(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Osasun Departamentuak Nafarroako herritarren artean koloneko eta ondesteko minbiziaren prebentzio-kanpaina abiatuko du 2010ean

osteguna, 2009.eko martxoak 5

Proba gaixotasun hau prebenitzeko nazioko kanpainaren barruan dago, oraintsu sortutako "Alianza para la prevención del cáncer de colon en España" bultzatuta.



Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, 2010eko lehen seihilekoan, Foru Komunitateko 50 eta 69 urte bitarteko gizonezkoen eta emakumezkoen artean koloneko eta ondesteko minbizia prebenitu eta modu goiztiarren hautemateko programa ezarriko du. Hala iragarri du gaur goizean egindako prentsaurrekoan María Kutz Peironcely Osasun kontseilariak. Ekitaldi horretan Ruth Vera García medikua, Nafarroako Ospitaleko Medikuntza Onkologia Zerbitzuko burua, eta Jesús García Foncillas Nafarroako Klinika Unibertsitarioko medikua eta oraintsu sortutako "Alianza para la prevención del cáncer de colon en España" izenekoaren Nafarroako koordinatzailea ere egon dira.


Etorkizunean egingo den proba hori koloneko eta ondesteko minbizia prebenitzeko aipatu aliantzak oraintsu abian jarri duen nazioko kanpaina garrantzitsu baten barruan sartzen da. Zehatz esanda, martxoan, Nafarroan zenbait jarduera egingo dira, besteak beste, jardunaldi informatiboak eta dibulgazio-materiala zabaltzea profesionalentzat eta jendearentzat oro har. Mota honetako minbizia prebenitzeko zainketa pertsonalak eta bizitza-ohitura osasuntsuek garrantzi berezia dutela nabarmenduko da.


"Alianza para la prevención del cáncer de colon en España" aliantza bost sozietate zientifikok eta bi GKEk osatzen dute, eta koloneko minbizia goiz hautemateko eta gaixoen artapena hobetzeko konpromisoan ahaleginak bateratzeko beharraren emaitza da. Zehatz esanda, hauek dira kideak: Asociación Española de Gastroenterología, Sociedad Española de Medicina de Familia y Comunitaria, Sociedad Española de Oncología Médica, Sociedad Española de Oncología Radioterápica, Sociedad Española de Epidemiología, Asociación Española contra el Cáncer eta EuropaColon España.


Herritarren baheketa-programa


2010ean abian jarriko den programan, zehatz esanda, 50 eta 69 urte bitarteko gizonezkoei eta emakumezkoei herritarren behaketa-testa egingo zaie eginkarietan odola ezkutatuta duten zehazteko, eta izaera orokorrarekin, bi urterik behin egingo da. Proba baliagarria da, ez-inbaditzailea, segurua eta egiteko erraza, eta ondoren kolonoskopia egingo da sedazioarekin. Programa atariko fasean dago orain, hau da, plan operatibo bat diseinatuko da, besteak beste, xede diren herritarrak sentsibilizatzeko eta jarduteko eta ebaluatzeko protokoloak diseinatzeko.


Kutz kontseilariak nabarmendu duen moduan, Nafarroa osasun-sisteman baheketa-programa hau integratuko duen lehenengo autonomia-erkidegoa izango da Espainian, bularreko minbiziarekin egiten den moduan. Kontseilariaren esanetan, sistema horrek emaitza "oso positiboak" erakutsi ditu.


Orain planteatutako probaren helburua lesio aitzindari gaiztoak hauteman eta suntsitzea eta hautemandakoen tratamendua egitea da, minbiziari dagokionez hautemate eta tratamendu goiztiarra gaixoaren pronostikoari begira faktore giltzarria dela kontuan hartuta. Zehatz esanda eta azterketa pilotuen arabera, mota honetako baheketa-probak koloneko eta ondesteko minbiziaren heriotza-tasa %30 murriztu dezake, gaixotasunaren eragina %20 baheketa-taldean, eta %60 patologia aitzindari onbera diagnostikatu eta tratatzen den taldean. Gogoan izan behar da gaur egun Foru Komunitatean arrisku handiko baheketa egiten dela (aldizkako kolonoskopiak) arrisku-faktore pertsonalak eta/edo familiakoak izateagatik gaixotasuna garatu dezaketen pertsonekin.


Koloneko eta ondesteko minbiziak baheketa-proba egiteko beharrezko betekizun guztiak betetzen ditu: osasun publikoaren arazo garrantzitsua da, horren historia naturala ezagutzen da, gaixotasuna hasierako faseetan hautemateko metodo diagnostikoak daude eta tratamendua eragingarriagoa da modu goiztiarrean diagnostikatzen delako.


Koloneko eta ondesteko minbiziaren egoera Nafarroan, prebentzioa eta ikerketa


Nafarroan, koloneko eta ondesteko minbiziaren eragina minbizi guztien %14,8 da gizonezkoengan, eta hirugarren lekua du, prostatako eta birikietako minbiziaren ostean; eta minbizi guztien %13,8 emakumezkoengan, bularreko minbiziaren atzetik. Oro har, hau da, gizonezkoak eta emakumezkoak batuta, eraginari dagokionez lehen lekua du. Heriotza-tasari dagokionez, gizonezkoen kasuan, minbiziaren ondoriozko heriotzen %11,8 mota zehatz honi dagozkio (bigarrena birikietako minbiziaren ostean), eta zifra hori %13,9koa da emakumezkoen kasuan (lehenengoa). Nazioko zifrei erreparatuz gero, koloneko eta ondesteko minbizia lehenengoa da eraginari dagokionez bi sexuak elkarrekin kontuan hartzen badira, eta ondoren birikietakoa, bularrekoa, maskurikoa eta prostatakoa egongo lirateke. Espainian minbiziaren ondorioz gertatzen diren heriotzen bigarren arrazoia da, biriketako minbiziaren ostean.


Osasun-profesionalek nabarmendu dute herritarrak kontzientziatu egin behar direla gaixotasunaren aurrean har ditzaketen prebentziozko neurrien aurrean, hau da, bizitza-ohitura osasungarriak har ditzaketela, batez ere elikadurari lotuta: dieta mediterraneoa egitea zuntz, barazki eta esneki ugarirekin eta haragi gorri gehiegi hartu gabe, tabakoa saihestea, alkoholik ez hartzea eta obesitatea saihestea, sabel-perimetroa modu berezian zainduta (gizonezkoengan ez da 102 cm-tik gorakoa izan behar eta emakumezkoen kasuan, 88 cm-tik gorakoa); horrez gain, kirola modu moderatuan egin behar da (minbizi hau jasateko arriskua %40 murrizten du).


Aurrerapen zientifikoei dagokienez, "Alianza para la prevención del cáncer de colon" izenekoak arlo honetan ikerketa sustatzearen aldeko apustua egiten du, hau da, gaixotasuna ulertzen laguntzen duten mekanismo biologikoak aztertu behar dira gaixotasuna garatzeko arrisku handiena duten pertsonak identifikatu ahal izateko, tratamendu onkologikoa datu genetikoen arabera zuzendu behar da toxikotasun txikiagoa duten tratamenduak eragingarritasun handiagoarekin garatzeko eta botika berriak garatu behar dira koloneko minbiziaren zelulek dituzten mekanismo molekularrak aprobetxatuz.


Gaur egungo tratamenduei dagokienez, Vera medikuak esan du oso garrantzitsua dela minbizia diziplina askotatik jorratzea, hau da, zenbait espezialista inplikatu eta tratamendu konbinatuak erabili behar direla.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa