(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Itzalaldi analogikoa normal gauzatu da Nafarroan osteguna, 2009.eko abenduak 10

Enpresa arloko zuzendari nagusi Begoña Urienek nabarmendu du itzalaldia “gertaera gogoangarria" dela eta foru erkidegoan hasi dela garai digitala


Itzalaldi analogikoa Ezkaban

Itzalaldi analogikoa Ezkabako igorgailuan. ( irudia handitu )

Enpresa arloko zuzendari nagusi Begoña Urienek foru erkidegoan duela 45 urte instalatu zen lehen igorgailua itzali du, Ezkabakoa, hain zuzen. Itzalaldi analogikoa goizeko 10.00etan hasi da, Elomendin, eta normal gauzatu da.

Ezkabako ekitaldian Enpresa arloko zuzendari nagusia izan da buru, eta lau kanal hauen igorpen analogikoa amaitu dute: La Sexta, Canal 4, Canal 6 eta Popular Television. Esan bezala, Ezkabako igorgailua duela 45 urte jarri zuten, ordura arte Aragoitik eta Bizkaitik heltzen ziren Nafarroara telebista seinaleak. 

Begoña Urienek esan du itzalaldi analogikoa gertaera garrantzitsua dela komunikazioen alorrean. Nafarroa da telebista digitalerako behin betiko aurrerapausoa eman duen Espainiako lehen erkidegoa, 45 urte telebista analogikoarekin egin ondoren. 

Gaur, Industria Ministerioko eta Nafarroako Gobernuko sareetako 53 errepikagailuk seinaleak igortzeari utzi diote eta, beraz, 230 udalerrik eta 540.000 biztanlek ez dute seinale analogiko gehiago jasoko. Itzalaldiaren lehen fasea ekainaren 30ean amaitu zen: Erriberako eta Lizarrerriko parte bateko biztanleek (81.000 inguruk) seinale analogikoak jasotzeari utzi zioten. Nafarroako Gobernuak, 2007. urtetik, 10,7 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu LTD ezartzeko: telekomunikazio sareko ekipamendu eta konexioetan, informazio kanpainetan, laguntzetan eta abarretan.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu departamentuko datuen arabera, Nafarroako biztanleen %99,5ek LTD estaldura dauka eta biztanleen %99k ezagutzen du sistema hori. Horren harian, etxebizitzen %93,6 LTD jartzeko egokituta daude; estatuan portzentaje hori %85 da. Beraz, Nafarroa da teknologia berri hori gehien ezarrita dagoen erkidegoa.

Itzalaldiaren ondoren arazo hauek sor daitezke: LTD seinalea ez jasotzea, etxebizitza itzalean dagoelako; antena alderdi okerrera begira edukitzea; telebista egokitu gabe egotea (LTD edo deskodetzailea ez edukitzea); kanalak sintonizatu gabe egotea; konexio haria edo gailuak gaizki egotea. Itzalaldi analogikoak ez dio eragingo euskal telebista publikoari, ETBri alegia, eta orain arte bezala ikusiko da.

Nafarroako Gobernuak itzalaldirako segimendu batzorde bat sortu du, igorpen analogikoen etete prozesua ikuskatzeko eta sortzen diren arazo teknikoak konpontzeko. Batzordeak 25 kide dauzka: Foru Administraziokoak, Opnatel sozietate publikokoak (enpresa hori da Espainiako telebista seinaleen arduraduna) eta telefono bidezko informazio zerbitzukoak.

Nafarroako Gobernuaren LTDko telekomunikazio sarearen osagaiak hauek dira: harientzako 57 telebanaketa gune, seinaleak uhin bidez berriz igortzeko 46 zentro eta antena parabolikoak, seinaleak satelite bidez jasotzeko (estaldura gabeko eremuetara sateliteei esker heltzen da LTD). Alde horretatik, gogoratu Nafarroako Gobernuak laguntzak ematen dituela satelite bidezko hargailuak instalatzeko: etxebizitza bakoitzeko 175 euro, hau da, inbertsioaren %40. Diru-laguntza horien helburua da estaldurarik ez duten tokietan jendeak LTD edukitzea eta, era horretan, landa biztanleak ez baztertzea. Kanpainak 2010. urte amaiera arte iraungo du eta aurrekontua 200.000 eurokoa da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa