(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

O-NOZko larrialdi-zerbitzuek 889 pertsona artatu dituzte 2009ko San Fermin jaietan asteartea, 2009.eko uztailak 14

Entzierroetan zauritu eta Iruñako ospitaleetan artatu dituzten 47 korrikalariak zifra horren barruan sartzen dira


Hospital Virgen del Camino

Virgen del Camino ospitalea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleko eta ospitalez kanpoko larrialdietako artapen-zerbitzuek aurtengo San Fermin jaietan (uztailaren 6ko eguerdiko 12etatik uztailaren 14ko goizeko 8ak arte) 889 pertsona artatu dituzte guztira jaiekin lotuta (iaz 811 izan ziren).


Zifra horretan entzierroko 47 korrikalariak ere sartzen dira (46 2008an), guztiak gizonezkoak, eta horietatik hamar zezenek adarkatu dituzte. Horrez gain, Daniel Jimeno Romero korrikalari madrildarra hil da.


Zifra horiek gaur jakinarazi ditu María Kutz Peironcely Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak, Nafarroako Osasun Zerbitzuak San Fermin jaietan egindako artapenen balantzea aurkezterakoan.


Osasun-artapenak (entzierrotik kanpo)

 
Entzierroarekin zerikusirik izan ez duten 842 larrialdietatik, 444 (%53) San Martín zentroan artatu dira, Nafarroako Osasun Zerbitzuak zentro hori erreferentzia moduan ezarri baitu larriak ez diren osasun-larrialdietarako. Bestalde, ospitaleko larrialdi-zerbitzuetan (Nafarroako ospitalea eta Virgen del Camino ospitalea) 398 kasu artatu dira (%47).


Beraz, larrialdietako ospitaleko zerbitzuen eta ospitalez kanpoko zerbitzuen artean banaketa ia ekitatiboa lortu da. Hain zuzen ere, horixe zen Osasun Departamentuak edizio honetako San Ferminetarako ezarritako dispositibo bereziaren helburuetako bat.


Larrialdi-zerbitzuetara jo duten hiru herritarretik bi traumatismoengatik eta askotariko zauriengatik joan dira (kasu guztien %65), eta neurri txikiagoan, erasoengatik (%17). Beste kasu batzuk, hala nola politraumatismoak, drogek edo elikagaiek eragindako intoxikazioak kasu guztien %2 izan dira.


Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleko eta ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuetan larunbatean, uztailak 11, artatu zen pertsona gehien. Jaiarekin lotutako 162 larrialdi egon ziren. Beste lau egunetan, 6an, 7an, 8an eta 12an, gainditu da ehun artatuen kopurua.

 
Nafarroako Larrialdi Agentziak San Fermin jaietan anbulantzietan 622 pertsona eramatea koordinatu du uztailaren 6ko eguerdia eta uztailaren 13ko gauerdia bitartean, iazko zifraren oso antzekoa (619). Asteburuan, uztailak 11 eta 12, 100 pertsona baino gehiago eraman ziren ospitalera.


Entzierroarekin lotutako larrialdiak


Aurtengo San Fermin jaietako entzierroetan, Nafarroako ospitalean eta Virgen del Camino ospitalean hildako bat eta 47 zauritu artatu dituzte. Horietatik hamar zezenek adarkatu dituzte eta 14k ospitalean ingresatuta geratu behar izan dute.


Azken bost urteekin alderatuta, aurten, zoritxarrez, korrikalari bat hil da, eta 2003tik ez zen horrelakorik gertatzen (Iruñako Udaleko datuen arabera 15. hildakoa da historia osoan). Bestalde, ospitalean artatutakoen zifra batez bestekoaren barruan sartzen da: 2005ean 61 pertsona zauritu ziren, 8 zezenek adarkatuta; 2006an, 32 zauritu, 5 adarkatuta; 2007an, 51 zauritu, 11 adarkatuta; eta iaz 46 pertsona zauritu ziren, 4 baino ez adarkatuta.

Dokumentazioa:
2009SanFermín.ppt

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa