuspuntua kontuan hartzea, Hezkuntza Departamentuko pertsonak, baliabideak eta zerbitzuak kudeatzeko politikak diseinatzeko eta garatzeko

Bi helburuotatik abiatuta hainbat ekintza atera dira, eskola komunitateari, irakaskuntza jardunari eta ikastetxeen eta Hezkuntza Departamentuaren antolakuntzari begira. Izan ere, arlo horietan guztietan gizonek eta emakumeek egiten dute lan. Honako ekintza hauei buruz ari gara, besteak beste: ikasliburuak eta hezkuntza materialak berrikusteko ekintzak, irakasleak trebatzeko ekintzak, orientazioa edo tutoretza, ikastetxeetako diagnosia egiteko eta konpromisoak definitzeko trebakuntza, batera ikasteko sareen antolakuntza, eta ikastetxeen arteko koordinazioa.


Departamentuaren proposamenak honako hauek dira: pixkanaka-pixkanaka eginkizunak berrikustea (plangintza, gastu publikoaren kudeaketa, araudia, edo ikuskatzea); sexu jazarpenari edo sexuarekin zerikusia duen jazarpenari aurrea hartzea; zuzendaritza karguak modu orekatuan banatzea; eta bateratze aukerak hobetzea.

Dokumentazioa:
Albiste osoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa