(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ben Russellen “Let each one go where he may” dokumentalak irabazi du Punto de Vista jaialdiko sari nagusia, 10.000 eurokoa ostirala, 2010.eko otsailak 12

Jean Vigo saria Los Hijos kolektiboaren "Los materiales" obrak irabazi du; film laburraren saria Lluis Escartinen “Amanar Tamasheq” lanak; eta ikusleek Lucien Castaing-Taylor eta Ilisa Barbashen "Sweetgrass” saritu dute


Punto de Vista jaialdiaren seigarren edizioko sarien berri Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilari Juan Ramon Corpas Mauleonek eman du, gaur goizean. Amaiera ekitaldia arratsaldeko 19.30ean egingo dute, Civivox Condestable zentroan, eta kontseilariak jaialdiko irabazleei sariak emango dizkie.

Nafarroako Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiko epaimahaikideek, Alisa Lebow, Santos Zunzunegui, Jean-Pierre Rehm, Lynne Sachs eta María Palierrek, erabaki dute 10.000 euroko Punto de Vista sari nagusia Ben Russellen “Let each one go where he may” dokumentalari ematea, “kolonia ondoko Surinamen murgildu delako adorez eta grinaz, koreografia zinematografiko berritzailea baliatu duelako eta dokumentalgintzari modu adimentsuan hurbildu zaiolako”.

Ben Russellen dokumentalak hamahiru plano dauzka. Bi anaien ibilbidea egin du, Paramaribo hiriburutik Maroons direlakoen herrietara; Maroons horiek duela 300 urte holandarren kontra matxinatu ziren esklabo afrikarren ondorengoak dira. Arbaso horien aztarnak jarraitzen ditu, baina, herritarrek hiriko abentura globalari ekiteko hartzen duten bidearen kontrako noranzkoan. Hala, joeraren kontrako bidea egiten du eta dokumentalean ikusten dira hiriko jende pilaketa, legez kanpoko urre meatzeak, Maroon komunitateak eta trantze errituak. Helmugan, historiak, naturaz gaindiko gertakariek eta modernitateak talka egiten dute. 

Ben Russell 1976an jaio zen. Era askotako bitartekoak erabiltzen ditu sorkuntza lanean eta txandakatzen ditu pelikula eta zinema jaialdiak, batetik, eta arte instalazio eta galeriak, bestetik. Russellen lanak jarri dituzte, besteak beste, MOMA Museoan, Anthology Film Archives erakundean eta Rotterdameko jaialdian. Arte komisario gisa ere lan egiten du eta Illinoiseko Unibertsitateko irakaslea da Chicagon. 

Zuzendari onenarentzako Jean Vigo saria (5.500 euro) Los Hijos kolektiboko Javier Fernandez, Luis Lopez eta Natalia Marini eman diete, “Los materiales” lanagatik. Epaileen arabera, “modu ausartean konbinatu dituzte hausnarketa historikoa, orainaldiaren kontzientzia eta zinema bitartekoen erabilera”. 

“Los materiales” dokumentalean (Espainia, 2009) zinemagileek Riaño herrian berriki gertatutako gorabehera traumatikoak azaldu dituzte; izan ere, 1987an urtegi bat egin zuten herria urpean geratu zen, bailarako beste zazpi herrirekin batera. Javier, Luis eta Nataliak urte bete eman dute eremua aztertzen.

Los Hijos ikus-entzunezkoak egiten dituen kolektibo bat da. Elkartearen helburua da filmen bitartez esperimentuak egitea eta narrazio ezaren diskurtsoa sakon aztertzea. Taldeko kideak dira Javier Fernandez (1980), Luis Lopez (1981) eta Natalia Marin (1982). 

Lluis Escartinen “Amanar Tamasheq” filmak metraje laburreko film onenaren saria jaso du (3.500 euro), “mezu izugarri politiko bat helarazi duelako begirunez eta autokritika oinarri hartuta, poetika erakargarria duelako eta irudia eta soinua modu oso burutsuan uztartu dituelako".

“Amanar Tamasheq” filmean (Espainia, 2010) gizon bat basamortuan barneratu da, Tuareg herriarekin bizi da eta beste gizon baten ahotsa entzuten du. Gizon horrek aurkitzen duen guztia grabatzeko eskatzen dio. Grabatzeko eta dunez gaindi kontatzeko. Guzti-guztia grabatzeko, nahiz eta ez ulertu eta garrantzizkoena ezkutuan egon”.

Lluis Escartinek (1966) El Armadillo Productions sortu zuen New Yorken. Zeluloideen eta argazkien zaintzaile izan zen Chiapaseko oihan tropikalean eta, gero, OVNI erakusketako erregidore Bartzelonan. Ustekabean, Jonas Mekasekin lan egin zuen eta, ondorioz, argazki kamera utzi, bideo kamera hartu, eta oihan, basamortu eta antzeko leku bakarti eta urrunetan bidaiatzeari ekin zion. 

Azkenik, epaimahaiak Antoine Bouteten “Le Plein Pays” obrari eman dio aipamen berezia (1.250 euro), “soinuari, ahotsari, oihartzunari eta grabazioari arreta berezia eman diolako, nia induskatzen eta lurpetik atera eta sartzen saiatzen den pertsonaia baten bitartez”.

Jay Rosenblatti ere eman diote beste aipamen berezi bat, “The Darkness of day” lanagatik; izan ere “metrajeak begiradaren objektua zehazten du, zeharkatzen duen bide bihurri eta hauskorra bistatik galdu gabe". 

Ikusleek saria (2.000 euro) Lucien Castaign-Taylor eta Ilisa Barbashen “Sweetgrass” filmari eman diote. Filma sartalde amerikarraren elegia da, batere sentimentaltasunik gabea. Filmean ikusten da azken artzain modernoek Montanako Absaroka-Beartooth mendietara nola igotzen diren, ardiek udaran bazka dezaten. Agerian geratzen da natura, kultura, animaliak, gizakiak, klima, paisaia, zaurgarritasuna eta bortizkeria oso lotuta daudela.

Lucien Castaign-Taylor eta Ilisa Barbash zuzendariak eta Harvardeko akademikoak dira. Saiatzen dira artearen anbiguotasuna eta probokazioa uztartzea dokumentalekin eta esperientziarekin. 2001ean Montanan aritu ziren lanean, eta sartaldeko paisaia monumental eta mitologikoak nahastu zituzten soinu pista anizkunekin. 

Azkenik, X Films proiektuen saria Chus Dominguezi eman diote “kontzeptu aldetik proiektu sendoa egin duelako, proposamen formalarekin engaiatu delako eta agindu hutsaz gaindi joateko asmo bizia agertzen duelako".

Chus Dominguez ikus-entzunezkoen errealizadorea da. Errealitateko elementuak hartzen ditu eta narrazio dokumental, esperimental eta poetikoak egiten ditu. Chusek egindako bideo-sorkuntza eta piezak nazioarteko jaialdi ugaritan jarri dituzte. “La sortie” filma, adibidez, Locarnon eta Vila do Conden eman zuten eta, halaber, “Impregnaciones en la señorita nieve y guitarra” aukeratu zuten “D-Generación. Nuevas experiencias subterráneas de la no ficción española” zikloan jartzeko. 

Esan bezala, Punto de Vista jaialdia gaur arratsaldean amaituko da. Aurten jaialdiaren egoitza Kondestablearen Jauregia izan da, Iruñeko Udalari esker. Aurten, gainera, Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuak (NIAZIk) jaialdia gestionatzen parte hartu du, lehen aldiz. Guztira, 5.000 lagun inguru bertaratu dira antolatutako proiekzioak ikustera, Saide, Golem eta Condestable eraikinetara.

Dokumentazioa:
ACTA DEL JURADO.doc
Punto de Vista

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa