(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroako Gobernuak 715.000 euroko gastua eginen du, iraupen eskiko eta izotz gaineko irristaketako eskola kanpainetarako diru laguntzak emateko

astelehena, 2009.eko otsailak 16

Nafarroako Gobernuak 715.000 euroko diru laguntza emanen du, Nafarroako Kirol Institutuaren bidez, Iraupen Eskiko XXV. Eskola Kanpainaren eta Izotz Gaineko Irristaketako III. Eskola Kanpainaren antolakuntza eta kudeaketa finantzatzeko. Horixe bera hitzartu dute gaurko Gobernu Bilkuran, zenbait akordioren bidez. Eski kanpaina Izaban eta Otsagabian ari dira egiten, eta irristaketakoa, berriz, Uharten.



Horrela bada, Izabako Udalak 575.000 euro jasoko ditu, Erronkaribarren iraupen eskiko kanpaina gauzatzeko. Otsagabiako Udalak, berriz, 115.000 euro jasoko ditu, eta Uharteko Udalak, azkenik, 25.000 euro, ARTIC Izotz Jauregian izotz gaineko irristaketa kanpaina gauzatzeko.


2009ko datuak


Iraupen Eskiko XXV. Eskola Kanpaina Nafarroako Gobernuak antolatu du, Izabako eta Otsagabiako Udalen laguntzarekin, eta Nafarroako 133 ikastetxetako 5.281 ikaslek parte hartuko dute bertan.


Kanpaina, ikasleen artean Aste Zuria izenez ezagunagoa dena, 2009ko urtarriletik apirilera bitarte ari dira egiten, Belaguako eta Abodiko pistetan. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek parte har dezakete bertan, eta baita eskolatze adinean dauden ezindu fisiko, psikiko eta sentsorialek ere.


Talde bakoitzak bost eguneko egonaldia egiten du, eta prezioa 213 eurokoa da. Nafarroako Gobernuak 86 euro ordaintzen ditu.


Izotz Gaineko Irristaketako III. Eskola Kanpainari dagokionez, berriz, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako 831 ikaslek parte hartuko dute bertan, eta baita eskolatze adinean dauden ezindu fisiko, psikiko eta sentsorialek ere. Nafarroako 31 ikastetxetako ikasleak izanen dira, hain zuzen. Kanpaina urtarrilaren 14an hasi zen, eta apirilaren 24an amaituko da.


Kanpainak 50 euroko kostua du parte-hartzaileko, garraio gastuak kontuan hartu gabe. Nafarroako Gobernuak oso-osorik ordaintzen ditu garraioarekin eta antolakuntzarekin lotutako gastuak, eta ondorioz, prezioa 26 eurokoa da, eskola teoriko-praktikoak eta berariazkoa materialaren mailegua barne (irristailuak, kaskoa, belaun-babesak eta ukondo-babesak).


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa