(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Sanz presidenteak hasi du "Agora Talentia" adimenari buruzko nazioarteko lehen foroa


Sanz presidenteak hasi du "Agora Talentia" adimenari buruzko nazioarteko lehen foroa

asteazkena, 2009.eko otsailak 11

Foroa gaur eta bihar egingo da Baluarten eta 300 pertsona baino gehiago bilduko dira han, talentuari buruzko hainbat hitzaldi eta eztabaidetan parte hartzeko



Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanz Sesmak hasi du gaur goizean, Nafarroako Baluarte Batzar Jauregi eta Auditorioan, Iruñan, "Agora Talentia" adimenari buruzko nazioarteko lehen foroa; foro hori gaur eta bihar egingo da. Aurkezpenera bertaratu dira, besteak beste, Álvaro Miranda Simavilla, bigarren presidenteordea eta Ekonomia eta Ogasun kontseilaria; Carlos Pérez-Nievas, Hezkuntza kontseilaria; María Kutz Peironcely, Osasun kontseilaria; eta Yolanda Barcina Angulo, Iruñako alkatea.


Nazioarteko foro hori Nafarroako Gobernuak antolatu du, Nafarroako Berrikuntza Agentziaren (gaztelaniaz ANAIN) bitartez eta Enpresa Sarea Dibertsifikatzeko Nafarroako Fundazioarekin (gaztelaniaz FNDTE) elkarlanean. Foroaren helburua da talentua garatzeko faktore kritikoak eta ardatzak identifikatzea; horretarako, pertsona ospetsuak, nazioarteko adituak, instituzio publikoak eta erakundeak bilduko dira, kezkak trukatzeko eta etorkizunerako joerak zehazteko. Era horretan, topaketan jorratuko dira pertsona adimentsuak edukitzeko premia, batetik, eta talentua enpresetan eta Administrazioan sustatzeko beharra, bestetik.


Forora 300 aditu baino gehiago bertaratuko dira, hainbat arlotakoak (enpresa, erakunde publikoak, hezkuntza, e.a.), eta, hitzaldiak emateaz gain, eztabaida foro bat osatuko dute, beren ideiak azaltzeko. Halaber, adierazpen bateratu bat egingo dute, bihar, izenburu honen pean: "Adimena jakintzaren aroan".


"Agora Talentia" sortu da Europako Sormenaren eta Berrikuntzaren Urtearen esparruan, Europako Parlamentuak babestuta. Asmoa da foroa iraunkor bihurtzea eta bi urtero bilerak egitea, talentua garatzeko programak eta ekintzak sustatze aldera.



Foru Erkidegoak berrikuntzarekin eta talentuarekin daukan lotura


Sanz presidenteak aurkezpenean esan duen moduan, foroa egiteko Nafarroa aukeratu dute lehiatzeko gaitasuna eta ongizate eta kalitate maila handiak dituelako. Nafarroa, gainera, ongizate eta garapen arloetan erreferente da estatuan eta Europan, EBko zerrendetan ikusten den moduan: 271 eskualdeetatik 38.a da per capita errentari dagokionez, eta 19.a teknologian kualifikatutako langileei dagokienez; Nafarroan, gainera, langileen %40k unibertsitate ikasketak dauzka.


Sanzek nabarmendu du Nafarroa berrikuntzaren eremuan ere erreferentea dela. Izan ere, Espainian enpresa berritzaileen portzentaje handiena daukan autonomia erkidegoa da, eta I+G+B arloan gehien inbertitzen duena, Madrilgo erkidegoarekin batera. Halaber, Nafarroak talentua garatzeko konpromisoa dauka hartua, bi unibertsitateen eta 14 zentro teknologikoen bitartez. Gauzak horrela, Sanz presidenteak esan duenaren arabera, "Agora Talentia" Nafarroaren erakusleiho bihurtu nahi da, berritzeko gaitasunaren, ekimen berriak gauzatzeko ahalmenaren eta foru enpresetako kalitatearen eta lehiatzeko gaitasunaren berri emateko, eta, era horretan, adimenaren arloan erreferente izateko.


Foroko mintzaldiei dagokienez, aditu hauek izango dira hizlariak, besteak beste: Sir Ken Robinson, negozioen eta hezkuntzaren alorreko talentuan nazioarteko aitzindaria; Richard Florida, idazlea eta zutabegilea The New York Times, The Wall Street Journal eta The Washington Post egunkarietan, besteak beste; Sam Lipson, Cambridgeko (Massachusetts) Osasun Publikoko Sailean Ingurumen Osasuneko zuzendaria; eta Inma Shara, munduko emakumezko orkestra zuzendari bakarrenetakoa.


Hitzaldien edukia eta nondik norakoa


Programa gaur hasi da, goizeko 9.15ean, Sir Ken Robinsonen hitzaldi honekin: "Jende adimentsua". Robinsonek esan du jende gehienak uste duela ez daukala gai jakin baten gainean talenturik, baina norberaren eta inguruaren erantzukizuna dela talentu hori aurkitzea eta sustatzea. Gero, 10.00etatik aurrera, hainbat mintzaldi izan dira, gai honen ingurukoak: "Inguru erakargarria"; mintzaldi horietan jakintza alorrean nagusi diren zentroei buruz hitz egin dute, Massachusettseko Institute of Technology delakoari eta Monterreyko Institutu Teknologikoari buruz, esaterako.


Gero, 12.30ean, gai hauek landu dira, "Berritzen joateko talentua erakartzen eta garatzen dakiten erakundeak" izenburupean: berrikuntza, gaur egungo gizartearen erreferente diren talentuak eta langileen gaitasunak sustatzen ondoen dakiten enpresak, besteak beste. Azkeneko saioak 16.30ean hasiko dira, eta honako hauek hitz egingo dute, besteak beste: Juan Pérez Mercaderrek, astrofisikari eta NASAko aholkulariak; eta Javier Tourónek, Gaitasun Handien Europako Kontseiluko buruak. Aditu horiek hitz egingo dute, esaterako, dauden talentu motez eta eskola adinean talentu hori antzemateko moduez. Bukatzeko, Soka Bikainen Nazioarteko Zentroko ikasleek kontzertua emango dute, arratsaldeko 18.30ean.


Bihar, osteguna, aurreneko hitzaldia Richard Floridak emango du, 9.30ean: "Talentua erakartzea eta garatzea jakintzaren aroan. Ikuspegi globala". Ondoren, 9.45ean, World Café delakoa hasiko da, talentuaren dekalogoa egiteko asmoarekin; jarduera horretan hitzaldietara bertaratutako 300 pertsonek parte hartuko dute. Bukatzeko, 13.45ean, dokumentu hau sinatuko dute: "Jakintzaren aroko talentuari buruzko Nafarroako Aitorpena". Dokumentu hori idatziko dute Nafarroako Gobernuak, FNDTE erakundeak, Europako Batzordeak eta hainbat enpresa eta erakundek.


Oharra:

www.navarra.es web guneko "aktualitatea" atalean prentsa ohar honi buruzko argazki bat eta Sanz presidentearen hitzaldi osoa daude.
Dokumentazioa:
Intervención del Presidente Sanz.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa