(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak 840.835 euro jarri ditu Zaraitzu eta Aezkoa bailaretako proiektu batzuetarako osteguna, 2009.eko uztailak 23

Corpas kontseilaria Iratiko Etxeetan, Hilarrien Lorategian, Ariben eta Orbaitzetako Olan izan da.


Orbaitzetako Arma Ola.

Orbaitzetako Arma Ola. ( irudia handitu )

Gaur goizean, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilaria, Juan Ramon Corpas, eta Turismoko zuzendari nagusia, Carlos Erce Eguaras, Zaraitzu eta Aezkoa bailaretako proiektu batzuk ikusten izan dira, besteak beste: Iratiko Etxeak, Abaurregainako Hilarrien Lorategia, Aribe eta Orbaitzetako Ola. Proiektu gehienak Pirinioak Garatzeko Plan Estrategikoaren parte dira eta, aldi berean, Iratiko Aprobetxamendu, Erabilera eta Gestio Planaren barruan daude; plan hori Aezkoa eta Zaraitzu bailaretako Batzar Nagusiek sustatu dute. Corpasek eta Ercek ikusi dituzten obretan 1.056.622 euro inbertitu dituzte eta Nafarroako Gobernuak 840.835 euro jarri ditu, lankidetza protokoloen bitartez.

Departamentuko arduradunak Iratiko Etxeetara joan dira lehendabizi. Han ingurua moldatzen ari dira, bisitariak hartzeko zentro bihurtze aldera. Zentroan egongo dira informazio turistikoa emateko zerbitzua, materiala errentan hartzeko gunea, taberna, jatetxea, denda eta aparkalekuak. Aurrekontua 260.250 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuak %83,24 jarri du, hau da, 219.000 euro.

Kontseilaria eta zuzendari nagusia, gero, Abaurregainara joan dira, Hilarrien Lorategia ikustera. Udalak sustatu duen proiektu horren aurrekontua 292.622 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuak 204.835 euroko diru-laguntza eman du. Zehazki, San Pedro elizaren atzealdean dagoen Hilarrien Lorategia moldatu dute: labirinto bat sortu dute, jendeak Erdi Aroko hamalau hilarriak "bilatu" ditzan. Sarreran txartel leihatila dago, sabai zirkularduna; baita bulego txiki bat ere, zilindrikoa. Gainerakoa euria edo elurra egiten duenerako babeslekua da. Lorategian garaierarekin ere egin dute jolas. Leku altuenera heltzeko 13,5 metroko goieran esekitako begiratoki bat jarri dute eta handik lorategi osoa ikusten da. Ibilbidea tabikez osatua dago eta tabikeek espiral zentrokideak osatzen dituzte, hilarrietatik abiatuta. Tabikeak, gainera, huntzez estaliko dira bost urte inguruan. Albo batean eserlekuak daude, urki artean, atseden hartzeko.

Ondoren, kontseilaria eta zuzendari nagusia Ariben eta planta berriko garaian izan dira. Garaia Aezkoa bailarako Batzar Nagusiaren eraikinaren ondoan dago eta informazio turistikoko gune bihurtu dute. Aurrekontua 87.500 eurokoa da eta 70.000 euroko diru-laguntza (inbertsioaren %80) jaso du.

Gero, seinaleztatutako hamalau begiratokietan izan dira. Aezkoan eta Zaraitzun egokitu eta seinaleztatu dituzten begiratokietarako aurrekontua, guztira, 137.500 eurokoa izan da eta Nafarroako Gobernuak %80 jarri du, hau da, 110.000 euro.

Azkenik, Orbaitzetako Arma Olan izan dira. Izan ere, ola zaharraren eraikinak eta ingurua berreskuratzeko eta birgaitzeko proiektu bat dago. Asmoa da zentro tematiko bihurtzea, eremuaren eta han dauden baliabideen ibilbide historikoa ezagutzera emateko. Ola Kultura Ondasun izendatuta dago. Proiektuaren arabera, olako espazio nagusiak nabarmenduko dituzte: batetik, Arma Olaren hondarrak bisitatzeko moduan jarri nahi dituzte, ibilbide bat prestatuta; eta bestetik, Jauregian informazio turistikoa emateko gunea eta turismo eta interpretazio zentroa jarri nahi dituzte. Halaber, indusketa arkeologikoak egingo dituzte. Horrez gain, Legartza ibaiari ere emango diote garrantzia, proiektu turistikoan ibaiaren inguruan egiteko hainbat ibilbide jarri baitituzte.

Orain arte onartutako jardueretarako aurrekontua 278.750 eurokoa da. Aurrekontuaren %85, hau da, 237.000 euro, Nafarroako Gobernuak jarriko du. Obrak egiteko eta ola gestionatzeko proiektua gauzatzeko hamar urteko epea jarri dute eta lana hainbat fasetan egingo dute.
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa