(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Koldo Lasa eta Ana Herrera izendatu dituzte IAZNIko zuzendari gerente eta goi mailako teknikari

ostirala, 2009.eko martxoak 6

Gaur, Ikus-entzunezko Arteen eta Zinemaren Nafarroako Institutuaren Fundazioko Patronatua Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Turismo Departamentuan bildu da. Patronatuak erabaki du, hautagaitza guztiak aztertu ondoren eta aho batez, Koldo Lasa izendatzea IAZNIko zuzendari gerente, eta Ana Herrera, Kultura eta Turismo Departamentuko funtzionarioa, gestio eta hedakuntzako goi mailako teknikari.



Koldo Lasari dagokionez, Patronatuak balioetsi du "ikus-entzunezkoen alorrean eskarmentu handia duela eta zinema oso ondo ezagutzen duela". Lasa ikus-entzunezko lanetarako eta film luzeetarako laguntzak ebaluatzen dituzten batzordeetako kide izan da.


Ana Herrera azken hamabost urteetan zinema munduan ibili da lanean: Ikus-entzunezkoen Jaialdia eta dokumentalen Punto de Vista jaialdia koordinatu ditu. Herrera ere ikus-entzunezko lanetarako eta film luzeetarako laguntzak ebaluatzen dituzten batzordeetako kide izan da.


Patronatuak erabaki du, halaber, Koldo Lasari bi dokumentu egitea agintzea: Fundazioaren 2009rako aurrekontua eta aurtengo Jarduera Plana.


Koldo Lasa Aristu (Iruña, 1955) Informazio Zientzietan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, eta Ikus-entzunezko Komunikazioan aditua da. Hala, 80. hamarkadan kultur arloko programak egin zituen Radiocadena Española irrati etxean eta Espainiako Telebistaren Nafarroako Lurralde Zentroan; programa horietako bat da, adibidez, "Piedra a piedra". 1982tik 1986ra Oliteko eta Nafarroako jaialdien zuzendaritza taldean lan egin zuen, prentsaren eta ikus-entzunezko edukien arduradun gisa. 1984an Elías Querejeta P.C. ekoizpen etxean lan egin zuen, Tasio filmean, hain zuzen ere, ekoizpen, casting, attrezzo eta errejidore lanetan. Hainbat zinema proiektutan lagundu eta parte hartu du, baita film labur bat zuzendu ere: El hombre de las palomitas (1985). 1985etik telebistako eta zinemako kamera, zuzendari eta ekoizle gisa lanean aritu da. Fase 3 Video Producción ekoizpen etxeko zuzendari izan da eta hainbat enpresa ekimen jarri ditu abian ikus-entzunezko ekoizpenen alorrean (Grok Visual eta Begira Comunicación, adibidez), telebistarako albistegiak, programak, dokumentalak, spotak eta publirreportajeak egiteko. Urte horietan egindako lanetatik eduki kulturala dutenak dira garrantzitsuenak: indusketa arkeologikoak, folklorea eta etnografia, dantza ikuskizunak, antzerkia, opera, musika eta arte plastikoko erakusketak.


Ikastaro eta jardunaldietan hizlari ere izan da, Nafarroako Unibertsitateko Toki Komunikazioari buruzko Jardunaldietan eta Nafarroako Gobernuaren Irakasleen Prestakuntza eta Teknologia Berrietarako Zentroetan, adibidez. Duela hamar urtetik hona ikus-entzunezko tekniken irakasle da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolan.


1993an Nafarroako Gobernuaren Liburutegi Orokorreko zinema lanen inbentarioa egin zuen. Gainera, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Jaialdian parte hartzen aritu da, sortu zenetik; baita Nafarroako Zinema Dokumentaleko Punto de Vista Nazioarteko Jaialdian ere, aukeraketa batzordeko kide gisa eta Pio Caro Baroja dokumentalgilearen eta X Films ekoizpen etxe nafarraren omenaldien arduradun gisa.


Horrez gain, Nafarroako Kultur Kontseiluko kide da 1999tik.


Ana Herrera Komunikazioan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean. 1999tik goi mailako teknikari gisa lanean aritu da Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Turismo Departamentuko Kultur Ekintza Zerbitzuan. Gaur egun Kultur Sustapenerako Bulegoko burua da. Arte programa askotan parte hartu du, koordinazio, gestio eta komunikazio lanak egiten. Azken hamabost urteetan zinema munduan murgilduta egon da erabat, ikus-entzunezko programak kudeatu baititu: Ikus-entzunezkoen Jaialdia koordinatu du hamar urtean eta Zinema Dokumentaleko Punto de Vista Nazioarteko Jaialdia eta Zinema Dokumentaleko Punto de Vista Nazioarteko Jaialdia bost urtean. Halaber, ikus-entzunezko lanetarako eta film luzeetarako laguntzak ebaluatzen dituzten batzordeetako kide izan da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa