(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Pilotaren Ibilbidea jarri du martxan Kultura eta Turismo Departamentuak osteguna, 2010.eko urriak 7

Turismo, kultura eta kirol ibilbideak Nafarroako 39 herri hartzen ditu


Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo Departamentuaren bitartez eta Nafarroako Pilota Federazioarekin elkarlanean, Pilotaren Ibilbidea jarri du martxan. Turismo, kultur eta kirol ibilbide bat da eta foru erkidegoko 39 herri hartu ditu.

Ekimen hori gaur goizean aurkeztu du Juan Ramon Corpas kontseilariak, Iruñeko Labrit frontoian.

Ibilbidean hiru motako 47 seinale euskarri daude, lau hizkuntzatan:

euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Batetik, informazio panelak jarriko dituzte, dauden ibilbideen mapa eta informazio orokorra eta herriko informazio zehatza emateko. Zehazki, 1,6 x 1,2 metroko panelak jarriko dituzte Cabanillas, Doneztebe, Elizondo, Leitza, Lesaka, Mezkiritz, Iruña eta Zangozan.

Bestetik, 15 plaka jarriko dituzte, 0,3 x 0,4 metrokoak, Altsasu, Arraioz, Arroitz, Eratsun, Erratzu, Goizueta, Uharte, Ibero, Irurita, Luzaide, Orotz-Betelu, Iruñean (hiru frontoi hauetan: Mañueta, Euskal zaharra eta Mendillorriko trinketa), Erronkari eta Sunbillan.

Azkenik, 0,2 x 0,2 metroko 24 plaka txiki jarri dituzte herri hauetako frontoietan: Agoitz, Aurizperri, Azpilkueta, Baraibar, Beorburu, Cortes, Elbete, Elizondo (Antxitonea trinketa), Etaio, Larraga, Larraintzar, Latasa (Imotz), Lekunberri, Lerin, Muzki, Narbarte, Oitz, Olatzagutia, Atarrabia eta Iruñean (Lopez, Los Fosos Jai Alai eta Arrotxapea frontoietan eta Tenis eta Oberena trinketetan).

Ibilbideak sei zona dauzka.

Lehenbiziko zonan, "Ibilbide atlantikoetan", hiru ibilbide daude. Lehenak hartzen ditu Arraioz, Elizondo, Elbete, Azpilkueta, Irurita eta Erratzu; han, torneoak egiten dituzte joko zuzena zertan den erakusteko, hori baita pilotaren jatorria. Bigarrenak hartzen ditu Narbarte, Doneztebe, Oitz, Sunbilla eta Lesaka. Narbarten trinketa dago. Donezteben frontoi luzea, Bear-Zana plaza; plaza horretan dagoen eskuzko mekanismo batekin, paretaren parte bat errebote mugigarri bihurtzen zuten, bira emanda. Oitzen pilota luzea hain dago sustraitua, Eskularru Lehiaketako partidak egiten dituztela. Sunbillan, udaletxeko arkupean biltzen ziren herriko pilotazaleak. Baita Lesakan ere: han, udaletxeko arkupean hasten ziren pilotan jokatzen.

Hirugarren ibilbideko herriak dira Eratsun, Leitza eta Goizueta.

Hiru herri horietan eskupilotari ospetsuak jaio dira. Retegi anaiak, adibidez, Juan Ignacio Retegi (Retegi I) eta haren iloba Julian (Retegi II), Eratsunen jaio ziren eta eskuz eskuko lehiaketa asko irabazi zituzten, 70. hamarkadatik 90. hamarkadara.

Leitzan ere pilotari askok ikasi dute pilotan jokatzen plazako frontoian, eta gero profesional gisa aritu dira.

Bengoetxea eta Barriola familiak dira, esaterako, pilotak herrian dituen erroen isla. Goizuetakoak dira, adibidez, Olaizola pilotariak.

Bigarren ibilbidea, "Txokoak eta Sakana", herri hauetatik pasatzen da: Larraintzar, Beorburu, Latasa, Lekunberri, Baraibar, Altsasu eta Olatzagutia.

Herri horietako arkitekturan frontoia erabat integratua dago eta horrek adierazten du pilotak garrantzi handia duela bizitzan eta eguneroko jardueretan.

Hirugarrenak, "Pirinioetako sustraiak", bi ibilbide dauzka.

Lehenak hartzen ditu Mezkiritz, Aurizperri, Luzaide eta Orotz-Betelu. Eta bigarrenak Agoitz, Zangoza eta Erronkari. Agoitzen hasi zen Patxi Eugi pilotan, Toki-Eder frontoian. Zangozako San Miguel auzoan jokatutako pilota partida bati buruzko da Nafarroan pilota partiden inguruko lehenbiziko idazkietako bat. Udaletxeko arkupea izan da pilotan aritzeko ohiko lekua, frontoi berriak eraiki dituzten arte. Erronkariko frontoia Julian Gayarrek oparitu zien herritarrei.

Laugarren ibilbidea "Iruña eta Iruñeko eskualdea" da, eta herri hauek osatzen dute: Iruña, Atarrabia, Uharte eta Ibero.

Nafarroako hiriburuan pilotazale asko dago eta Labrit frontoia dute egoitza nagusi. Uharte eta Atarrabia Iruñetik gertu daude. Atarrabian dago 1931n eraikitako Atarrabia frontoia. Juan Martinez de Irujo banakako eskulari txapelduna Iberokoa da.

Bosgarren ibilbidea da "Lizarrerri eta erdialdea"; ibilbide horretan daude Erriberri, Larraga, Lerin, Arroitz, Etaio eta Muzki.

Erriberriko Errege Jauregian pilotarako kantxa bat zegoen eta XV. mendean jokoan aritzen ziren errege nafarrak. Larragako 56 metroko frontoia munduko luzeena izan zen Miamikoa eraiki zuten arte. Lerinen, frontoia egiteko harresia aprobetxatu zuten eta, bitxia bada ere, pareta eskuinaldean geratzen zaie pilotariei. Abrego erremonte jokalari bikainak Arroitzen ikasi zuen. Beste leku batzuetan frontoian soilak dira, herritarren premien araberakoak, Etaio eta Muzkin kasu.

Azkenik, "Erribera" izeneko seigarren ibilbideak hartzen ditu Cabanillas, Cortes eta Fitero.

Nafarroako zesta-punta eskola ospetsuena Cabanillasen dago. Nafarroako sarbidean, Cortesen, bi frontoi daude eta pilota lehiaketak egiten dituzte. Garai batzuetan, erlijio gizonak ere aritzen ziren pilotan: Fiteroko monasterioan, adibidez, XVI. mendean, fraideak pilotan aritzen ziren bai monasterio barruan, bai kanpoan.
Dokumentazioa:
Objetivos e historia

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa