(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroako Automobilgintza Klusterrak sektoreko lehiakortasun plana aztertu du

asteartea, 2009.eko otsailak 17

Foru Komunitateko Automobilgintza Klusterreko enpresen eta eragileen hirurogeita hamar ordezkarik bilera egin zuten atzo (astelehena, otsailaren 16a), Automobilgintza Sektoreko Lehiakortasun Plana (Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa) eta proiektuak lantzeko aukera aztertzeko.



Automobilgintza Sektoreko Lehiakortasun Planak Espainian sektorearen lehiakortasuna mantentzea eta hobetzea helburu duten neurriak antolatu ditu, hain zuzen. Automobilgintza sektoreko industria enpresek banaka (enpresa bakar bat) edo taldean (bi enpresa edo gehiago) aurkeztutako lehiakortasun planetako esku-hartzeak gauzatzeko laguntzak dira, zehazki.


Planak 800 milioi euroko gehienezko aurrekontua izanen du 2009an, Estatu osoan, honela banatuta: 110 milioi euro, diru laguntzak; eta 690 milioi euro, maileguak. Salbuespenezko ekimena da, eta sektoreari laguntzeko neurriak ezartzea du xede, jarduera ekonomikoaren beherakadaren ondorioei aurre egin ahal izateko eta susperraldiari kokagune estrategiko batetik aurre egin ahal izateko.


Azken batean, planeko esku-hartzeek sektoreko konpainien lehiakortasuna bultzatzea dute helburu, honako arlo hauetan: produktuen eta zerbitzuen balio erantsia handitzea, garraio garbiari begira; ekoizpen prozesuen eraginkortasuna eta iraunkortasuna areagotzea; ibilgailu iraunkorragoak egiten hastea (hibridoak, elektrikoak eta gas gutxiago igortzen dituztenak); giza baliabideen gaikuntza teknikoa hobetzea; eta ekoizpen estrategia eta antolakuntza prozesu aurreratuak ezartzea.


Esparru horretan, Nafarroako Automobilgintza Klusterreko ordezkariek zenbait jarduera ildo proposatu dituzte. Enpresak buru izanen lituzketen eta sektoreko etxe guztietarako onuragarriak izanen liratekeen taldeko lehiakortasun planak osa ditzaketen jarduera ildoak dira, hain zuzen.


Zehazki, Nafarroako automobilgintza enpresetako langileen gaikuntza teknikoaren arloan batera jardun dadin proposatu du klusterrak (lehiakortasunaren hobekuntzarekin lotutako trebakuntza). Klusterrak proposatu dituen beste jarduera ildo batzuk honako hauek dira: igorpenak, isurketak eta hondakinak gutxitzea, ekoizpen prozesuetan energia aurreztea, eta birziklatu ezin diren produktuen ordez produktu birziklagarriak erabiltzea. Gainera, klusterrak enpresa kolaboratzaileak bilatzen lagun diezaieke taldeko proiektuak abiatu nahi dituzten enpresei.


Horrela bada, ekimen horiekin bat egin nahi ote duten erabaki beharko dute sektoreko enpresek, behin betiko lehiakortasun planak otsailaren 13a baino lehen landu ahal izateko (horixe bera da proposamenak aurkezteko azken eguna).


Nafarroako Automobilgintza Klusterrak Foru Komunitateko automobilgintza sektoreko eragile guztiak biltzen ditu (enpresak, eragile sozialak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak) eta Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroak (CEIN) dinamizatzen du. Sektorearen interes eta erronka estrategikoen alde modu koordinatuan lan egitea du helburu.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa