(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

400 pertsona baino gehiago ari dira Pirinioetako Autobiako lanetan asteartea, 2010.eko irailak 28

Azpiegitura horretako 4. eta 5. tarteetako lanak aurreikusitako epeen arabera garatzen ari dira


Alba kontseilaria Pirinioetako Autobian

Alba kontseilaria Pirinioetako Autobiako teknikariekin eta langileekin. ( irudia handitu )

Laura Alba Cuadrado Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak gaur goizean Pirinioetako Autobiako lanak bisitatu ditu, Nafarroako zatian.

Bisitan azpimarratu duenez, "emakidadunak jarritako baliabide materialei eta giza baliabideei esker, 434 langile, 50 hondeatzaile eta 100 kamioi eta ibilgailu laguntzaile baino gehiago baitaude, eta aurtengo udan egin duen eguraldi onari esker, lanak erritmo onean egin dira eta ezarritako epeak bete dira. Pirinioetako Autobiako lanak Nafarroa 2012 Planaren eraginkortasunaren adibide ona dira. Hain zuzen ere, Planaren xede nagusia enpleguari eustea eta ekonomia dinamizatzea da, gure Komunitaterako azpiegitura estrategikoak eraikitzeaz gain".

Pirinioetako Autobiako 4. eta 5. tarteek 16,6 kilometroko luzera dute. Bi tunel, tunel faltsu bat eta hiru bidezubi eraikiko dira (bata Irati ibaiaren gainean eraikiko da, eta beste biek Esa urtegiaren etorkizuneko zabalkuntza zeharkatuko dute). Nafarroako Gobernuak 2009ko uztailean bi tarte horietako lanak, itzaleko bidesariaren sistema erabiliz, Iridium Concesiones de Infraestructuras SA, Construcciones Mariezcurrena SL eta Construcciones Luciano Elcarte SL enpresek osatutako ABEEri esleitu zizkion. ABEE horrek autobiaren Nafarroako tarte osoaren kontserbazioaren gaineko ardura ere izango du. Obra berrian egin beharreko inbertsioa 222.085.119,3 eurokoa da.

4. tarteko lanak, Judasen Benta-Esa, joan den ekainaren 1ean hasi ziren, eta 5. tarteko lanak, Esa-probintziako muga, 2009ko irailean hasi ziren.

5. tarteko Esako tuneletako (tunel bikoitza, hodi bakoitzak 1.613 metro dituela) lanak nahiko aurreratuta daude, eta eguneko 24 orduetan lan egiten ari dira, 8 orduko txandetan (larunbat arratsaldeetan eta igandeetan izan ezik). Zehatz esanda, Iruñearen aldetik, eskuineko aldean 676 metro hondeatu dira, eta ezkerreko aldean 440 metro; Jacaren aldetik, eskuineko aldean 577 metro hondeatu dira, eta ezkerreko aldean 296 metro. Bi kasuetan, Austriar Metodo Berria aplikatu da (zulatzea, leherraraztea, eustea, sareak, zertxak eta buloiak, lurzoruaren ezaugarri geoteknikoen arabera). Batez besteko errendimendua 2,5-3 eztanda/egunean hodi bakoitzeko da, hau da, hodi bakoitzean egunero 6 eta 11 metro bitartean egiten da aurrera. Horrez gain, 2. bidezubiko zutabeak eta estribuak egiten ari dira, eta 1. bidezubiko 1. estribuaren eta 3. eta 5. zutabeen zimendatze lanak egin dira.

Bestalde, Ledeako tuneletan, 4. tartean, Iruñeko aldetik hondeatzen ari dira. Jacako aldetik mikropiloteen pantaila egin da eta ezponda egonkortzeko lanak egiten ari dira. Irati ibaiaren gaineko bidezubian zutabeak zimendatzeko lanak hasi dira.

Autobiaren bi tarte horien luzera osoa 16,6 kilometro da. Bi galtzada izango dituzte, 3,50 metroko bi lerrorekin bakoitza, eta erdian 5 metroko zabalerako erdibitzailea izango dute. Autobiaren tarte hau trazadura berrikoa da, N-240 errepidearekiko independentea. Azken hori zerbitzubide moduan geratuko da.

4. tarteak 10,1 kilometroko luzera du. Judasen Bentaren inguruan hasten da, N-240 eta NA-150 errepideen arteko bidegurutzearen ostean, eta Esa udalerrian amaitzen da, leku horretan hurrengo tartea hasten baita. Lehenengo tarte horren barruan hiru lotune daude: Pirinioetako Ataria, Ledea mendebaldea eta Ledea ekialdea. Gainera, hurrengo hauek eraikiko dira: azpiko hiru igarobide, goiko igarobide bat, faunarentzako igarobide bi; 200 metroko luzerako bidezubia Irati ibaiaren gainetik; tunel faltsu bat (240 metro) Ledeako harrobien inguruan, eta Ledeako tunela (920 metro), tunel bikoitza (hau da, bi hodi, bat galtzada bakoitzeko).

Bestalde, 5. tarteak 6,5 kilometroko luzera du. Esan hasi eta Zaragoza probintziako mugan amaitzen da. Leku horretan, Sustapen Ministerioari dagokion tartearekin lotuko da. Tarte honetan, hurrengo hauek eraikiko dira: azpiko hiru igarobide eta goiko igarobide bat, 1.613 metroko tunel bat (Esako tunela, tunel bikoitza, hodi bat galtzada bakoitzeko); eta bi bidezubi (495 eta 145 metro, hurrenez hurren) Esa urtegiaren etorkizuneko zabalkuntza zeharkatzeko.

Horrez gain, lotune bat aurreikusi da, Esako lotune izenekoa, N-240, NA- 2113 (Leireko monasteriora doana) eta NA-5410 (Xabierrera doana) errepideekin lotura egiteko, eta hiru igarobide autobiaren azpitik: bat Esako lotunean, beste bat Erronkariarren Errege Abelbidea berriz jartzeko eta hirugarren bat bide bat berriz ezartzeko. Goiko igarobide bat ere egongo da, Pullizaleko bidea berriz jartzeko, eta aldi berean, faunaren igarobide moduan funtzionatuko du.

Lanen barruan, ukitutako zerbitzuak berriz jarriko dira eta N-240 errepidean eta Leirera doan NA-2113 errepidean zirkulazioa bermatzeko nahitaezko lanak egingo dira, lanek ukitutako tarteetan.

Pirinioetako Autobiak Nafarroan 46 kilometro ditu eta gaur egun 29,4 irekita daude, hau da, Foru Komunitatearen eskumeneko trazaduraren %64.


 
Dokumentazioa:
Estado de la A-21

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa