(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Sanz presidentea Toledon izan da, erakusketa batean; bertan, Nafarroako Jauregian egon ohi den lan bat dago ikusgai, Fernando VII.aren erretratua (Goya)

asteazkena, 2009.eko otsailak 18

Erretratua Gaztela-Mantxako Komunitateen Batzordeari utzi dio Nafarroako Gobernuak, Independentzia Gerrako ondareari buruzko erakusketarako



Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidentea Toledon izan da, gaur goizean, "España 1808-1814. De súbditos a ciudadanos" erakusketan. Bertan, Nafarroako Jauregian egon ohi den lan bat dago ikusgai, Fernando VII.aren erretratua (Goya, 1814).


Nafarroako Gobernuak margolana behin-behinean utzi du, Gaztela-Mantxako Komunitateen Batzordeak eta Espainiako Gobernuak Santa Cruz Museoan antolatu duten erakusketarako. Erakusketa iazko abenduan inauguratu zuten, eta dagoeneko 35.000 bisitari izan ditu. Independentzia Gerraren bigarren mendeurrena eta gerraondoko urteetan Espainiako gizartean eta politikan jazo ziren aldaketak gogora ekartzea ditu helburu, hain zuzen.


Sanz presidenteak José María Barreda Gaztela-Mantxako presidentearekin eta María Soledad Hierro Kultura, Turismo eta Artisautza kontseilariarekin batera bisitatu du erakusketa. Sanzek arreta berezia eskaini dio Fernando VII.aren erretratuari (Francisco de Goya). Esan dugun moduan, lan hori Nafarroako Jauregian egon ohi da, eta Nafarroako Gobernuak erakusketarako utzi du. Hala, Barreda presidenteak eskerrak eman dizkio Sanzi, artelana utzi izanagatik, eta Sanzek, berriz, honako hau adierazi du: "garrantzi handiko erakusketa da, gure herriko artea eta historia maite dugunontzat". Gainera, Goyaren lanak Nafarroarentzat esanahi berezia duela azpimarratu du Sanzek. Azkenik, Sanzek Gaztela-Mantxako presidentearen abegikortasuna eskertu du, eta honako hau azpimarratu du: "bion arteko adiskidetasunari jarraiki, ahal dugun guztietan elkarri laguntzen diogu, erakusketa honetan kasu".


Fernando VII.aren erretratua (Goya)


"Retrato del rey Don Fernando VII de España y III de Navarra" Francisco de Goya y Lucientesen lana da, 1814koa. Oihal gaineko olioa da, eta bere neurriak 104 cm x 83,5 cm dira. Gorputz erdiko erretratua da, eta erregea dagozkion ikurrekin ageri da: errege koroa, alboan; Espainiako armadako gazteluak eta lehoiak dituen aginte makila, eskuineko eskuan; eta sablea, gerrikoan (urrezko heldulekuaren arrasto batzuk baino ez dira gelditzen gaur egun). Erregeak honako jantzi hauek ditu soinean: zetazko kasaka bat (urre kolorekoa, lore urdinekin), Karlos III.aren Ordenako zinta (zuri-urdina), kapa bat (purpura kolorekoa, urre koloreko lirioekin eta katazuri larruzko azpikoarekin), eta Urrezko Ardi Larruaren Ordenako lepokoa.


Erakusketara eraman aurretik, margolana lehengoratu egin zuten, 2008ko irailetik azarora bitarte. Lehengoratze lanak erakusketaren antolatzaileek finantzatu zituzten eta Iruñeko "ARTRES, restauración SL" lantegian egin zituzten, Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko teknikarien zuzendaritzarekin. Aurrekontua 5.634,12 eurokoa izan zen. Lanen bidez Nafarroan dagoen Goyaren margolanetako baten itxura hobetu dute, eta gainera, agerian gelditu da uste zutena baino kalitate hobea duela.


Oihala mantentzeko eta lehengoratzeko egin duten azken tratamenduak agerian utzi du pinturaren konposizioa nabarmen aldatu dela. Gainera, agerian gelditu da oraingoa ez dela izan margolanean egin duten lehen esku-hartzea, eta baita lehendik egindako esku-hartzeek erretratuaren kalitatea okertu zutela ere. Hala, jatorrizko erretratuko kapak ez zuen erregea inguratzen; aitzitik, irekita zegoen. Gainera, margolana berrehundu egin zuten, atzealdea beltzez margotu zuten, eta behealdean "Fernando III de Navarra y VII de Castilla" idatzi zuten. Orain, Goyaren lanetan ohikoak diren krakelatuekin (zirkulu zentrokideetan), jatorrizko hondoa gris kolorekoa zela ikus daiteke. Gainera, espezialisten arabera, margolariaren pintzelkada solteak nabari daitezke, batik bat lepoan, mahuketan eta Urrezko Ardi Larruaren Ordenako lepokoan.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa