(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Corpas kontseilaria Tiebasko gazteluko hondarrak finkatzeko egiten ari diren obrak ikustera joan da asteazkena, 2009.eko abuztuak 12

2006tik 2008ra eraikin ia osoa finkatu eta erdiko partea moldatu dute


Tiebasko gaztelua

Tiebasko gaztelua. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilaria, Juan Ramon Corpas Mauleon, Tiebasko jauregi-gazteluko hondarrak finkatzeko egiten ari diren lanak ikustera joan da. Obrak egiten ari zirela Erdi Aroko lauzazko zoru bat aurkitu dute.

Karlistadak amaitu zirenetik Tiebasko gaztelua utzita eta erortzeko zorian egon da. XX. mende amaieran, ordea, Kultura Ministerioak kultura ondasun izendatu zuen eta Espainiako Historia Ondarearen Erregistro Orokorrean sartu zuten 1995eko urriaren 6an. Gero, 1998an, Tiebasko jauregi eraikina zaharberritzeko eta balioesteko Plan Zuzentzailea idazteko kontratua esleitu zuten, lehiaketa publiko bidez. Programa bost urterako zegoen egituratua, baina 1999an eten egin zen. Ondoren, 2005ean, Tiebas-Muru Artederretako Udalak eraikina eskuratu zuen eta jauregi-gaztelua zaharberritzeko proiektuari ekin zion berriz. Gauzak horrela, 2006tik 2008ra, eraikin ia osoa finkatu, multzoaren erdialdea jendeak bisitatzeko moduan jarri eta upategia garbitu dute. Horrez gain, arkeologi indusketak egin eta honako hauek aurkitu dituzte: sarrerako atearen hondarrak, patioko lauzak eta sukaldeen eraikineko zati batzuk.
Tiebasko gaztelua

Gobernuko eta Udaleko agintariak, Tiebasera egin duten bisitan. ( irudia handitu )

2009rako lan plana hau da: kaltetutako kontrahormak berregitea, eraikina finkatzez amaitzea, upategia dagoen hegalaren gaineko dokumentazio arkeologikoa osatzea, eraikin nagusiaren inguruan argia jartzea, upategia birgaitzeko proiektua idaztea (2010ean obrak egiteko) eta multzo osoa zaharberritzeko eta balioesteko Plan Zuzentzailea idaztea.

Tiebasko jauregi-gazteluko hondarrak muino txiki batean daude. Muinoa kontrol gune bat zen, erreinuko hiriburua eta zegozkion lur gehienak, (hegoaldekoak eta mendebaldekoak) lotzen zituen ohiko pasabideetako bat kontrolatzeko gunea, hain zuzen. Horregatik, Teobaldo II.ak bere egoitza han jartzea erabaki zuen.

Tiebasko jauregi-gazteluko ikerketa historikoak 1846. urtean hasi zituzten, baina XX. mende amaiera arte ez ziren jarduera zehatzak egiten hasi. 

Azterlan arkeologikoen bitartez ikusi dute orain eraikina dagoen muinoa gizaki talde baten bizileku izan zela Burdin Aroan (kristo aurreko 1.200. urtetik 200. urtera). Gizaki horien aztarna gutxi daude, zeramika eta eskuzko errota pusketak besterik ez. Izan ere, herria deuseztatu egingo zuten, seguru asko, jauregi-gaztelua eraikitzeko.

Teobaldo II.ak (1253-1270), Xanpaina dinastia frantseseko erregeak, oin berri baten gainean eraiki zuen jauregia, errege egoitza bat edukitze aldera. Eraikinean gorte eta administrazio egiturak behar bezala funtzionatzeko moduko egonlekuak jarri zituen. Alabaina, Iruña, erreinuko hiriburua, apezpiku jaurerria zen eta erregeek ez zeukaten jabetzako jauregirik. Eraikin multzoan bi barruti zeuden, gainjarritako terrazen gisara antolatuak.

Tiebas XIII. Mendetik XIV. mendera izan zen errege egoitza. Teobaldo II.az gain, han bizitu ziren, aldi batean, haren anaia eta oinordeko Enrike I.a (1271, 1272, 1274) eta Karlos II.a (1371tik 1372ra). Jauregia, ordea, indarra galtzen joan zen XIV. mendean, errege boterea gero eta handiagoa zelako Iruñan, apezpikuak aginpidea utzi baitzion han erregeari 1319an.

Tiebas erregeak izendatu eta ordaindutako alkaideak zaindu zuen beti. Jauregia, gainera, XIII. mendean, erreinuko altxorraren parte bat zaintzeko erabili zuten, baita Comptos Ganberako artxiboaren, errege artxiboaren eta Nafarroako apezpikutzako dokumentu batzuen biltegi gisa ere XIV. mendean. Horrez gain, Gaztelako bandoko aurkarien espetxe ere izan zen, Nabarreriako erreboltan (1276) parte hartu zuten aurkariena, hain zuzen. Teobaldo II.ak egitea agindutako eraikin multzoa 1378an deuseztatu zuten Gaztelako tropek, Pedro Manrique buru zutela, eta hutsik geratu zen.

XIII. mendeko eraikinaren zatirik sendoena bakarrik geratu zen zutik: harresi nagusiak. Barrualdea, berriz, egurrezkoa eta igeltsuzkoa zenez, erabat birrindu zuten. Gero, 1445. urte inguruan, Aragoiko Juan II.ak, Nafarroako erregeak, eraikina berregitea agindu zuen eta Beaumontar Joanen, Nafarroako Jerusalengo San Joan ordenako priorearen, esku utzi zuen zaintzeko ardura. Orduan eraikina Beaumont familiaren esku geratu zen eta, gero, ezkontza loturak medio, Alba etxearen esku. Jabe berriek eraikina konpondu eta alkaidea jarri zuten; lehena, Sancho de Erviti, 1450ean izendatu zuten.

Garai hartan egindako zaharberritze lanei buruz ez dakigu ezer, ez behintzat multzo osoan indusketa arkeologikoak egin artean. Barrualdeari dagokionez, aztarna arkeologikoetan ikusten da eraikina egoitza bat zela, igeltsuzko apaingarriak, margoak eta bestelako apaingarriak baitaude.

Gehiago irakurri:

Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa