(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Pablo Sarasate Biolin Lehiaketaren 10. ediziorako 33 interprete onartu dituzte ostirala, 2009.eko irailak 11

Lehiaketa irailaren 13tik 19ra egingo dute, Iruñako Gaiarre Antzokian


Pablo Sarasate Biolin Lehiaketaren 10. edizioa

Corpas kontseilariak Jose Antonio Eslavaren grabatuak aurkeztu ditu. ( irudia handitu )

Nafarroako Kultura eta Turismo kontseilariak, Juan Ramon Corpas Mauleonek, Pablo Sarasate Nazioarteko Lehiaketaren 10. edizioa aurkeztu du gaur goizean. Lehiaketa irailaren 13tik 19ra egingo dute, Iruñako Gaiarre Antzokian.

Aurten laurogei eskari jaso eta 33 pertsona onartu dituzte. Hain zuzen, 18 gizonezko eta 15 emakumezko dira, lau kontinentetako 17 herrialdetakoak; batezbesteko adina 21 urtekoa da. Horietatik hiru Espainiakoak dira; Hego Koreatik, Estatu Batuetatik eta Errusiatik bosna etorriko dira; Alemaniatik eta Errumaniatik bina; eta Israel, Frantzia, Suitza, Polonia, Ukrainia, Bielorrusia, Australia, Serbia, Txipre, Italia eta Taiwanetik bana.

Epaimahaia osatuko dute buruak, Vladimir Spivakovek, eta kide hauek: Florin Croitoru, Elisabetta Garetti, Oleh Krysa, Boris Kuschnir, Agustin Leon Ara, Sergiu Schwartz, Lina Yu eta Massimo Quarta. 

Edizio honetan berritasun bat dago. Izan ere, sarrera gisa, Ara Malikianek, 1985eko edizioko irabazleak, kontzertu didaktiko bat eskainiko du, entzuleei Pablo Sarasateren bizitza eta obraren berri emateko. Kontzertuan, besteak beste, “Txileko txoriak” obra joko du; obra hori orain dela gutxi eskuratu du Nafarroako Gobernuak. Kontzertua irailaren 13an izango da, igandean, eguerdiko 12.00etan, eta sartzea doakoa da.

Hiru biolin-jole helduko dira finalera eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin batera joko dute, irailaren 19an. Gainera, Pablo Sarasateren omenezko kontzertu bat izango dugu entzungai. Kontzertu horretan azken edizioan entzuleen saria irabazi zuen Nadir Khasimovek parte hartuko du. Azkeneko proba arratsaldeko 19.00etan hasiko da. Sarrerak 10 euro balio du; gazte txartelarekin eta ikasle txartelarekin bost euro, eta 65 urtetik gora edukiz gero ere, bost euro.

Kontseilariak “Txileko txoriak” obraren partituraren edizio berezi bat aurkeztu du. Edizio horretan jaso dituzte, batetik, Sarasatek Txilen egindako estreinaldiko partitura originala; bestetik, Ramon Sobrinoren azterlan kritiko bat; eta azkenik, Ara Malikianek moldatutako partitura. Partitura horrekin CD bat grabatu dute eta CD hori liburuarekin batera emango dute.

Obra Madrilgo Cezanne estudioan grabatu zuten: Ara Malikianek biolina jo zuen eta Ramon Sobrinok pianoa. Grabazioa 3.000 euro kostatu da. “Txileko txoriak” Txileko Valparaiso herriko Odeon Antzokian estreinatu zuten, 1870eko gerra Franko Prusiarreko biktimen omenez; estreinaldira Errepublikako presidentea bertaratu zen. Txileko kontzertu horiek 1870eko abenduaren 19an hasi zituzten, Pablo Sarasatek Hego Amerikan egin zuen biran.

Berreskuratutako partitura originala Sarasate Museoan gorde du Nafarroako Gobernuak, Iruñako Kondestable Jauregian. “Txileko txoriak” Sarasateren lehen obra deskriptibista da, oraingoz. Ordura arteko lanak fantasian eta operan oinarri zituen Sarasatek. Garai hartan, Sarasatek oraindik ez zuen obra espainiarrik egin. Gero, ordea, genero hori landu zuen gehien musikari nafarrak. Aurrerago, genero deskriptibistan jarri zuen arreta. Gauzak horrela, 1885ean “Le chant du rossignol” (op.29) editatu zuen eta 1904an “L’esprit follet” (op. 48) konposatu zuen; azken obra horretan iratxoek egiten zuten soinua deskribatzen saiatu zen. 

Bestalde, Jose Antonio Eslava artista nafarraren bi grabatu aurkeztu dituzte. Grabatu horiek egitea Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo departamentuak agindu zion, Biolin Lehiaketaren 10. edizioko irabazleari emateko. Grabatu batean Pablo Sarasateren irudizko erretratu bat egin du, eta kontzertu batean agertzen da. Grabatua egiteko teknika hauek erabili ditu: collage metalikoa, punta lehorra eta zizelkatzea. Beste grabatu batean artista eta bere oroitzapenak ageri dira, eta lana egin du zizelkatzea, collage metalikoa, punta lehorra eta fotolitoa erabiliz.
Dokumentazioa:
Calendario del X Concurso Internacional de Violín "Pablo Sarasate"

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa