(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroako Gobernuak 154 zerbitzu Internet bidez emateko moduan jarri ditu eta Europan 2010erako jarritako helburuen %93 bete du

asteartea, 2009.eko martxoak 10

Telematikari esker eskura duden prestazioei buruzko informazioa eta laguntza www.navarra.es atarian daude eskuragarri



Nafarroako Gobernuak 154 zerbitzu jarri ditu Internet bidez bideratzeko moduan. Zerbitzu horien zerrenda eta ezarpen telematikoaren maila www.navarra.es web atarian daude. Ezarpen telematikoan azaltzen da zerbitzua mailaren batean eteten den edo prozedura osoa bulegoetara joan gabe egin daitekeen.


Gaur egun, Nafarroako Gobernuak abian dauzka Europar Batasunak 2010erako helburutzat jarritako zerbitzu elektronikoen %93; ezarpena, beraz, ia urte bete aurreratu du. Zehazki, aurreikusitako 26 zerbitzu multzoetatik 23 multzotan izapideak osorik egin daitezke. Zerbitzu guztiak ez dira jarri, batetik, estatuko araudiaren arabera lizitazioen erregistroan dokumentuak paperean aurkeztu behar direlako; eta bestetik, medikuarekin hitzordua eta osasun txartela Internet bidez eskatzeko zerbitzua abian jarriko delako Osasun Departamentuaren web orri berria argitaratzearekin batera, aurten.


Gaur, prentsaurrekoan, lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Caballero Martinezek eta Modernizazio eta Administrazio Elektronikoko zuzendari nagusi Jose Luis Menendez Rodriguezek aurrerapen horien berri eman dute eta esan dute helburua dela Foru Administrazioa modernizatzea, informazio teknologia berriak erabiliz. Herritarrentzako eta enpresentzako zerbitzu telematikoak "leihatila birtual bakar" baten modukoak dira: zerbitzuak egunez eta gauez bideratu daitezke, linean, urteko egun guztietan, Interneterako konexioa dagoen edozein lekutan, bizkor eta modu eraginkorrean.


Hil honen bukaeran, Nafarroako Gobernuak administrazio elektronikoaren alorreko beste helburu bat beteko du, web orrian argitaratuko baitu izapide telematikoa egiteko moduan dauden 1.500 zerbitzuen zerrenda. Zerbitzu elektronikoen katalogo horretan, zerbitzurako ezinbestekoa bada, formularioa egongo da, gutxienez. Azkenik, ekainean, Gobernuaren atarian eskura egongo dira izapide elektronikoak egiteko gehien eskatutako 120 zerbitzuak, informazioa eman ondoren prozesua eten egiten duten zerbitzuak eta erantzun edo ordainketa telematikoa behar dutenak.


Lineako zerbitzuetan hainbat gauza egin daitezke: eskaria abiatu, izapideak egiteko ezinbestekoak diren dokumentuak jaitsita; eskaria Erregistro Orokor Elektronikoa (EOE) medio aurkeztu; EOEren bitartez eskari orokor bat bete; dokumentuak gehitu; dokumentuak erantsi; ordainketa formularioak bete; eta eskariak kontsultatu.


Gobernuaren atarian eskuragarritasuna hobetu da


Herritarrek eskura dauzkaten 154 zerbitzu elektronikoetatik nabarmenenak hauek dira: familientzako laguntzak (eszedentziak edo erditze anizkunak), ezgaitasunak dituzten pertsonentzako laguntzak (ibilgailuak, taxiak), adindunentzako laguntzak, Administrazio Nagusiaren enplegu publikoko eskaintza (Hezkuntza eta Osasuna salbu), gazteentzako errenta laguntza, jarduera turistikoen erregistroa, enplegua sortzeko diru-laguntzak, abereen jatorriari eta osasunari buruzko gidak. Zenbaitetan, zerbitzua da eskatutako informazioa ematea (lursail zedulak kontsultatzea, lizitazio iragarkiak ikustea, ikastegien zerrenda eskuratzea, planei buruzko informazioa jasotzea); besteetan, ordea, zerbitzua handiagoa da: errentaren aitorpena aurkeztea, karrera batean matrikulatzea, ikastaroetan aurretik izena ematea, erregistroren batean izena ematea eta, baita ere, ordainketak egitea.


Behin zerbitzu elektronikoak ezarrita, Nafarroako Gobernuko atarian nabigazioa eta irisgarritasuna hobetu behar izan dituzte. Gaurtik, erabiltzaileei atentzioa emate aldera, etxetik edo bulegotik egin daitezkeen izapideei buruzko banner bat egongo da, eta zehaztuko da laguntzak, zerbitzuak edo lanpostu publikoak diren.


Atarian argi eta garbi agertzen da ze pauso eman behar diren lineako izapideak egiteko (aurkeztu behar den dokumentazioa prestatzeko, adibidez).

Dokumentazioa:
Albiste osoa
Presentación servicios electrónicos 
Detalle y enlaces de los 154 servicios electrónicos

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa