(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak garrantzi kulturaleko ondare higigarrien katalogoa eman dio Erriberriko Udalari osteguna, 2010.eko abuztuak 19

Ekintza hori Nafarroako kultur ondareko ondasun higigarrien katalogoa egiteko lanari dagokio; lan hori Kultura eta Turismo Departamentuak egiten du


Corpas kontseilaria, Erriberriko Udalari herriko garrantzi kulturaleko ondasun higigarrien katalogoa emateko ekitaldian. ( irudia handitu )

Kultura eta turismo kontseilariak, Juan Ramon Corpas Mauleonek, Erriberriko garrantzi kulturaleko ondasun higigarrien katalogoaren ale bat eman dio Erriberriko alkate Maria Carmen Ochoa Canelari; katalogoak 129 fitxa dauzka.

Ekintza hori Nafarroako kultur ondareko ondasun higigarrien katalogoa egiteko lanari dagokio eta lan hori Kultura eta Turismo Departamentuak egiten du. 2008an, zehazki, Erriberriko Udalaren garrantzi kulturaleko ondasun higigarriak katalogatu zituzten.

Erriberriko Udalaren funtseko elementu garrantzitsuena bisita gutunen bilduma da: XX. mende hasierako jendearen 83 argazki dauzkate. Bilduma hori iraganaren berri izateko interesgarria da; gainera, argazkiak nafar kulturaz kanpoko argazkilari atzerritarrek egindakoak dira.

Nabarmentzekoak dira, baita ere, Erriberriko Errege Jauregiko igeltsu lan gotikoen zazpi zati eta Santa Brigidaren taila, XVI. Mendeko egurrezko obra errenazentista, urre koloreko eta polikromatua. Erriberriko ermita Santa Brigidaren omenezkoa da.

Dauzkate, baita ere, udal bizitzarako funtsezko ondasunak, besteak beste: hautestontzia, herri ondasunak esleitzeko ontzia, zutoihalak, intsigniak, bostekoak tailatzeko marka, udal bandaren musika tresnak, eta zilarrezko udal mazo errenazentista, XVI. Mendekoa, Hernando de Oñate zilargile iruindarrak egina. Mazo hori Nafarroan gaur egun dauden udal mazoetan zaharrenetako bat da, ikonografia eta apaingarri aldetik oso aberatsa.

Hernando de Oñatek tailerra eduki zuen Erriberrin, XVI. mendeko bigarren erdiko zilargile nafar garrantzitsuenetako bat izan zen; lan ugari egin zituen arren gaur egun gutxi dauzkagu. Mazoak ikonografia erlijiosoa dauka; horrek esan nahi du, beharbada, jatorriz ez zuela Erriberriko errejidoreen aginduz egin, baizik gero heldu zela Udalaren eskuetara (XIX. mendeko konfiskazio eta desamortizazioen ondorioz, agian).

Nafarroako kultur ondareko ondasun higigarrien katalogoa

Nafarroako kultur ondareko ondasun higigarrien katalogoa jakintza tresna bat da; Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean dago jasoa, 50. artikuluan.

Lege horren arabera, Foru Administrazioak kultur ondarea ikertzen jarraitu behar du, zehazki kultur balioa duten ondasun higigarriak. Hala, azterlan garrantzitsuak egiten ari dira, ondasunen titulartasun juridikoa dena delakoa ere.

Nafarroako Monumentuen Katalogoan lanaren parte handi bat egin zuten. Azken urteetan, ordea, ondasun garraiagarri, ezkutu eta sakabanatuak aztertzen ari dira.

Horretarako, Nafarroako Unibertsitateko Arte Sailaren zerbitzuak kontratatu zituzten 2006an; sail horrek egin zuen, hain zuzen, Nafarroako Monumentuen Katalogoa. Sailak, gainera, Nafarroako Ondare eta Artearen Katedra dauka, baita ondasun higigarriak ikertzeko, kokatzeko eta katalogatzeko gaituta dauden adituak ere. Ondasun horiek, gero, Nafarroako kultur ondareko ondasun higigarrien katalogoan sartuko dituzte. Orain katalogoak 1.954 fitxa dauzka.

Nafarroako kultur ondareko ondasun higigarrien katalogoan udal ondareen ildoa sustatu dute.

Alde horretatik, 2007an Lizarrako Udaleko ondasunak katalogatu zituzten (53 fitxa) eta 2008an Erriberriko Udalekoak (129 fitxa) eta Tuterako Udalekoak (230 fitxa). Urte hartan Iruñeko Udaleko Sarasate ondarea ere katalogatu zuten (387 fitxa).
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa