(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


"Juventud en acción" Europako programarako proiektuak aurkezteko epea ireki da

osteguna, 2009.eko martxoak 12

Irabazteko asmorik gabeko elkarteek, tokiko edo eskualdeko erakunde publikoek eta elkartu gabeko gazteen taldeek aurkez ditzakete datorren apirilaren 1era arte



Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteria Institutuaren bidez, "Juventud en acción" Europako programarako proiektuak aurkezteko epea ireki du. Proiektuak aurkezteko azken eguna datorren apirilaren 1a da.


Proiektuak irabazteko asmorik gabeko elkarteek, tokiko eta eskualdeko erakunde publikoek eta gazteen taldeek bultza ditzakete, eta 2009ko uztailaren 1a eta irailaren 30a bitartean garatu behar dira.


Nafarroaren kasuan, Nafarroako Gazteria Institutuak (NGI) proposatzen dio Espainiako Agentzia Nazionalari zein laguntza diren beharrezkoak Foru Komunitatean aurkezten diren proiektuak garatzeko. Horretarako, hasierako aurrekontua 122.400,88 eurokoa da.


Eskaerak NGIn aurkeztu behar dira, Arrieta kaleko 25. zenbakian, Iruñan.


Finantzaketaren objektu diren proiektuak


"Juventud en Acción" Europako Batzordeak bultzatutako programa da, eta Espainiako Agentzia Nazionalak kudeatzen du autonomia-erkidegoekin lankidetzan, gazteen herritartasun aktiboa sustatzeko, elkartasuna indartzeko eta tolerantzia bultzatzeko, herrialde desberdinetako gazteen artean elkar ulertzeari mesede egiteko eta gazteriaren arloan Europa mailako lankidetza babesteko.


Programa 13 eta 30 urte bitarteko gazteei eta gazteen arloan lan egiten dutenei zuzenduta dago, eta finantzaketaren objektu diren proiektuak biltzen dituzten 5 ekintzaren inguruan egituratzen da.


Lehenengoa gazteen trukei buruzkoa da. Gizarte- eta kultura-errealitate desberdinak aurkitu eta ezagutzeko aukera eskaintzen du, eta gazteei batzuk besteengandik ikasteko eta Europako herritartasunaren ideia indartzeko aukera ematen die. Ekintza honen sustatzaileak irabazteko asmorik gabeko elkartea edo erakundea, gazteriaren arloan lan egiten duen tokiko edo eskualdeko organismo publikoa zein gazteen talde bat izan daitezke, eta inplikatutako herrialde kopuruaren arabera, trukea bi aldekoa, hiru aldekoa edo alde anizkunekoa izan daiteke.


Bigarren ekintzak gazteen ekimenak ditu oinarri, eta toki, eskualde eta nazio mailan diseinatutako taldeen proiektuei laguntza eskaintzeko aukera ematen du, baita herrialde desberdinen artean antzeko proiektuak sarean lotzeko aukera ere. 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta irabazteko asmorik gabeko erakundeek edo elkartu gabeko gazteen taldeek sustatu dezakete.


Hirugarren ekintzaren arabera, demokrazia parte-hartzaileko proiektuak garatzeko aukera dago. Ekimen hau Europako taldeen elkarte batek sustatu dezake, eta toki, eskualde, nazio edo Europa mailako proiektuen edo jardueren ideiak, esperientziak eta metodologiak biltzera bideratuta dago, 13 eta 30 urte bitarteko gazteen parte-hartzea hobetzeko. Ekintza honen proiektuak gutxienez bi herrialdetako elkarteek garatu behar dituzte, eta bazkideak irabazteko asmorik ez duten elkarteak eta gazteriaren arloan lan egiten duten erakunde publikoak eta gazteen taldeak izan daitezke.


Laugarren ekintzak Europako zerbitzu boluntarioa du oinarri, eta 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Horiei 12 hilabetera arteko zerbitzu boluntarioa egiteko aukera eskaintzen zaie haien herrialdea ez den beste batean. Gazteen artean elkartasuna sustatzeaz gain, benetako ikaskuntza-zerbitzua da, eta pertsona boluntarioek trebetasun berriak eta hizkuntzak ikasi eta beste kultura batzuk ezagutzen dituzte.


Eta, amaitzeko, auzoko herrialde bazkideekin lankidetza-proiektuak garatzeko aukera dago. Ekintza honen barruan, 13 eta 25 urte bitarteko gazteen trukeak finantzatu daitezke, baita prestakuntza-proiektuak eta sarean lotzeko proiektuak ere herrialde elkartuekin: Albania, Bosnia, Kroazia, Armenia, Bielorrusia, Georgia, Moldavia, Ukraina, Aljeria, Egipto, Israel eta Jordania. Atal honetako proiektuak irabazteko asmorik gabeko elkarteek eta erakunde publikoek eta elkartu gabeko gazteen taldeek sustatu ditzakete.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa