(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Euskarabideako ordezkariek Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarean parte hartu dute, Bruselan

asteartea, 2009.eko otsailak 17

Europan 50 milioi herritarrek baino gehiagok lurraldeetako edo eremu urriko hizkuntza dute



Xabier Azanza Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak NPLDko (Netword to Promote Linguistic Diversity) Zuzendaritza Batzordearen bileran parte hartu du, Bruselan. Europan hizkuntza aniztasuna sustatzea xede duen sarea da, eta Leonard Orban Eleaniztasunaren europar komisarioak sortu zuen, 2007an.


NPLDk eremu urriko hizkuntzak sustatzen ditu, Europa eleaniztunaren testuinguruan. Bi kide mota ditu: Estatuetako edo Autonomietako Gobernuak (Estonia, Letonia, Gales, Irlanda, Britainia, edo Galiziakoak, besteak beste), eta hizkuntzak sustatzen dituzten erakundeak (unibertsitateak, "European Bureau for Lesser-Used Languages" -hizkuntza aniztasuna sustatzen duen gobernuz kanpoko erakundea-, "Mercator" -baliabide espezializatu, zerbitzu eta informazio zentroa, Europako eremu urriko hizkuntzetan espezializatua-, eta Okzitaniera Azterlanen Institutua -Liomusin, Languedoc, Akitania eta Frantziako Alpeetako hegoaldeko hizkuntza eta kultura zabaltzea eta sustatzea helburu duen institutua-, besteak beste).


Bilera otsailaren 12an eta 13an egin zuten, eta eleaniztasuna defendatzeko printzipioak aztertu zituzten bertan. Zentzu horretan, hizkuntza guztiak taldeko identitatea adierazteko moduak direla, hizkuntza bakoitzak errealitatea hautemateko eta deskribatzeko modu berezia duela, eta eleaniztasunak harremanak izateko, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera gehiago eta aukera hobeak ematen dituela adierazi zuten.


Bestalde, sareak bazkideei eskaintzen dizkien zerbitzuak berrikusi zituzten. Honako zerbitzu hauei buruz ari gara, besteak beste: Europar Batasuneko finantzaketa baliabideak identifikatzea, proiektuak gauzatu ahal izateko; antzeko egoeran dauden hizkuntza komunitateetako jardunbide egokiak eskuragarri jartzea; edo EBk eleaniztasunaren arloan gauzatzen dituen jardueren berri ematea.


Gainera, Europako Batzordearen aginduari jarraiki, NPLD Europa mailako ikerketa batean parte hartzen ari da. Eleaniztasunari eta Sormenari buruzko ikerketa da, eta sormenaren eta berrikuntzaren eta hizkuntza bat baino gehiago jakitearen arteko harremana aztertzea du helburu.


Azkenik, NPLD gaur egun gauzatzen ari den lau proiektuak zer egoeratan dauden ere berrikusi zuten bileran. Honako proiektu hauek dira, hain zuzen: lurraldeetako edo eremu urriko hizkuntzak teknologia berrietan erabiltzeko erraztasunak emateko proiektua; "Pre-School Education", 0,5-4 urteko haurrak hizkuntzen erabileran murgiltzeko prozesuan aplikatzen diren ezaguerak eta metodologiak aztertzeko proiektua; hizkuntzak transmititzeko tresna praktikoetan berrikuntzak egiteko proiektua; eta azkenik, "Youth", elebitasun edo eleaniztasun eraginkorra sustatzeko proiektua (izan ere, 15 urte bete baino lehen hizkuntza bat baino gehiago ikasten dituzten gazteek sarritan helduaroan arazoak eta oztopoak izaten dituzte ikasitako hizkuntzak erabiltzeko).


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa