(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Erronkari eta Anso bailaretako toponimiari buruzko argitalpen bat aurkeztu dute osteguna, 2009.eko azaroak 5

Argitalpena Euskarabideak eta Euskaltzaindiak sustatutako Mendaur bildumakoa da


Euskarabideak eta Euskaltzaindiak “Erronkari eta Ansoko toponimiaz” liburua aurkeztu dute gaur; izenburuak dion moduan, liburua Erronkari eta Anso bailaretako toponimiari buruzkoa da.

Aurkezpen ekitaldian egon dira Euskarabideko zuzendari gerentea, Xabier Azanza Arbizu; Andres Urrutia Badiola euskaltzainburua; eta liburuaren egilea, Juan Karlos Lopez-Mugartza.

Liburukia Mendaur bildumako bosgarrena da. Bilduma hori Euskarabideak eta Euskaltzaindiak sustatzen dute, lankidetza-hitzarmen bat medio, Nafarroako euskarari buruzko lanak argitaratze aldera.

Bosgarren liburuki horretan Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lopez-Mugartza irakasleak Erronkari eta Anso bailaretako toponimiaz egin duen doktorego tesia argitaratu dute. Edukia liburuan ez ezik euskarri digitalean ere argitaratu dute. Gainera, kolorezko mapa bat ere egin dute (1:60.000 eskalan), aipatu bi bailaretako toponimoekin. 

Liburuak bost atal nagusi dauzka. Lehenbizikoan egileak aztertu ditu, batetik, gai teorikoak, hala nola lanaren helburuak eta euskararen eta gaztelaniaren mugei buruzko hipotesiak; eta bestetik, metodologia, hau da, galdeketak egindako eremuak, iturriak eta toponimoak transkribatzeko irizpideak. Bigarren atala Nafarroa mendebaldeko historiari eta geografiari buruzkoa da; eta hirugarrena eremu horretako hizkuntzei buruzkoa, hau da, erronkarieraren eta erromanikoaren gainekoa. Laugarren atalean Erronkari eta Anso bailaretako toponimia dago aztertua; eta bosgarrenean corpus toponimikoa, onomastikoa eta morfologikoa daude. 

Orain arte, Mendaur bilduman honako lan hauek argitaratu dituzte: Andres Iñigoren “Jose Maria Satrustegi: ereile eta lekuko”, Pello Salaburu eta Maite Lakarren “Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia”, Peio Kamino eta Patxi Salaberri Zaratiegiren “Luzaideko Euskararen Hiztegia” eta Orreaga Ibarra Murilloren “Erroibarko eta Esteribarko Hiztegia”. 

Toponimian aditua

Juan Karlos Lopez-Mugartza Zaragozan jaio zen. 1985ean Euskal Filologian lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta unibertsitate horretako Euskal Filologiako doktorea da 2006. urtetik. Nafarroako Unibertsitate Publikoan lanean 1990ean hasi zen: orain Euskal Filologia saileko irakasle titularra da eta Hizkuntza, Literatura eta Didaktikari buruzko eskolak ematen ditu.

1990ean Nafarroako Toponimia Batzordean parte hartu zuen eta 1998an Iruñako Udaleko Toponimia Batzordean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkari gisa. 

Argitaratu dituen lan garrantzitsuenak gai hauei buruzkoak dira: Izabako leku izenak; erronkarieraren deskribapena, toponimiaren bitartez; lotuta dauden Pirinioetako hiru eremuak (Erronkari, Anso eta Baretous); eta Erronkariko bailarako oikonimia (etxeen izenak aztertzen dituen onomastikaren adarra), mitoak eta kondairak. 


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa