(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Inauguratu dute Donezteben Baztan-Bidasoa eskualderako hirigintza aholkularitzarako bulego berria

asteartea, 2009.eko otsailak 24

Etxebizitza kontseilariak esan du Nafarroako gobernuak etxebizitzak birgaitzeko ematen dituen diru-laguntzak boskoiztu egin direla hamar urtean: iaz 18,6 milioi euro banatu ziren



Tokiko erakundeei aholkularitza teknikoa eskaintzeko Nasursa sozietatearen Baztan-Bidasoa eskualderako bulego berriaren inaugurazioan Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilari Jose Carlos Esparza Saez izan du buru. Bulego horretan hirigintza eta etxebizitza alorreko laguntza teknikoa eskainiko zaie tokiko erakundeei eta partikularrei.


Bulegoa Oteiza auzoko Juansena etxean egon da azken urtean eta orain behin betiko egoitzara eraman dute, Mercaderes kaleko 6. zenbakira. Obretan 99.407,09 euro inbertitu dituzte. Inaugurazio ekitaldian izan dira, baita ere, Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea eta Idoia Madariaga Nasursa sozietateko gerentea.


Bulego horretan lan egiten dute bi arkitektok, aparejadore batek eta bi administrarik. Gaur egun eskualde guztiko biztanleen erdiari ematen die arreta, eskualdeko 21 Udaletatik 12 atxiki baitira dagoeneko aholkularitza zerbitzura.


Martxan egon den hamabi hilabeteetan, Doneztebeko bulegoan birgaitzeei buruzko ahozko 168 kontsulta argitu dituzte eta 56 espediente bideratu dituzte, 108 etxebizitzenak; etxebizitza horiei Nafarroako Gobernuaren 444.616,11 euroko diru-laguntza dagokie. Gainera, 14 bizigarritasun zedula gestionatu dituzte. Horrez gain, atxikitako udalerriek eskatuta, 90 hirigintza espediente bideratu dituzte.


Inaugurazio ekitaldian, Esparza kontseilariak eskertu egin du Baztan-Bidasoako eskualdean ekimenak izan duen harrera ona, eta nabarmendu du Nafarroako Gobernuak ahalegin handia egingo duela etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzak gehitzeko eta hirigintza alorrean tokiko erakundeekin elkarlanean aritzeko.


Horren harian, kontseilariak gogorarazi du Nafarroako Gobernua Hirigintza eta Etxebizitza alorreko Presako Neurrien Foru Legea aurrera eramateko lanean ari dela; lege hori Parlamentuak onartu beharko du.


Presako neurri horietako bat da hamabost urte baino gehiago dauzkaten eta bizileku nagusi diren etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzak gehitzea. Alde horretatik, Esparza kontseilariak azpimarratu du azken hamar urteetan diruz lagundutako birgaitzeek gora egin dutela, argi eta garbi. 1998tik 2008ra, adibidez, babestutako birgaitze espedienteen kopurua hirukoiztu egin da eta Nafarroako Gobernuak emandako diru-laguntzen zenbatekoa boskoiztu. Gauzak horrela, Gobernuak 18,6 milioi euro baino gehiago eman zituen iaz .


Nafarroako Gobernuak laster igorriko dio Nafarroako Parlamentuari Hirigintza eta Etxebizitza alorreko Presako Neurrien Foru Legea. Lege horretan Nafarroako Gobernuak proposatuko du 3.000 euro bitarteko diru-laguntzak ematea 4.000 euro baino gehiagoko aurrekontua daukaten berrikuntzetarako, baldin eta aurrekontu hori bada sukaldea eta bainugela berritzeko eta barruko zorua eta ateak aldatzeko. Asmoa da, baita ere, bizilagunen elkarteei eta etxebizitzak energia eraginkortasun irizpideen arabera edota domotika tresnekin eraikitzen dituzten sustatzaileei diru-laguntza gehiago ematea.


Neurrien berritasuna, ordea, ez da diru-laguntza portzentajeen igoera bakarrik, baita diru-laguntza horiek edozeinek eska ditzakeela ere, errenta maila kontuan hartu gabe.


Gobernuak informazio kanpaina bat jarriko du abian, biztanle guztiek izan dezaten neurrien berri. Gauzak horrela, herritarrek birgaitze bulegoetara joan besterik ez dute izango, haien kasuak azter ditzaten. Legearen testua onartzeko izapidea amaitu eta Presako Neurrien Legea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, neurriak 2011ko abenduaren 31 arte egongo dira indarrean.

Dokumentazioa:
Albiste osoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa