(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Roig kontseilariak Nafarroako enpresek lehiakortasun-planera aurkeztutako proiektuak nabarmendu ditu

asteartea, 2009.eko otsailak 24

Gaur goizean Industria eta Energia Aferetarako Biltzar Sektorialean parte hartu du, Miguel Sebastián ministroa buru zela



José María Roig Aldasoro Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariak gaur goizean Industria eta Energia Aferetarako Biltzar Sektorialean parte hartu du, Miguel Sebastián Industria, Turismo eta Merkataritza ministroa buru zela. Biltzar horretan modu positiboan baloratu du Nafarroako enpresek lehiakortasun-planera aurkeztu duten proiektuen kopurua.


Nafarroako sektoreko enpresek 32 proiektu aurkeztu dituzte planera, eta Espainia osotik 413 bidali dira; hau da, Nafarroakoak nazioko kopuru osoaren %7,7 dira. Nafarroako enpresen 32 proiektu hauek 207,1 milioi euroko inbertsioa eskatzen dute, Espainiako 4109 milioi euroko inbertsio osoaren aurrez aurre, hau da, kopuru osoaren %5.


Kontseilariak nabarmendu du Nafarroa dela proiektu gehien aurkeztu dituen inguruetako bat, hurrengo hauen atzetik: Katalunia, 107 proiekturekin; Euskal Autonomia Erkidegoa, 63 proiekturekin, eta Valentziako Erkidegoa eta Galizia, 40 proiekturekin bakoitza.


Madrilen egindako bileran, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak diru-laguntzen deialdia martxoan ebatziko duela adierazi da. Roigek espero du Nafarroako enpresen proiektuek Estatuko laguntza ekonomikoa jasoko dutela eta sektorea eta industriako enplegua sendotzen lagunduko dutela.


José María Roigek nabarmendu du Nafarroatik aurkeztutako proiektuak enpresen ekimena direla, eta aldi berean, Automozio Klusterraren eta Automozio Sektorearen Lehiakortasun Planaren bidez egindako baterako lanaren emaitza. Plan horretan Nafarroako Gobernuak, enpresek, sindikatuek eta teknologia-zentroek parte hartzen dute.


Gogoan izango dugunez, Foru Komunitateko automozio-sektorearen klusterreko enpresen eta agenteen hirurogeita hamar ordezkari joan den astean bildu ziren Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Automozio Sektoreko Lehiakortasun Planaren xehetasunak ezagutzeko eta proiektuak egiteko aukerak aztertzeko.


Automozio Sektoreko Lehiakortasun Planak zenbait neurri ezartzen ditu sektorea Espainian mantendu eta hobetzeko, eta horretarako laguntzak emango dira automozio-sektoreko industria-enpresek banaka (enpresa bakar bat) edo elkarrekin (bi enpresa edo gehiago) aurkeztutako lehiakortasun-planak osatzen dituzten jarduerak egiteko.


Planaren zenbateko osoa 2009rako, nazio mailan, 800 milioi eurokoa da, eta horietatik 110 milioi euro diru-laguntza moduan emango dira, eta 690 milioi mailegu moduan. Salbuespen izaerako ekimena da, eta horren bidez neurriak ezarri nahi dira, jarduera ekonomikoaren beherakadak eragindako efektuei aurre egiteko. Horrez gain, ekimen horren bidez, sektorearen kokapen estrategikoari mesede egin nahi zaio krisitik berreskuratzeko aldiari aurre egiteko.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa