(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Elizondon Polizia Foralaren komisaria bat eraikitzeko izapideak hasi ditu Gobernuak

astelehena, 2009.eko martxoak 2

Baztango Udalak udal lursail bat utziko dio Gobernuari, hitzarmen bat medio, instalazio berriak eraikitzeko



Nafarroako Gobernuak Elizondon Polizia Foralaren komisaria berria eraikitzeko izapideak hasi ditu. Ekintza hori Nafarroa 2012 Planean dago jasoa, eta milioi bat euro jarriko dira, aurten eta datorren urtean, proiektua mamitzeko. Gobernuak gaur eman dio ahalmena lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Caballero Martinezi aipatu hitzarmena sinatzeko; hitzarmen horren bitartez, Baztango Udalak lursail publiko bat jarriko du Gobernuaren eskura, doan, komisaria eraikitzeko.


Elizondoko polizia-etxea sortzeko erabakia 2006ko abenduan hartu zen. Ordudanik, polizia-etxea Santiago kaleko 57 zenbakian egon da, bulego txiki batean. Alde horretatik, Nafarroa ipar-mendebaldeko udalerrien zerbitzuak hobetu nahi dira instalazio gehiago jarrita eta daudenak hobetuta.


Komisaria Baztanberri plazan egingo da, ia 893 metro koadro dituen lursail batean, eta han egongo dira lurralde hartako polizia funtzionarioen bulegoak, ibilgailuak eta poliziek behar dituzten gainerako bitarteko materialak. Horretarako, Baztango Udalak ez du Udal Plana zertan egokitu, lursaila lagatzeko lurzoru publikoa baita. Elizondon egingo den ingurabideari esker, gainera, komisaria eta herrigunea lotuko dira, zubi berri batekin; ingurabideak, noski, bailara osoko komunikazioa hobetuko du.


Eraikina egiteko gastuak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak hartuko ditu bere gain, baita ekipamenduaren eta urteko funtzionamenduaren gastuak ere. Proiektuaren eskaintza laster egingo da, obrak aurten haste aldera. Proiektua gauzatzeko, Gobernuak 600.000 euro jarriko ditu 2009an (proiektua eta obraren egikaritzea) eta 400.000 euro 2010ean. Izan ere, bi alderdiek laster sinatuko duten hitzarmenaren arabera, obrak 2010ean egon behar dute bukatuta.



Polizia Foralaren komisaria sarean zazpi polizia-etxe daude, Altsasu, Elizondo, Lizarra, Iruña, Zangoza, Tafalla eta Tuteran, hain zuzen. Baztanen eraikiko den komisaria kontuan hartuta, bi urtean eskualde buruetako komisaria guztiek beren egoitzak izango dituzte, dauzkaten premiei egokituta. Lizarrako komisaria ere egiten ari dira, Epaitegien eraikinean. Orain, Elizondoko eta Lizarrago agenteek bulego txiki batzuk dituzte herritarren beharrei erantzuteko. Halaber, Iruñako polizia-etxe nagusia Segurtasun Hirira eramateko asmoa dago, Nafarroa 2012 Planari jarraiki.



La comisaría de Elizondo ofrece un servicio de atención integral de denuncias, seguridad ciudadana, tráfico e investigación a los valles de Cinco Villas, Urumea, Santesteban, Bertizarana, Baztan, Odieta, Ultzama y Anué, con alrededor de 25.500 habitantes.

Elizondoko komisarian zerbitzu hauek eskaintzen dituzte: salaketak, hiri segurtasuna, zirkulazioa eta ikerketa. Hori, bailara hauei: Bortziriak, Urumea, Doneztebe, Bertizarana, Baztan, Odieta, Ultzama eta Anue. Bailara horietan, guztira, 25.500 biztanle daude.


Komisaria horretako 23 agenteek 70 pertsona atxilotu zituzten 2008an eta beste pertsona bati arau-hauste bat egotzi zioten. Orobat, zirkulazioarekin eta ingurumenarekin zerikusia zuten 397 salaketa bideratu zituzten, baita hiri segurtasuneko legeei lotutako beste 74 salaketa ere. Horrez gain, 60 droga-konfiskazio egin zituzten eta laneko eta zirkulazioko 331 istripuetan lan egin zuten. Gainera, agenteek 13.000 ibilgailu inguru gelditu zituzten kontroletan, 8.000 pertsona baino gehiago identifikatu zituzten eta 234 aldiz lagundu zieten beste polizia batzuei edo Polizia Foraleko beste atal batzuei. Hori gutxi balitz, jendearentzako arreta zerbitzuan 243 salaketa penal jaso zituzten (aurreko urtean 83 izan ziren), baita 15 salaketa administratibo ere.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa