(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foruzaingorako 111 lanpostu eta Lizarra eta Tafallarako 4 udaltzainentzako lanpostuak jarri dituzte, oposizioetarako deialdian ostirala, 2009.eko abuztuak 14

Gutxieneko garaiera jaisteaz gain, gaiak eta azterketa teorikoa puntuatzeko sistema aldatu dituzte eta proba fisikoetan nota jarriko dute


2006ko promozioa

Oposizioetako probak egiten azaroan hasiko dira; asmoa da 111 foruzain eta Lizarra eta Tafallarako lau udaltzain hartzea. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak 115 polizia hartzeko hautaketa probetarako deia egin du. Lanpostuak oposizio bidez emango dituzte: foruzaingorako 111 eta udaltzaingorako 4; azken horiek Lizarra (3) eta Tafallarako (1). Probak azaroan hasiko dira egiten. Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko azkeneko eguna irailaren 14a da.

Deialdiaren oinarriak gaur argitaratu dituzte Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Oinarrietan, aurreko oposizioen aldean, hainbat berritasun daude, esaterako: gutxieneko garaiera jaitsi dute (Nafarroako Parlamentuan), gizonezkoena 1,70 metrotik 1,65 metrora eta emakumezkoena 1,65 metrotik 1,60 metrora. 

Gaiak eta puntuak emateko sistema ere aldatu dituzte. Gaiei dagokienez, multzo batzuk kendu eta beste batzuk bateratu egin dituzte, baita berriak sartu ere. Gainera, proba fisikoetan ez dute "gai" edo "ez gai" kalifikazioa jarriko, aitzitik: ariketak puntuatu egingo dituzte. Alde horretatik, ariketa batzuen interpretazioa aldatu egin dute eta beste ariketa batzuk ordezkatu egin dituzte. 

Aukeraketa prozesuaren hirugarren fasera, hau da, proba psikoteknikoetara, puntuazio altuena duten 230 hautagaiak pasako dira. Behin medikuntza probak egin eta gainditu ondoren, 115 hautagai onenak hartuko dituzte eta hautagaiek berek aukeratuko dute non lan egin nahi duten: Nafarroako Gobernuan, Lizarrako Udalean (bi lanpostu txanda mugatukoak dira) edo Tafallako Udalean. 

Gero, foruzaingoan sartzeko oinarrizko ikastaroa gainditu beharko dute Nafarroako Segurtasun Eskolan; Eskola hori Nafarroako Herri Administrazioko Institutuaren mende dago. Ikastaro horretan jasotako puntuazioaren arabera aukeratuko dute hautagaiek lanpostua, betiere egokitutako taldean. 

Lanposturik lortu ez duten hautagaiak zerrenda batean sartuko dituzte, udaltzaingoa duten udaletan premiarik sortzen bada udaltzain laguntzaile gisa aldi batera kontratatzeko. 

Gai zerrendako eta proba fisikoetako berritasunak

Azterketa teorikoan test motako bi ariketa egongo dira, bata gai orokorrei buruzkoa eta bestea gai bereziei buruzkoa; ariketa bakoitzak 50 puntu balioko ditu. Lehen zati teorikoko gaiak hauek dira: geografia; Nafarroako, Espainiako eta Europar Batasuneko geografia, legeak eta historia; eta Nafarroako Administrazioa eta tokiko erakundeak. Zati bereziko galderak, berriz, polizia arloari lotutakoak izango dira: kode penala, segurtasunari buruzko legeak, deontologia, e.a. 

Azterketa teorikoa gaindituko dute hautagai onenaren puntuazioaren erdia edo handiagoa lortzen dutenek; kalifikazioak, dena den, ezin du izan deialdiaren oinarrietan ezarritako gehiengo puntuazioaren herena baino baxuagoa (16,6 puntu ariketa bakoitzean). Aurreko oposizioetan, hautagaiek gehienez 100 puntu lor zitzaketen eta azterketa gainditzeko 50 puntu behar zituzten, baldin eta multzoren batean 0 ateratzen ez bazuten. Orain, gaur egungo gai baten gainean idazteko proba kendu egin dute.

Proba fisikoak bost dira: pisuak jasotzea (besoetako indarra neurtzeko testaren ordez), uretako proba, arintasun proba (Barrow testa), erresistentzia proba (Course Navette testa; interpretazioa aldatu dute) eta indarra, erresistentzia eta koordinazioa neurtzeko proba berria (alboko jauzien testa). Ariketak baztertzaileak dira eta lortutako markaren arabera puntuatuko dituzte. 

Aldaketa horiek sartu dituzte Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatutako lan talde batek egindako azterlanaren ondoren. Talde horretan hainbat profesionalek parte hartu dute: Barne Zuzendaritza Nagusikoak, Foruzaingokoak, Nafarroako Herri Administrazioko Institutukoak eta Nafarroako Segurtasun Eskolakoak. 

Aldaketa horien asmoa da polizien profila Segurtasun Publikoari buruzko Foru Legearekin bat etortzea. Izan ere, legeak sustatzen du polizien lana osoa izatea, eta ez bakarrik administratiboa, orain arte bezala. Horregatik, ariketa fisikoak berrikusi egin dituzte, polizien profil berri horri egokitze aldera.

Gehiago irakurri:

Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa