(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nazioarteko Lankidetzak 761.291 euroko diru-laguntzak eman ditu Ekuador, Honduras eta Perun turismo arduratsua sustatzeko proiektuetarako osteguna, 2010.eko abuztuak 26

Hala jaso da Sphera aldizkariaren azken zenbakian, "Con la solidaridad en las maletas" izenburupean


Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak argitaratutako 'Sphera' aldizkariaren azala.

Nafarroako Gobernuak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren bidez, 2007. urtetik 761.291 euro inbertitu ditu Ekuador, Honduras eta Perun hiru proiektu garatzeko. Modu horretan, herrialde horietako tokiko ekonomiek turismo baliabideak modu jasangarrian erabil ditzakete, beharrizanik handiena duten pertsonei aberastasuna emanez, natura errespetatuz beti. Hala jaso da Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak argitaratutako Sphera aldizkariaren zazpigarren zenbakian, oraingoan "Con la solidaridad en las maletas" izenburupean.

Aldizkariaren arabera, herrialde batzuetan, turismoak herrietan hazkundea eta garapena ekarri behar zituela pentsatu arren, igurukimen horiek ez dira bete, bisitarien diruak ez baitu eraginik izan tokiko ekonomietan. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak 2007tik aipatu kopurua eman du hiru proiektu horietarako, turismo arduratsua bultzatzen laguntzeko.

Ekuadorren ezarritako proiektua Proclade Yanapay fundazioak garatu du. Hiru arlotan egin da lan (turismoa, nekazaritza eta eskulangintza) Amazonasgo bi komunitateren bizi baldintzak hobetzeko. Jardunak Nafarroako Gobernutik 539.788 euro jaso ditu 2007tik. Diru horren bidez turismo konplexua eraiki, herritarrak trebatu eta marketina egin da. Horri guztiari esker, bisitariari kichwa kulturarekin elkarbizitzeko esperientzia eskaini zaio natura espazio batean eta, gainera, inguruko herritarrek diru-sarrerak lortu ahal izan dituzte gida turistiko moduan lan eginda. Horrez gain, proiektuak sortutako etekinak erkidegoa garatzen inbertitzen dira.

Proclade fundazioak Hondurasen ere beste proiektu bat du eta horretarako 151.587 euroko diru-laguntza jaso du. Fundazioak familiako enpresa-ekimenak babesten ditu mendiko eta hondartzako turismoa bultzatzeko herrialdeko kostalde atlantikoan. Modu horretan, proiektuari esker, 150 familiak oinarrizko beharrizanei aurre egin ahal izan diete modu autonomoan eta, era berean, jomuga turistiko bihurtzen diren inguruak zaindu ahal izan dira.

Marketina Perun

Aldizkariaren arabera, Nafarroako Gobernuak iaztik 69.916 euroko diru-laguntza eman du Perun Nafarroako Unbiertsitatearen lan bat garatzeko. Horren bidez, marketin estrategia bat garatu da Peruko landa-turismo sortu berria bultzatzeko, bisitariak erakarri ditzaketen tokiko ekimenak bertan behera geratu ez daitezen merkaturatze teknikak ez izateagatik.

Sphera aldizkarian Sodepaz GKEk lantzen dituen turismo-aukerak ere azaltzen dira. Turismo komunitarioaren zortzi jomuga eskaintzen dira: Nikaragua, Ekuador, Argentina, Mexiko, Peru, Bolivia, Palestina eta Kuba.

Horrez gain, aldizkariaren zenbaki honetan irakurleak garapenerako lankidetzarekin lotutako beste gai batzuk ere aurki ditzake, hala nola duela gutxi Elkartasunaren Vianako Printzea Saria jaso zuen Creative Handicrafts elkarteari buruzko erreportajea; banku etikoari buruzko artikulua, Iñaki Elejalde Guerra Nafarroako FIARE elkarteko kidearena; Intermón Oxfamek Guatemalan indarkeria matxista errotik kentzeko garatzen duen proiektuari buruzko erreportajea; eta Nafarroako Gobernuaren Joan, parte hartu eta kontaiguzu proiektuari buruzko lekukotza batzuk, hori dela bide 28 gaztek nazioarteko lankidetzaren proiektuak munduan lehen eskutik ezagutu baitituzte.

Dokumentazioa:
Boletín Sphera nº 7

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa