(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foruzaingoak 104 kexa eta 45 esker on jaso zituen 2009an osteguna, 2010.eko martxoak 11

Erreklamazioen %13 herritarren alde ebatzi zituzten


Foruzaingoak herritarrentzako zerbitzuari buruzko 104 erreklamazio, 45 esker on eta 4 iradokizun jaso zituen iaz; hori, Foruzaingoaren 2009ko txosteneko datuen arabera.

2008. urtearekin alderatuta, 2009an herritarrek bi kexa gehiago jarri zituzten. Erreklamazioen %13 herritarren alde ebatzi zituzten eta %72 kontra; kasuen gainerako %15ean ezin izan zuten gertatutakoa zehaztu. 

Arrazoiei dagokienez, erreklamazioen %41ean agenteek behar bezalako tratua eman ez izana salatu zuten; %33an ez zeudela ados jasotako zerbitzuarekin; %13an kalitate falta; eta %3an askotariko arrazoiak eman zituzten. Alde horretatik, zenbait erreklamaziotan azaldu dute zirkulazio istripuetako foruzainen txostenekin ez daude ados. Halaber, Belosoko polizia etxe nagusiko bizilagun batek adierazi zuen poliziak erabiltzen dituen frekuentzia inhibitzaileak etxebizitzako hari gabeko gailuak kaltetzen zituela. Erreklamazioen %12 beste erakunde batzuetara bideratu zituzten, edukia ez zetorrelako bat Foruzaingoaren eskumen edo jarduerekin. 

Herritarrek erabilitako bideari dagokionez, kexen %87 Foruzaingoaren Herritarrentzako Arreta Bulegoetan aurkeztu zituzten zuzenean, zenbaitetan zegokien zerbitzuan esku hartutako agenteek proposatuta. Izan ere, kasu horietan foruzainek herritarrei adierazten diete erreklamazioak zein arlotakoak diren, hau da, Foruzaingoan ebatzi daitezkeen (hala bada, formulario bat ematen diete), beste erakunde batzuetara bidali behar diren edo administratiboak edo penalak diren. 2009an, kexen %4 herriaren defendatzailearen bitartez heldu ziren, %2 Nafarroako Gobernuaren beste bulego batzuetatik eta gainerakoak beste bide batzuen bitartez. 

Kexak, esker onak eta iradokizunak Barne Erregimeneko atalak ikertzen ditu. Horretarako, herritarrekin harremanetan jartzen dira, komunikazioa jaso eta 72 orduren buruan, gehienez, eta, kasua aztertu ondoren (bertsioak alderatu, frogak bildu, e.a.), erantzun pertsonalizatu eta arrazoitua ematen dute, hilabete baino gutxiagoan. 

Barne Erregimeneko atala 2005ean abian jarritako kalitate oneko tresna bat da; 2007an indarra hartu zuen, lurralde osoan zabaldu zutenean. Sistema horri esker, Foruzaingoak herritarren balioespenaren berri izan dezake, baita nola hobetu jakin ere, herritarren premiak betetzeko (2005etik 384 kexa jaso zituzten; lehenbiziko urtean kasuen %26 herritarren alde ebatzi ziren). Zehazki, Barne Erregimeneko atalak ikusi du herritarrek egoki irizten diotela Foruzaingoak eskariak aztertzea, kontrako txostena egin badute ere. 

Esker onak eta iradokizunak

Foruzaingoak 45 esker on jaso zituen iaz, aurreko urtean baino %85 gehiago (2008an 25 jaso zituzten). Gehienak erakunde eta kolektiboek bidaltzen dituzte, agenteek gizarte, kultur, kirol eta erlijio ekitaldietan eta herrietako jaietan lan egiten dutelako. Herritarrek 2009an bidalitako komunikazioetan nabarmenena auzi penal baten ondorioz atxilotutako batena da: aske geratu ondoren, agenteei eskertu zien tratu hurbilekoa eta atsegina eman izana eta zegozkien zereginetan modu profesionalean jardutea. 

2005etik 82 komunikazio jaso dituzte, besteak beste, jazarpen kasuetan esku hartzeagatik, gauez etxebizitzetan zarata neurtzeagatik eta jendearen bizitza salbatzeagatik. 2009an jasotako iradokizun guztiak (2008an baino bi gehiago jaso dituzte) bide seinaleei buruzko proposamenak dira. 

Gogoratu beharra daukagu 2009an Foruzaingoak bulego birtual bat jarri zuela martxan eta bulego horretan delitu arinak salatzeaz gain erreklamazioak, iradokizunak eta esker onak bideratu daitezkeela. Bulego birtualean erreklamazioen %4, iradokizunen %79 eta esker onen %10 jaso dituzte.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa