(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Toki Administrazioko Departamentuak eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak 2009-2012ko Tokiko Inbertsioen Plana aztertu dute

asteazkena, 2009.eko otsailak 11

Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko (FNMC) batzorde eragileko kideak Amelia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariarekin eta Pedro Pegenaute Garde Toki Administrazioko zuzendari nagusiarekin bildu dira, gaur, 2009-2012ko Tokiko Inbertsioen Plana aztertzeko.



Beste gai batzuk ere izan dituzte hizpide, hala nola Tokiko Inbertsioen Estatu Funtsa edo Nafarroako tokiko entitateen berrantolaketa administratiboari buruzko eztabaida, Parlamentuan eginen dutena. Bilera FNMCko egoitzan egin dute, hain zuzen.


Bilera berean, Salanueva kontseilariak Laura López Castro FNMCko idazkari nagusi berria agurtu du, eta Departamentuak legealdi honetan abian jarri dituen proiektuen eta aurreikusten dituen esku-hartzeen berri eman dio. López Castro berriki izendatu dute FNMCko idazkari nagusi, eta orain arte idazkaritza eta aholkularitza lanak egin izan ditu hainbat udaletan (Lizarrerrian, Erdialdean eta Iruñeko Eskualdean).


Amelia Salanueva kontseilariak eta Jesús María García Antón FNMCko presidenteak balioespen positiboa egin dute Tokiko Inbertsioen Estatu Funtsaren gainean; hots, Nafarroan 107 milioi euro banatuko dituen Estatu Funtsaren gainean. Gainera, FNMCko presidenteak eskerrak eman dizkio Toki Administrazioko Departamentuari, udal askori laguntzen izapideak egiten lagundu dielako.


Era berean, 233,3 milioi euroko aurrekontua duen Tokiko Inbertsioen Planaren bidez Nafarroako udal eta kontzejuetan gauzatu ahal izanen dituzten proiektuak eta hobekuntzak ere azpimarratu dituzte bi ordezkariek. Gainera, 2009-2012ko Tokiko Inbertsioen Planaren baitan tokiko entitateek erabakitzen dituzten inbertsioak egiteko kontu-sail bat dagoela azpimarratu dute (40 milioi euro), eta kontu-sail horrek tokiko entitateei erraztasun asko emanen dizkiela adierazi dute. Tokiko entitateek inbertsioak egiteko, inbertsioak kitatzeko, edo Estatu Funtsaren bidez gauzatuko dituzten lanetako proiektuak eta zuzendaritza teknikoa ordaintzeko erabili ahal izanen dute kontu-sail horretatik dagokien zenbatekoa, hain justu.


Bestalde, Nafarroako tokiko entitateen berrantolaketa administratiboari buruzko azterlana Foru Parlamentuan aztertuko dute 2009an, txosten baten bidez, eta gaurko lan saioan gai hori ere izan dute hizpide. FNMCk 2008an jakin zuen azterlanaren berri, eta dokumentua Parlamentuan eztabaidatzen dutenean eginen ditu dagozkion ekarpenak eta balioespenak.


Oharra:

www.navarra.es webguneko "Berriak" atalean prentsa ohar honi buruzko argazki bat dago.





Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa