(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Foruzaingoak 244 etxebizitza babestu bisitatu ditu hilabete batean, ohiko etxebizitzarako erabiltzen diren kontrolatzeko

ostirala, 2009.eko otsailak 27

Ia hilabete batean, joan zen otsailaren 4az geroztik, Foruzaingoak 224 etxebizitza babestu bisitatu ditu adjudikazio hartzaileek beraiek erabiltzen duten edo, errentan emandakoen kasuan, maizterrak Nafarroako Gobernuak ikus-onetsitako kontraturik duen jakiteko. Guztira 260 etxebizitza bisitatuko dituzte, Etxebizitza eta Lurraldearen Antolamendu Departamentuak abenduan abian jarri zuen Kontrol eta Ikuskapenerako 2009-2010 urteetako I. Planari jarraikiz.



Kontroletan sarturik daude 2007an eta 2008an zehapena jaso zuten titularren etxebizitza guztiak –70 inguru–. Horrez gain, departamentua gutuna bidaltzen ari zaie mila bat jaberi, azken 14 hilabeteetako ur, elektrizitate eta gas kontsumoen berri ematen duten fakturak eskatzeko. Ikuskapen kanpaina hau ekainean amaituko da, baina Foruzaingoak departamentuari jakinaraziko dizkio atzemanen dituen iruzurrezko errentamenduen kasuak, zehapen espedientea irekitzeko.





Ikuskapenak gehienbat Iruñeko eta Iruñerriko etxebizitzetan egiten ari dira, baina beste zenbait herritan ere: Tuteran, Cabanillasen, Etxarri Aranatzen, Erriberrin edo Cintruénigon; lurzoru publikoan sustatutako pisuetan (Sarriguren, Mendillorri, udalen lurzoru ondarea etab.), diru-laguntzak jaso dituzten titularrekin, behin betiko kalifikazioa jaso zenetik urtebete baino gehiago iraganikoekin, bai eta etxebizitza hutsik dagoelakoan salaketa jarria dutenekin ere.





224 bisitak herri hauetan egin dira orain arte: Antsoain (4), Artika (18), Aiegi (2), Barañain (4), Beriain (2), Berriobeiti (7), Berriozar (11), Burlata (1), Cabanillas (4), Corella (2), Cortes (2), Lizarra (2), Uharte (7), Monteagudo (3), Mutiloagoiti (11), Mutiloabeiti (3), Sarriguren (103), Tutera (5) eta Atarrabia (9).





Jarduketa hau 2009-2010 urteetarako Etxebizitzaren arloko Ikuskapen Planaren barruan dago, plan horretan 2.000 etxebizitzatik gora ikuskatzea aurreikusirik baitago legea betetzen dela ziurtatzeko. Gainera, UPN-CDNren Gobernuak eta PSNk izenpetu zuten Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialak ere (2008-2011) jaso zuen kontrol neurri hauek areagotzeko asmoa. Are gehiago, Etxebizitzarako Eskubidearen Foru Legea izanen denak zehapen araubide zorrotzagoa ezarriko du.





Gogora ekarriko dugu etxebizitza babestuetan bizitzen hasteko sei hilabeteko epea dagoela, salerosketaren araubideko etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikazioa jasotzen denetik. Alokairurako kalifikatutako etxebizitzen eta laguntza publikoekin zaharberritutakoen kasuan, berriz, epe hori hiru hilabetekoa da gehienez. Titularrak epe hori gainditzen badu urtebetera iritsi gabe arau-hauste arina eginen du (300etik 3.000 eurora bitarteko isuna); etxebizitzak urtebete edo gehiago ematen badu hutsik, arau-haustea larria da (3.001etik 30.000 eurora bitarteko isuna).





Lehen eta bigarren ikuskapenak ez gainditzeak isuna dakar. Hirugarren ikuskapenean adjudikazio hartzaileak etxebizitza galduko luke. Gobernuak urte horretako moduluaren araberako prezioan erosiko luke etxebizitza eta beste pertsona bati adjudikatuko lioke.





2002an hasi ziren egiten kontrol hauek, eta ez da orain arte etxebizitzarik desjabetu. Esparza kontseilariak berriki azaldutakoaren arabera, bi arrazoi daude horretarako. Lehena, legea berri samarra izatea, 2004koa, eta hiru ikuskapenak egiteko epe batzuk behar dira. Baina arrazoi nagusia da lehendabiziko zehapen espedientea jaso ondoren ia denak hasten direla etxebizitza erabiltzen.





Kontseilariak aurreratu zuen Etxebizitzarako Eskubidearen Foru Legea izanen den horretan murriztu eginen dela babestutako etxebizitza desjabetu aurretik egiten diren errekerimenduen kopurua. Etxebizitzara legezko epean bizitzera joan gabe urtebetetik gora iragan dela atzemanez gero, zehapen espedientea irekiko litzateke. Beste hilabete bat egoera horretan emanez gero etxebizitza desjabetu eginen litzateke.





Arlo honetako ikuskapenak 2002aren amaieran hasi ziren, 200 etxebizitza kontrolatuz. Ordutik hasita kopuru horrek gora egin du nabarmen. Ikuskapenen ondorioz, departamentuak aurretiazko eginbideak abiarazi zituen 55 kasutan, eta 35 pertsonari zehapen espedientea ireki zitzaien; horietatik 20k isunak jaso dituzte, Iruñeko eta Iruñerriko etxebizitzen kasuan 4.500 euro ingurukoak, eta 15 espediente daude ebatzi zain. Horrez gain, 20 kasu Foruzaingoaren eskuetan utzi ziren.





Kontrol hauen helburua da etxebizitza babestuak jabearen edo maizterraren –Nafarroako Gobernuak ikus-onetsitako kontratua behar da- ohiko etxebizitza iraunkorra izateko erabiltzen direla ziurtatzea eta ez izatea inolaz ere bigarren etxebizitza edo hutsik ez egotea. Departamentuak, halaber, kontzientzia piztu nahi du gizartean, etxebizitza horiek bertan bizitzeko direla jabetzeko, hala ez egitea gainerako herritarren kontrako iruzurra baita.


Auzokideei galdeka



Foruzaingoaren Joko eta Ikuskizunen Brigadako kale jantzitako bi foruzain aritzen dira etxebizitzetako bisita horiek egiten, departamentuak emandako zerrenden arabera; haiek arduratzen dira etxebizitzaren okupazioari edo alokairuari buruzko zantzuak eta frogak biltzeaz, eta datu horiek horretarako prestatutako aktetan jasotzen dituzte.





Atea inork irekitzen ez duenean, auzokideei galdetzen diete, eta errentan emandako etxebizitzen kasuan maizterraren datuak, prezioa eta Nafarroako Gobernuaren ikus-onetsia eskatzen dira. Bisita bakoitzean akta bat betetzen da, etxebizitzaren titularra bertan egon ala ez, eta dokumentuak departamentuari igortzen zaizkio. Bisitak egiteko ordu desberdinak dituzte eta gutxienez bi kontrol egiten dira.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa