(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroan egindako zilbor-hesteko odol-emateetako hiru unitate erabili dituzte dagoeneko transplanteetan

asteazkena, 2009.eko otsailak 18

2008an 1.315 odol-emate egin zituzten Nafarroan, Ama-haurren Zerbitzua duten hiru ospitaleetan



Foru Komunitatean erditu duten emakumeek egindako zilbor-hesteko odol-emateetako hiru unitate erabili dituzte dagoeneko transplanteetan. Horixe bera azaldu du María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak, gaur goizean, prentsaurrekoan,. Harekin batera egon da Joan García López Bartzelonako Odol eta Ehun Bankuko Zilbor-hesteko Odolaren Programako zuzendaria (Nafarroako odol-emate guztiak banku horretan zentralizatzen dituzte).


Hiru laginetako bat Lizarrako García Orcoyen Ospitalekoa zen, eta 2008ko abenduan erabili zuten. Gainerako biak, berriz, Iruñeko Bideko Ama Birjina Ospitalekoak ziren, eta 2009ko urtarrilean erabili zituzten. Gogoan izan behar dugu batez beste urtebete itxaron behar izaten dela odol laginak erabili aurretik, segurtasun neurri gisa. Beraz, aipatu ditugun odol-emateak 2007an egin zituzten.


Bestalde, 2008an 1.315 odol-emate egin zituzten Nafarroan, Ama-haurren Zerbitzua duten hiru ospitaleetan (Iruñeko Bideko Ama Birjina Ospitalean, Lizarrako García Orcoyen Ospitalean, eta Tuterako Sofia Erregina Ospitalean), eta Bartzelonako Bankuak odol-emateen %80 onartu zituen. Beraz, Joan García Lópezek adierazi duenez, Foru Komunitateko zilbor-hesteko odola "kalitate handikoa da". Garcíaren esanetan, gainera, "Concordia" programa "modu bikainean" ari da gauzatzen Nafarroan.


Kutz kontseilariak ekitaldia aprobetxatu nahi izan du zilbor-hesteko odol-emateak egiten dituzten emakumeen elkartasun keinuarengatik eskerrak emateko eta osasun etxeek egiten duten "garrantzizko lana" aintzat hartzeko; bide batez, gauza bera egin dezaten eskatu die emakume guztiei.


Gogoan izan behar dugu odol-emateek bi alderdi dituztela: alderdi kuantitatiboa eta alderdi kualitatiboa. Kantitatea odol-emate kopuruaren mende dago, eta kalitatea, berriz, bildutako odol bolumenaren arabera neurtzen da; izan ere, lagin bakoitzak gutxienez ere 110 ml behar ditu baliagarria izateko, eta batzuetan ezinezkoa izaten da bolumen hori biltzea. Erditzeko baldintzen eta mediku taldearen lanaren baitan dago hori. Horrela bada, zenbat eta odol gehiago bildu, lagina baliagarria izateko aukera handiagoa izanen da, laginak zelula gehiago izanen dituelako.


Odol laginak honela biltzen dituzte: hasteko, lagina kit berezi batean sartzen dute, eta ondoren, kamera txiki batean sartu (sei lagin kamera bakoitzean) eta Bartzelonara bidaltzen dute (bidalketak edozein egunetan egiten dituzte, baita asteburuetan ere, odol lagin bat dagoen guztietan). Hala, gehienez ere 44 ordu igarotzen dira laginak jasotzen dituztenenik Bartzelonan tratatzen dituzten arte.


Astelehenetik ostiralera, garraio enpresak 20:30ean biltzen ditu zilbor-hesteko odol laginak, ospitaleetan, biharamuneko 8:30 baino lehen Bartzelonara iristeko (Bartzelonako Bankuak 8:00etatik 10:00etara jasotzen ditu laginak). Asteburuetan, berriz, bilketa zerbitzu berezia egiten dute: garraio enpresak larunbatetik igandera bitarteko gauean eta igandetik astelehenera bitarteko gauean biltzen ditu laginak, Bartzelonara ezarritako ordutegian iristeko.


Zilbor-hesteko odol laginen garraioak 128.759 euroko kostua izan zuen 2008an. Laginak sartzeko kit bereziek, berriz, 12,36 euro balio dituzte.


Nola egiten dira odol-emateak?


Odol-emateak egin aurretik, emaileek baimena eman behar izaten dute, eta horretarako, prozesuaren berri ematen diete, erditu aurretik, emaginen kontsultan (Emakumeak Artatzeko Zentroetan) eta obstetraren kontsultan. Edozein gorabehera dela-eta odol-ematerik egin ez dezaketen emakumeei arrazoiaren berri ematen diete; baldintzak betetzen dituztenei, berriz, prozesuari buruzko informazioa ematen diete. Ondoren, odol-ematea egin nahi ote duten erabakitzeko denbora ematen diete, eta ados baldin badaude, baimen agiria izenpetzen dute. Eskari horrekin erditzera joaten dira. Odol-ematea modu altruistan egiten da, eta ez du arriskurik.


Haurra jaio ondoren eta karena oraindik umetokian dagoenean, zilbor-hesteko odola jasotzen dute, ziztada esteril baten bidez. Jasotako odol lagina, amaren odol lagin bat eta zilbor-hestearen zati bat ospitaleko odol bankura bidaltzen dituzte, dagozkien agiriekin, eta han egoten dira, Bartzelonako bankura garraiatzeko kamerak muntatu bitarte. Esan dugun moduan, bidalketak egunero egiten dituzte, eta Bartzelonako bankuak laginak aztertzen ditu, eta baita laginak hotz mantentzeko prozesua ere. Hala, gehienez ere 44 ordu igarotzen dira laginak jasotzen dituztenenik Bartzelonan tratatzen dituzten arte.


Nafarroan, odol-emateei buruzko informazioak harrera ona izaten du eta odol-emateak egin dituzten gurasoak gustura daude.

Dokumentazioa:
Albiste osoa
Vídeo de esta rueda de prensa
Audio de esta rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa